Estatu libre eta demokratiko batek, benetan libre eta demokratikoa izateko, oinarri sendo eta marra gorri gaindiezin batzuk izan beharko lituzke. Baina aspaldian demokrazia eta askatasunaren oinarri diren printzipio ezinbesteko horiek marxista kutsukoak bihurtu dira: grouchomarxistak hain zuzen ere, «printzipio eta oinarri hautsezin batzuk badauzkat baina hauek gustatzen ez bazaizkizu beste batzuk ere badauzkat» tipokoak. Gustatzen ez bazaizkizu, edo une horretan komeni ez bazaizkit.
Zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoaren —horretaz ari naiz demokrazia diodanean— oinarri nagusienetakoa botere banaketa dela irakatsi ziguten. Legegilea, exekutiboa eta judiziala. Baina epaileei erabakiak hartzeko unean paparrean alderdiaren pegatina baizik ez zaiela falta ikustean, printzipio horrek oinarriak pipiak jota dauzkala ohartzen zara. Alderdietako agintaritza gorenak eta euren estoldak ere jakitun dira, jakitun eta eragile, eta tantoa gorri edo urdin izan den, printzipio mugiezinaren pertzepzioa erabat aldatzen da: auzitegi baten erabakia (edo gobernuaren jarduna) era berean izan liteke botere banaketaren adibide gorena eta banaketa ezaren etsenplu lotsagarriena. Noren aldekoa, noren kontrakoa den.
Botere banaketaz axola dira boterean ez daudenean; daudenean, boterea ez gehiegi banatzeaz arduratzen dira.
Estatu demokratikoaren beste zutarri bat legezkotasun printzipioa da, herritarrek bezala estatuak berak ere legearen baitan jardun beharra, eta legeen konplimendurako berme sistema bat. Bai, badakit nik ere, nork bermatzen ditu bermatzaileak? Eta gatozen legezkotasun horren baitako etsenplu gailen batera, sistemaren ardatzetako batera: errugabetasun printzipioa. Bada hau ere lau t’erdiko pilota baino azkarrago mugitzen da politikaren kantxaren zabaletik txokora eta txokotik zabalera. Hainbeste ezen «gutarrak errugabeak dira eta haienak errudunak, kontrakoa demostratuta ere» dela printzipioaren formulazio erreala (baita gure artean ere, ekipo! Kuadrillan, lanean, etxean, ez gaitezen engaina). Errugabetasunaren kontu honetan, gainera, eta konparazioa amaieraraino eramango dut, pilotakada gehienak atxikiz egindakoak dira. Eta batzuek pilota mugitzen dute, eta besteok beti txapapean gabiltza: erruduntasun printzipioa da guri ezartzen zaiguna. Faxistak alde batean eta faxistak bestean, Zupiria jaunak errango lukeenez, eta ertzainena gorputzekin egindako estropezua da Messik ere olatuarena egingo liokeen ostikada izanagatik ere.
Eta azkenik, zuzenbidezko estatuak daukan komodinik marabillosoena legezkotasuna komun zulora bidaltzeko: terrorismoa eta terrorismoaren aurkako gerra da. Edozer baimentzen duen aitzakia, estatuen eta gobernuen askatasunaren zutarri sendoena bilakatu dena: dena libre.
Beste herrialde batean dagoen pertsona bat hiltzen da drone baten bitartez; bahitzen da jendea eta kartzela ezkutuetan torturatzen; nazioarteko uretan dauden ontziak bonbardatzen dira (eta uretan gelditutakoak errematatzen)… Ustezko gaizkilea atxilotu, auzitara eraman eta auzitegi batek kondena dezala? Gainera gero bizirik irten eta akaso errugabe deklaratua izateko? Utikan!! Askoz errazagoa da, ustezko denak zuzenbide liburuetan giltzapetuta, zuzenean akabatzea. Gerra da, guerra sin cuartel, gure osaba zahar karlistek esango luketenez.
Eta okerrena, asunto honetan guztian, sentsazioa da: zigorgabetasuna jaun eta jabe egin da, eta ez da ikusten horren aurkako printzarik, globalik, bederen. Â
Ez dezagun etsi, baina. Joango da negua, eta loratuko dira gereziondoak ostera ere. Bitartean, dena libre dutenei egin diezaiegun denean kontra.