Garazi Kamio Anduaga.

e

2025eko apirilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

E, aizu! A zer zalaparta e hizkiaz hasten den behar-beharrezkoa den horrek sortu duena! Une honetan gure barnean dugun maitatuenen zerrendan daudenen pare jarri dugu maite eta behar dugun elektrizitatea; baina ez, ez naiz oraingoan azken orduetako gertakari historiko horretaz arituko. Hala ere, eta txiste txarrei jarraiki, nik ere volt zenbaki luzeak ekar ditzakeen gaia dakart lerro hauetara. 

Ziur naiz noizbait medikuarengana joan izan zarela eta, batek daki, agian orrialde hau itxarongela batean ere irakurtzen ariko zara. Begiratu zure ingurura, zain dauden guztiak ari baitira BERRIA irakurtzen eta lasai, dena delako hori ondo aterako baita. 

Azken bi egunetan, beldurrak jota, gasolinaz lepo bete duzu beharbada kotxearen depositua, etxean gorde dituzu III. Mundu Gerrak eztanda egin arteraino iraungo dizkizuten kontserba latak eta bateria guztiak goraino beteta daude. Hori guztia oso ondo dago, pandemia bat bizitu izanak dakartzan albo kalteak ez baitira berehala desagertzen gure buruetatik; baina agian ez zara ohartu gertakari soziolinguistiko batez. Horretarako gaude hemen, zaude lasai. 

Osakidetzak e hizkia gehitu die ospitaleetara doazen pazienteei, hauek hala eskatzen badute, eta eskumuturrean itsasten den paperezko zintan agertuko da. Ez, hau ere ez da joaldunak eta guzti dituen kontzertu bat ikustera joateko eskuturreko zoragarri horietako bat, baina ematen du pribilegio txikiren bat edo beste. 

E hizkia daraman eskuturrekoak en erderas adiera dakar atzetik. Labur bada ere kontatuko dizuet zertan den: Osakidetzak erabaki du aurrerantzean gaztelaniaz artatua izan nahi duen orok e bat eramango duela eskuturrekoan eta hautatutako hizkuntza horretan eta lasai antzean adierazi ahal izango dituela bere egoera emozional nahiz fisikoa. Guztiona omen da Osakidetza eta orain eskubide horiek ere eman behar omen zaizkie euskaraz ez dakitenei. 

Egia esatera, ez dakit zertara datorren halako lelokeria, nahiko lan dugunean familiako medikuak harrien azpian ere topatu nahian. Betiko galdera ere badakart esku artean: zer nahiago dute, gaztelaniaz hitz egiten duen medikua ala gaztelania ez dakien mediku on bat? 

Eta behin hizketan hasi eta buruak etxeko dinamo-linternak baino bira gehiago ematen dizkidan honetan, azpimarratzeko dudan beste gauzatxo bat ere bota nahiko nuke: ea, zer kosta zaio gaztelaniaz bizi den edozein herritarri belauna, ukondoa edo matrail-hezurraren eta sudurraren ondoan dut mina, burutik haginetara jaisten zaidana euskaraz esatea? Ez dut uste itxarongela batean medikuaren edo erizainaren zain dauden bitartean zer esan behar duten pentsatzen egon behar dutenik. Bihotza lehertu behar arteko negarra egin duzula esatea ez da hain zaila, eta birikak erabat uzkurtuta dituzunetik egonezinak loa galarazten dizula euskaraz adierazi behar izatea ere ez da ez hain konplikatua ezta hain grabea ere.  

Ez naiz pediatren gaiarekin sartuko, ur handietan ito naiteke eta. Haurrak eta gurasoak gaztelaniaz bizi direla? Medikuarekin euskaraz egiteko adina maila izango dute, ala? 

Hala ere, lortu dute pribilegio txiki hori eta orain euren hizkuntza horretan hitz egiteko aukera izango dute, medikuntzak dakartzan onurak bigarren plano batean utzita. Hau ez da munduko beste edozein herrialdetan gertatzen, ziur naiz. 

Barkaidazue gaurko zutabea, baina elektrizitaterik gabe bizi izan nintzen minutuetan buruz behera geratu zen munduan zoriontsu izan nintzen. Bigarren planoan bizitzera behartuta gaudenon ametsek ez dute elektraindarrik behar, eta botere desorekan irabazlea denari neurri bereko begirada eskaintzeak ilusioa egiten zidan. Eta bai, matrail-hezurra gaztelaniaz nola esaten den beti ahazten zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.