Nire aitaren etxea/ heredatuko dut./ Ez inoren kontra/ ez ezeren alde/ heredatu eginen dut/ nire aitaren etxea./ Galduko dut/ ezer gutxi/ ezpada aldarriren bat edo beste/ baina nire aitaren etxea/ heredatuko dut./ Plusbalioarenak kenduko dizkidate/ (udal plusbalioa, ez marxtarra)/ notaritzakoak kenduko dizkidate/ zergak ezarriko dizkidate/ eta halere heredatuko dut/ nire aitaren etxea./ Ni hilen naiz/ nire arima galduko da/ askazia ez dakit zer den/ baina nire aitaren etxeak iraunen du zutik/ (seguruenik beste norbaiten eskuetan). Barka ganberrokeria, baina Arestiren heriotzaren urteurrenean ikusita, poeta euretarra dela hainbestek nola defenditu duen, Akademia, Euskaltzaindia, euskalgintza, elkarteak, gazte komunistak…, guztiak arestitar harrietaherriketarrak, guztiak poetaren, intelektualaren, marxistaren, agitadorearen, euskarabatugilearen oinordeko beren burua izendatuta, bada oinordetzan hartzen diren beste gauza batzuekin akordatu naiz. Eta gorazarre dena epikaz, aldarri transzendentalez, mesianismo apur batez, musaje serioz harriaren zama bizkarrean baleramate bezala sumatuta, bada gatz amiñi bat bota nahi izan dut, alo hau da fandango, biba berango.
Gurasoen etxeak heredatzea edonori gerta dakiokeen gauza da, bestalde; (ia denek) heredatzen ditugu, konstatazio bat baizik ez da, ez me too inmobiliario bat (besterik da etxe hori gero apartamentu turistiko bihurtu edo unibertsitate-ikasleei alokatzen dietenena, gelaka kobratuz, pisuagatik 1.400 eusko hilero poltsikoratuz eta uda libre AirBnBri enkargatzeko).
Poemari eragin diodan triskantzak eboluzio bat adierazi nahi zuen, Aresti Segurolak idatzi zuenean the times hasiak ziren changing, eta gaur gauzak horrelaxe daude, horrela ez badira ere. Eta gu geu ere aldatu gara, madarikatuak akaso ez baina burgestu makina bat, nahiz eta Fermin Muguruzarekin dantzan la línea del frente berregin nahi izan —bide batez, Muguruza euskal kulturaren ondare izenda dezatela, material edo immaterial, baina ya—. Natorren berriro harira, dena den: artikulu hasiera ez zen poeta handiarekiko errespetu falta. Baina izan zitekeen.
Zeren eta bizi ditugun aro post ETA eta post-it hauetan, errespetua, begirunea eta tolerantzia suelto dabilzkigu. Sueltoegi, pentsatzen hasia nago: errespetua gainbaloratua dagoela esango nuke. Denak berriro elkarri diosal, ados; ezker abertzalekoak batzokietan bazkaltzen, sozialistak arranoetan poteatzen oraindik igual ez baina jeltzaleak, herabeki bada ere, bai, ados; bankuan lana egitea, ardura apur batez diot, fruta-dendan lan egitea bezalakoa da, eta ez hain ados, eta bide horretatik toleratu behar ditugu jarrera guztiak, iritzi guztiak, libertateak eta eskubideak, konstituziorik potoloenean ere kabitzen ez diren eskubideak, potroetatik (bai, potroetatik, ez hankartetik) ateratzen zaiguna egin eta esateko eskubideak…
Guztiari zor omen diogu errespetua. Eta nik badakit aro post-itiei hauetan kontainerrak ekaitzak bakarrik mugitzen dituela eta adokinak haien gainean ziklismo xtrem egiteko baliatzen ditugula baina, arraioa, ez naiz akordatzen maileguan hainbeste errespetu eman izanaz, orain denekin zorretan egoteko!
Iraganeko poeta eta ekintzaileei umoretik (ere) begira diezaiegun, bada ohoratzeko modu bat kopla zuhurrei eroak nahastea, eta etorkizunari jenio txar pixka batez, tolerantzia modu neurtuago batekin banatuz, eta inorekiko zorrik gabe. Ezta etxea utziko diguten gurasoekiko ere.
Aitaren, amaren, eta berdin du noren etxeen prezioak jaitsi ditzagun, gureena ere, eta errespetuarenak garestitu. Eta ezin izango da dirutan ordaindu!