Garazi Kamio Anduaga.

Bizilaguna neurtzen

2025eko ekainaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Behazuna guztiz mingotsa da eta are gehiago mingosten da bihotzaren taupada bizien amorruak lagunduta baldin badator. Ariketa enpatikoa izan zen, gainera: berak behazuna zintzurrean gora sentitu zuen bezala sentitu baikenuen besteok ere hestegorria sutan. Mingotsa zuretzat, mingotsa niretzat. Egia da noizean behin komiko puntua ere hartzen diogula Isabel Diaz Ayusori, bertsolarien irtenaldien pareko egiten baititu bere hizketaldiak eta bai, zeharka begiratzen diogu mikrofonoen aurrean paratzen den bakoitzean. Esan genezake ondoko herrialdean bizi den Trump txikia dugula; ilbete edo ilberri denean eldarnioan jausten den bizilaguna. 

Eta zenbat maite dugun madrildarrak botatzen dituenak entzutea eta haren lepotik barre egitea, gure behazuna eztarrian gora martxan jartzen duen arte. Esango nuke hamabi urte dituzten nire ikasleek ere ez dituztela halako purrustadak egiten: ez baduzu espainiarrez hitz egingo, banoa hemendik. Baloia nirea da eta nik erabakitzen ditut jolasaren arauak. Ayusorenak min eman zigulako, gure hizkuntza gutxiesteko beste harrikada bat eman nahi izan baitzigun kopetaren erdian. Halako lelokeria batek, ordea, autobide baten adarrak bezala irekitzen ditu irakurketarako bideak eta dikotomia zahar batek bidesaria ordaindu behar izateko parada aurkezten du: euskara Espainiako gorteetan edo presidenteen biltzarrean erabiltzeko aukera izatea irabazitako eskubidea da ala eskaera handiagoak isilarazteko goxokia? Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Bat edo beste izan, berriz ere show-aren protagonista nagusia izan da Diaz Ayuso. Hain izan da kritikatua bere umekeria, hainbatek asmatu baitute nola bota Madrilgo erregina bere tronutik: madrildarrek euskara ikasi eta kalean erabiltzea. Barregura, amorrua edo negar zotinka aritzeko gogoa sor dezakete emakume honen hitzek eta hein handi batean, Ayusok jada bete du bere helburua; lerro hauetan ere protagonista izatea. Beraz, komediaren show-aren teloia itxiko dugu, beste bizilagun batzuei begira jartzeko. 

Datozen hurrengo lerrootan, nire buruari zin egin diot ez dudala berari buruz hitz egingo eta soziologikoki euskaldunontzat maitagarriagoak direnengana joko dut. Goazen bada, Kataluniara. Gaur dugun eguraldi sargoriak burura ekar dakizkiguke Kataluniako kostaldeetako egun eguzkitsuak eta era berean (batzuek) duten katalanari irmo eusteko joera. Bai, han ere hemen bezalaxe, zakurrak hanka-hutsik baitoaz. Arduratuta dabiltza Mediterraneo inguruan ere katalanaren erabilera indizeekin, gurean bezalaxe, bizilagunen etxean ere gaztelania partidak irabazi eta irabazi ari baita esparru pribatuetan. Baina inbidiaz ere begiratu diezaiekegu: Pompeu Fabrak aurre hartu zion gure Euskara Batuari, katalanari pribilegio-estatusa eman zitzaion agintarien aldetik eta latinetik eratorritako beste hizkuntzekiko distantzia-linguistikoa txikiagoa duenez, gure aldean, dena alde. 3Cat streaming plataformaren arrakasta ere bide beretik doa: bi urte ere ez dira plazaratu zutenetik eta hirugarren plataforma ikusiena da Amazon Prime Videoren eta Netflixen atzetik. Txapeldunen Ligan, horixe. Nik ere zeharka begiratzen diet Nahieran, Primeran edo Makusiri. Nahikoa daukagu maila mantentzearekin, Txapeldunen Liga urrun geratzen baitzaigu. 

Errezeloa dut ordea, Madrilgo hark esaten duenak min handiagoa egiten digula gurean gertatzen denak baino. Azken batean bizilaguna neurtzea beti da errazagoa. Baina gogoan izan, bizilagun edo barride horren lekuan ere zakurrak hanka-hutsik badabiltza, gurean hankazpiak haragi bizitan dituztela dabiltzala oinez, oinazea sentitu ere egiten ez dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.