Miren Josune Ariztondo Akarregi.
ARKUPEAN

Bost haztapen eta lezio bat

2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Euskal hezkuntzaren eraldaketa dela gaia, ez dira falta aurreiritziak eta kritikak. Izango da aukerarik gai honen inguruko edukiak astintzeko, baina produktua bezain garrantzitsua da prozesua; hartara noa, bada, bost puntutan.

Bat. Hezkuntzari buruzko lege bi ditugu EAEn. Euskal Eskola Publikoaren legea eta Irakasleen Kidegoen legea. Garai berekoa da Hezkuntza Ituna, euskal hezkuntzaren beste esparru zabal baten beharrei erantzuteko burutua. Erronkak ez ziren makalak: irakasle transferituak eta beren-beregi euskal oposaketetatik sortutakoak biltzea; irakasleria euskalduntzeko programak sendotzea; gizarte ekimenez sortutako ikastolen hezkuntza proiektuak aintzakotzat hartu eta orokortzea; jabetza publikotik at zeuden gainerako ikastetxe-sareen proposamen didaktikoak ezagutzea... Hitz batez esanda, euskal hezkuntza sistema eratzea.

Hogeita hamar urteren ondoren, zerbitzu eta azpiegitura propioak dituen euskal hezkuntza sistema errealitatea da. Badira premiak eta erronkak, betikoak zein berriak, etorkizuna irabazi nahi duenak eraldatzea behar baitu.

Bi.Fabrika konplexua da euskal hezkuntza, eta lehengaia, ikasleria, material samurra. Gizarte osoaren erantzukizuna da ikasle guztiek kalitatezko ikas-prozesua jasotzeko eskubidea bermatzea, eta herri erakundeena, eskubide hori egikaritzeko ardura. Ildo horretan, ezinbestekoa da printzipio nagusiak eta irizpideak adostasun zabalez erabakiz, lege sendoa eta iraunkorra lortzea, sistema osoa hartuko duen lege babesa, alegia.

Hiru. Perspektiba honetan legea proposatu nahi duen gobernuak ezinbestekoa du alderdi politiko nagusiekin —ahal dela denekin— gaia aztertu eta ikustea zer aukera dauden aurrera egiteko, horrela bakarrik jakin daiteke-eta politikoki aurrera egin daitekeen ala ez. Hezkuntza Sailak egindako saiakeraren ostean bistakoa izan da EAEko herri-ordezkaritzaren gehiengo handi batek diagnostikoa partekatu eta aukerak ikusi dituela gaiari heldu eta legearen oinarrietan akordioak bilatzeko. Halaxe azaldu dute, jakinda bakoitzak beretik zerbaiti uko egin beharko diola denen artean aurrera egiteko.

Lau. Hezkuntza sistemak erakunde publikoetan du babesa eta haren biziberritzeak gizartean du aukera. Ideia horrekin burutu ditu Hezkuntza sailburuak hezkuntza-sektoreekin eta gizarte-solaskideekin hainbat bilkura eta jardunaldi, hauen kezkak eta iritziak jaso eta kontrastean jartzeko.

Bost. Erakunde politikoetara itzuli behar du gaiak ezinbestean, eremu horretan egin behar baititu txanparen kapitulu batzuk, azkena barne. Gogoeta eta eztabaida sasoi honetan, Legebiltzarrean ia 100 adituren ekarpenak aletu dira, parte-hartze politikoari aukera berri bat eskainiz, horretan eredugarria izaten ari den prozesu honetan.

Badakigu gobernantza parte-hartzailearen simetrikoa dela, kasu honetan, zehatz aztertzea euskal hezkuntzari zertan egiten dion mesede eta zertan kalte proposatzen denak, bakoitzak bere ideologia eta perspektibatik bada ere. Ortzi-muga, euskal hezkuntza sistemaren legea, adostasun zabalez lortua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.