elixabete garmendia lasa

Atzean geratutakoak

2024ko apirilaren 11
05:00
Entzun

Atzenduta neukan erabat Luhusoko afera, memoriaren zirrikituren batean galduta, harik eta joan den astean Beatrice Molle eta Txetx Etxeberri Parisko Zigor Auzitegian agertu ziren arte, egun pare bat iraun zuen epaiketan. Maiatzaren 16an jakinaraziko omen du epaileak erabakia, 2016ko abenduaren 16an (zenbat hamasei!) Luhusoko Errekartea etxean hasi zen —edo lehertu zen— ekintza hari buruz.

Kontua da urte batzuk lehenago izan nintzela Luhusoko Errekartean, Ximun Harani elkarrizketa egiten, ETB-1eko Postdata erreportaje laburren saiorako. Botikari ofizioz, pilotari puntakoa afizioz, eta politikari jeltzale eragile gisa, Ximun Haranek bazeukan zer kontatua. Ordurako ezaguna nuen haren bikotekidea, Beatrice Molle kazetaria. 2016ko abenduaren 17an Luhuson atxilotutakoen zerrenda begiratu eta beste batzuk ere ezagutzen nituen: Txetx Etxeberri, Mixel Berhokoirigoin —ELB sindikatuko kide eta Laborantza Ganbarako presidentea— eta Mixel Bergouignan, Baigorriko mahastizaina; tamalez, sasoian zenduak azken biak. Hirurak elkarrizketatu nituen noizbait Postdata-rako. (2009an, PSEko Patxi Lopez lehendakari bihurtu eta Euskal Telebistan agintari berriak jarri zituztenean, berehala kendu zuten Postdata saioa. Eguraldiaren mapa murriztu zuten bezalaxe). 

Noan harira, bakegileen mugimendura. Ez dakit bere garaian jabetu ote ginen ETAren armagabetzea gizarte zibilaren bidez egin izanaren garrantziaz. Lehenengo eta behin, efizientziaren eta segurtasunaren aldetik egin beharra zegoelako: nork nahi du armategi bat auzoan edo mendi zuloan? Bakearen artisauek egin zutenak badu, ordea, haragoko zentzua eta muina: gizartea ahalduntzeko ariketa sendo eta ausarta izan zen. Eta aldi berean, balio sinboliko handiko ekintza askatzailea.

Astelehenean bete ziren zazpi urte armagabetzearen egunetik, 2017ko apirilaren 8an egin baitzen. Bakearen artisauek egun osoko egitaraua antolatu zuten Baionan. 172 boluntario aritu ziren zuloen bilaketan; zortzi ziren, gehienak Biarno aldean, eta hiru euskal lurretan: Barkoxen, Senperen eta Zuberoako Etxarrin. Bildutakoa: 120 arma, munizioa, hiru tona lehergai... Frantziako poliziak jaso zuen material guztia. Eguneko ekitaldi nagusian —arratsaldeko hiruretan, goiz samar hegoaldekoontzat— San Andres plaza gainezka zegoen. Denok batzen gintuena: poza, poz kolektiboa, emozioak eta iraganaren oroitzapenak eragiten zuen malko iheskorren batekin nahastuta. Tira, buruzagi jeltzale batek bestelako ikuspegia eman zuen egun hari buruz: Baionako jardunaldia baino ekintza garrantzitsuagorik izan zela zapatu hartan, hain zuzen ere Bilboko metroaren hirugarren linearen inaugurazioa.

Batzuetan albisteak arrapaladan etortzen dira, pilatu egiten dira, elkarri tokia kenduz. Athleticen ospakizunerako gabarraren prestaketa zen albiste nagusia astelehen goizean, eta eguerdian beste mota bateko berriak harrapatu zuen euskal gizartea: Ardanza lehendakari ohiaren heriotzak. Hamalau urte egin zituen Jose Antonio Ardanzak Ajuria Enean, eta bere agintaldiko ekimenik aipatuena Ajuria Eneko Ituna izan ohi da, hain zuzen ere. Bada, ordea, biografia ofizialetan apenas ageri den bestelako istorio bat. Ahotsak bildumarako 2017an egindako grabazioan, kontatzen du Ardanzak nola 60ko hamarkadan, Deustuko Unibertsitatean ikasten ari zela, erdi-klandestino ibili behar izan zuen pare bat urtez, EGIko militantea zelako. Eta, bide batez, esplikatzen du nola poliki-poliki euskara batuaren aldeko hautua egin zuen, Mitxelena eta Villasante bezalako adituek eskaintzen zuten bermeari esker. Ardanzaren erretratu ohikoenari falta zaizkion pintzelkada parea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.