EAJ eta ETAren artean ia bi hamarkadan zehar (1960-1979) izan ziren harremanak eta tirabirak oso modu egokian jaso zituen Joxe Felix Azurmendik duela urte batzuk liburu batean, Crónica oculta (Ezkutuko kronika) izenburupean. Gernikarrak bere hitzaurrean azaldu zigunez, asko zor dio euskal historiografiak Manuel Irujok idazteko (eta artxibatzeko) izan zuen behar eutsiezinari. Baita gure historia hartako beste protagonista batzuei ere, baina bereziki Lizarrakoari. Horregatik, baina ez bakarrik horregatik, ez da gutxi berari buruz idatzia, lan bikainak tarteko. Baina, jaio zenetik dagoeneko 135 urte eta hil zenetik 45 urte pasatu diren arren, oraindik ere ematen ditu Irujok aukerak ekarpen berriak egiteko, interesgarri askoak gainera. Izan ere, hari-mutur asko eskaintzen dizkigu euskal abertzaletasunaren historiako pertsonaia garrantzitsuenetakoa den honek, zein baino zein erakargarriagoa.
Gaur bertan aurkeztuko du Bilbon Aurora Mandaula kataluniarrak jelkide nafarraren inguruko bere liburua, neurri batean duela hamarkada bat inguru osatu zuen doktore-tesiaren moldaketa. Historialaria eta unibertsitateko irakaslea da Mandaula; parlamentari ere izana da Katalunian. Bistan da Euskal Herriarekiko interes handia izan duela beti. 1936ko gerrako euskal erbestealditik hasi eta EAJren 1977ko EAJren Iruñeko Batzar Nagusi historian bukatzen diren bizipenen kronika zehatza idatzi du Manuel Irujo ardatz eta protagonista nagusitzat hartuta.
Adituek bat egiten dute hamarkada haietako Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren (batzuetan ez da erraza elkarrengandik bereiztea) ibilbidea hiru aro ezberdinetan sailkatzean. Lehena erbestearen lehen unetik hasi eta Bigarren Mundu Gerran bukatzen da, agian berandutxoago ere bai, zehazki irabazleek Franco diktadorea boteretik botako zuten itxaropena erabat galdu zen arte, Nazio Batuen Erakundearen traizioa tarteko. Pariseko Avenue Marceueko egoitzaren galera ere, 1951n, har dezakegu aro horretako bukaeraren data sinboliko gisa.
Hurrengo garaia Europa Tranbia edota Europa Geltokia gisa bataiatu izan dute adituek. Euskadi penintsularrera itzultzeko itxaropenak zapuztuta, Jaurlaritza zein alderdia Europara begira jarri zirenekoa (orain ere zaila bereiztea), bertako mugimendu federalista eta humanista berrien bultzatzaile eta kide gisa. Lehen bi garai hauetan irrika nagusietako bat denbora berrien zain Eusko Jaurlaritzaren zilegitasunari eustea izan zen. Eta helburua lortu zuen, arazoak arazo, 1936ko gainerako erbesteen ondoan askoz ere lan oparoagoa egin zuen euskal erbesteak.
Oraindik ere ematen ditu Irujok aukerak ekarpen berriak egiteko, interesgarri askoak gainera. Izan ere, hari-mutur asko eskaintzen dizkigu euskal abertzaletasunaren historiako pertsonaia garrantzitsuenetakoa den honek, zein baino zein erakargarriagoa
Baina Aurora Mandaularen liburuak hirugarren aroan jartzen du fokua bereziki, Manuel Irujoren begirada probestuz. Goian aipatu dugun Azurmendiren liburuaren garai bertsuan, nahiz eta kataluniarrak 1956ko Euskal Mundu Biltzarrari ere garrantzia ematen dion garai berriaren abiapuntu gisa. ETAren sorrerak eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren heriotzak ordura arte nahiko (gehiegi) lasaituta zegoen mundu hartan sortutako lurrikararen eta haren ondorioen kronika zehatza da neurri handi batean liburua. Borroka armatuari buruzko gogoeta eta eztabaidak, jelkideen hegemoniaren galera, komunismoarekiko jarrera eta abar. Zerrenda luzea, Irujori buruko min handiak sortu zizkion gaiak, tartean estimatzen zuen jendearekin betirako hausturak ere bai, Eli Gallastegi kasurako. Giro hartan, etsigarria sarri, izan zen alderdiaren gainbehera iragarri zuenik ere, baina jakina da Iruñeko Batzarretik eta lehen hauteskundeetatik oso indartsu atera zela.
Duela hiru urte Irujo kristaua aurkeztu zigun Patxi Agirre historialariak. Bada, beste ekarpen eder bat egin digu orain Villabonakoak: Irujo eta Nafarroa. Amaiurko Gaztelua Fundazioak argitaratu du liburua, eta Lizarrakoak bere lurraldearekin zuen lotura berezia ekarri digu bere orrialdeetara, hainbat alorretan azaldua. Irakurtzea merezi duen lana hau ere. Bistan da, zorionez, Irujok baduela nork ikertu, nork aztertu. Gizon handia, politikari itzela, hori eta gehiago ere merezi duena.