Pauline Guelle

Bum, krask

2026ko otsailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bum, Krask; Bum, Krask entzuten dira pala mekanikoaren burrunbak. Pentze zen zelaia lotizamendu bilakatuko da. Bide handitik hurbil, zentrotik urrun. Laborantza lur zena, laster humano bizitegi. Humanoak behar baititu beste bizidunen tokiak ustiatu bere habia eraikitzeko. Espazio berdea eta bista ezin hobea. Hau paradisua. Eskuin aldean mendia, ezkerrean beste menditto bat. Autoen burrunba ez da oraindik aise irudikatzen, baina jinen zaizkigu zirtak eta zartak. Azkar, fite joanen dira. Oinezkoak eta bizikletalariak baztertuagoak baino baztertuago. Jadanik, ziklista zohituak baizik ez ziren menturatzen hortik pasatzen. Zalu behar zen ibili autoekin lehian izateko, kaskatua ez izateko. Trailerrak bezala mendian, ziklista profesionalak bilakatu dira Izpegi inguruko gazteak. Joan jin, zirt zart: ogi xerka badoazela lepoa igotzen dute. Gainean kafea hartu eta berriz jautsi dira, eguna hasteko prest. Arrisku gehiago ba ote da etxe aitzineko bidean Izpegin baino? Baliteke.

Bum, Krask; Bum bi hilabete pasatu dira obrak hasi zirenetik. Hodi potoloak pausatzeko garaia heldu da: lurra bortxatu eta erdian zilo luze bat egin. Hodia lur barnera sartu eta estali. Hau dugu bide ondoko pentzeen patua. Hodi handienak jendeen kakarekin eta pixarekin nahasitako ura garraiatzeko dira eta harekin xurrutan baliatutako pozoiak. Salda sintetikoen putzua. Ondoan alhatzen diren ardiak so. Goizero burdin hesitik obrei begira jartzen dira. Ea zer asmatuko duten egiteko humano horiek gaur. Beste zilo bat. Hau ura erreserba edo. Upz! Azken eguneko euriteekin jadanik konkorreraino bete da. Ziloa urez gainditua, lurra goitika. Ezin digerituz. Ezin xurgatuz. Suhiltzaileak deitzen bagenitu dena ponpatzeko berriz beteko litzateke berehala.

Ongizate indibiduala helburu argia diseinatzen ari da. Kolektibo egiten ez duten kolektiboetan. Non bakoitzaren eremua baizik ez den pentsatua bestearekin harreman ahal bezain gutti ukaiteko. Elkarrekin edo elkarri kontra bizi

Bum, krask goizeko argiak inguruka, lau bider lau errotako autoak... obra ingeniarien biltokia bihurtu da pentze zena. Inguruak neurtu eta kalkuluak egin. Eremu hau nola meneratu dezakegu? Eskuin zilatu, ezker ttinkatu eta gainean bete. Ez bada aski, hiru aldiz errepikatu. Egitearen bortxaz atxikiko du. Beraz, autoak hemendik sartu eta handik ateraraziko ditugu. Zirkuitu ttipi bat, lotizamendu berrian bide berdea deituko dena. Betoinezko bidea, autoak pasa daitezen; baina berdea, auzo ahal bezain ekologikoa izateko xedea baitute. Etxeak: parpinez. Hodiak: plastikoz. Bideak: betoinez. Eta bihotzak... gisu biziz estaliak bezala eta pixkanaka janak.

Bum. Onddoak bezala altxatu ziren etxettoak. Baratze pribatuak elkarri kontra eta bi autoko garajeak segika. American way of life. Hau zen promesa. Haurren irriak eta xakurrak pilotaren gibelean korrika. Baina familia heteroarautu bakoitza bere pentzean itzulika: xakurra, haurrak, xakurra... Baserri aldean, periferiako metropoli modernoen konfortarekin bizia zein goxo den. Harremanik ez, konflikturik ez. Ongi izate indibiduala helburu argia diseinatzen ari da. Kolektibo egiten ez duten kolektiboetan. Non bakoitzaren eremua baizik ez den pentsatua bestearekin harreman ahal bezain gutti ukaiteko. Elkarrekin edo elkarri kontra bizi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA