Pauline Guelle

Azken dantza

2026ko ekainaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken dantza hau... Etorri da, beraz, partitzeko tenorea. Udak atea jo zuen eta kronikariak haizatu. Baina ez da bakarrik orri horren itzultzeko momentua, ez bainaiz itzuliko irailean. Nahiz eta hitzak airean ez diren sekula debalde, airezko hitzek ez dute balio. Orduan idazten hasten jakin behar den bezala, idazteari uzten ere jakin behar da.

Lehenik, espazio mentala. Hau da zure buruak idazten pentsatzeko eskaintzen duen lekua. Horrela irudikatzen ahalko litzateke toki imajinario hori, zure burumuinaren izkina batean kokatzen dena. Sorkuntzara dedikatua den leku horretan balitzateke lekuño bat idazteari pentsatzeko. Ideia bati eta haren garapen idatziari pentsatzeko den xokoa. Batzuetan garapen zientifikora joango dena edo, hobeki erranik, metodo zientifikora joko duena. Beste batzuetan, aldiz, sorkuntza literario askeago bat xerkatuko duena —baztertu gabe literaturak ere badituela bere metodoak—.

Hala pentsatuz segurtasuna ematen dio ariketari. Zure burumuinak leku hori baduela pentsatzeak babesten zaitu idazteko beldurretik. Orduan, imajinatzen duzun toki horri, nahi gabe, konfiantza egiten diozu edozer idazteko. Gai izanen zara produzitzeko zure burua diseinatua delako etengabe horretara dedikatzeko. Segurtasun asmatu horrek pribilegiatua bilakatzen zaitu: gaitasun hipotetiko bat duzula eskaintzen dizulako. Ametsetako espazio hori asmatua dela ohartu arte; eta ez duzula inoiz segurtasun osorik idazteko bidea atzemateko.

Frantses funtzio publikoan lan egiten dutenek iritzia emateko eskubidea murriztua dute. Funtzionarioen hertsadurak ez dira horretan mugatzen; adibidez, neutralitatea, diskrezioa eta kasu batzuetan sekretu profesionala eskatzen dira

Bigarrenik, erreserba betebeharra. Edo administrazioak atzeman duen moldea bere agenteak zentsuratzeko. Hots, frantses funtzio publikoan lan egiten dutenek iritzia emateko eskubidea murriztua dute. Funtzionarioen hertsadurak ez dira horretan mugatzen; adibidez, neutralitatea, diskrezioa eta kasu batzuetan sekretu profesionala eskatzen dira. Bai lanean baita lanetik kanpo ere. Ahots kontrolatua bilakatzen da, beraz, edozein agente publikorena. Estatuarentzat administrazio publikoaren bidez antolatua den isiltze orokor horrek burumuinak kontrolatzen ditu. Bereziki goi funtzioetan lan egiten dutenentzat: haien kasuan zigor handiagoa litzatekeelako ez balute erreserba errespetatzen.

Pixkanaka, erreserba betebeharrak gure espazio mentala xurgatzen du. Egunez egun, gure sorkuntzarako toki berezi haren bidea mozten da. Inguruak egiten dira iritsi arte. Ez baita gehiago mekanismo klasiko bat izan behar ideiatik garapenera eta idaztera. Gure burumuinak hain dira malguak, non informazioa laster digeritzen duten. Gero, mekanismo berriak plantan ezartzen dituzte, adaptazioan, nork bere burua babesteko. Inkontzienteki pentsatzeko manera berri batera bideratuak gara. Indar administratiboek probokatu nahi duten norberaren pentsatzeko manera sotila bezain azkarra da. Etengabeko zalantza eta duda sortzeko aparatua dugu parean. Horretarako, energia eta kontzientzia bikoitza garatu beharko litzateke buruak babesteko; eta sustut, norbanakoak bere espazio mentala atxikitzeko. Espazio mentala eta askatasuna, biak galtzen direlarik, hobe dugu iritzi publikoen idaztetik erretiratzea.

Hala ere, azken dantza hau, ez da sekulako...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA