lizar begona

Apunte deslaiak idazketaz

2026ko otsailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Grazia egin zidaten Mary Oliverri A Poetry Handbook (1994) liburuan irakurri nizkion lerrook:

I. Jende sortzailea despistatua, zentzubakoa eta arduragabea da ohitura eta betebehar sozialekin. Eta horrela behar du izan. […] Zurekin hiruretan hitzordu bat badut, poztu zaitez berandu heltzen banaiz. Are gehiago poztu zaitez iritsi ere egiten ez banaiz.

Hori artista baten definizioa baino, azal lodiko eta lotsa gutxiko baten deskribapena dela pentsatuko du askok. Jende inpuntualaren sasi-justifikazio agiria. Baina National Book Award eta Pulitzer Poesia Saria irabazitako batek idatzitako berbak direnean, funtsa eta sinesgarritasuna hartzen du kontuak.

Idazketaren eldarnioan sartuta, «mundu arruntaz» ahazten da bat. Horrela izendatzen du Oliverrek «helduon» mundua. Lanez eta eginbeharrez jositako hori. Kotxeko inspekzio teknikoak badu egun konkretu bat egutegian, platerak egunero garbitu behar dira, emailak erantzun, laneko bileran agertu, kontratuak sinatu, agiri ofizialak eskatu, bankuko kontuak gestionatu… arropa garbitu, arropa lehortu, arropa tolestu, arropa jantzi, arropa garbitu, arropa lehortu… arnasa.

Beste zatitxo hau ere post-it batean apuntatuko nuke:

II. Geure animalia-gorputz zaharrak arreta eskatzen duenean, zein ameslarik ez ditu ameskeriak alde batera utzi behar eta supermerkatua itxi baino lehen korrika jaitsi, goserik pasatu nahi ez badu?

Idazketaren eldarnioan «gorputz zaharraz» ere ahazten da bat. Errutinaren exijentziek eta gorputzaren beharrek artista bere lanetik erauzten dutela dio idazle estatubatuarrak. Eta «mundu normala»k eta idazlearen baitako «mundu sortzailea»k etengabe talka egiten dutela aipatzen du.

Oliverrek «normal» eta «arrunt» kategoria esleitzen dio egunerokoari. Ba omen dagoelako beste mundu apartekoago eta jasoago bat. Sorkuntzaren territorio basatiez mintzo da; idazketa lanaz, ofizioaz, bizioaz eta plazeraz. Edertasunaren bilaketa alderraiaz.

Idazlearengan aldi berean hiru identitate bizi direla aipatzen du: Ni biografikoa, Ni sortzailea eta Ni unibertsala. Eta poema onak hiruren arteko orekatik idazten direla dio.

Ilargian edo Marteko lurretan bizi direnen begi galduen atzean zerbait dagoela badakit. Ze sortzailearen begiradak bestelakoa behar du izan. Arrunkeriaz haratago ikusi behar du

Ni biografikoa edo soziala pertsona konkretua da. Norbere historia, emozioak memoria eta esperientziari erreferentzia egiten diona. Ni sortzailea kontzientzia teknikoa eta estetikoa da; erritmoa, forma, irudia eta egiturari behatzen diona (idazketaren diziplina eta ofizioa, finean). Eta Ni unibertsala, aldiz, pertsonaletik haratago doan begiradari deritzo, eternitate gosez dagoen identitateari, edonork errekonozitu lezakeen ahots bati.

Baina unibertsaltasuna ez da «gizadia» bezalako kontzeptu lodiez idaztea. Baizik eta gauza konkretu txikienari (haize ufada bati, giza zirko honen aldamioari, karakolen arrasto umelari, larre urdinei, fruta-dendako saltzailearen keinu zehatzari, Eroskiko arrainen begiei, edo hiriko izkinatxoan hazten ari den txikoria belarrari) berebiziko arreta jartzea. Norbere esperientziarik espezifikoenak komunak ere badirelako, eta idazketak, besteak beste, eman lezake atentzio zorrotz eta delikatu horretarako espazio bat.

Baina mundu arruntak lekua eta denbora eman behar dio begirada aske horri:

III. Sorkuntza lana bakartia da. Etenik gabeko kontzentrazioa eta arreta eskatzen duena. […] Begiratzen dabilen begi arrotzik ez, xede duen egia horri forma eman arte […]. Noraezean ibiltzeko espazio ireki baina isolatu bat.

Ez nator inpuntualitatea justifikatzera, ez nator jende despistatuaren hanka-sartzeak arrazoitzera, ez desordenatu kronikoaren kaosa zuritzera. Baina Ilargian edo Marteko lurretan bizi direnen begi galduen atzean zerbait dagoela badakit. Ze sortzailearen begiradak bestelakoa behar du izan. Arrunkeriaz haratago ikusi behar du. Errekaduak eta buruhauste mundutarrak ez dira lehentasun ametsen lurraldeetan. Mary Oliverrek berak ere esaten zuen moduan, «munduak zapatari beste ameslari» behar ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA