Inaki Galdos

Erantzunak

2026ko martxoaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nola egin aurre gehiegikeriei? Nola erantzun inguruan etengabe sortzen diren egoera kezkagarriei? Nola egin borroka bidegabekerien kontra? Hona hemen sarri geure buruei egiten dizkiegun galderak, bai gizabanako gisa, bai kolektibo gisa. Buruak, bihotzak eta erraiek hartu ohi dute parte erabaki horietan, edota hirurek nahasturik, eta ez da beti gure hautua egokiena izaten, batez ere odolberoak garenona; are gehiago, bote lasterrean hartutakoa bada. Ondorioak gehiegi neurtu gabea eta batez ere gertukoenen onarpen eta txalo errazen bila pentsatua.

Espainian, bistakoa da eskuin muturreko oldarraldi kezkagarria. Sasi-medioak eta sasi-kazetariak aipatzen ditugu beti, gezur eta amen-omenak filtrorik gabe zabaltzen dituztenak arerio politikoari kalte egiteko helburuarekin. (Bitxikeria bat: Lapurdiko Euskualduna aldizkariak ere ez zuen filtro handirik behar 1908an, eta amen-omenezko berriak baldin baziren ere, irakurleek igorri bezala argitaratzeko hitza eman zuen). Kontua ez da, beraz, jokabide horien diagnostikoa egitea, hor ados geundeke gehienok, nahiz eta, hau ere egia da, hasieran ezkerrak bulotzat arbuiatutako berri asko azkenean egia zirela konturatu garen. Kontua da nola egin behar zaion aurre eraso etengabe horri, nola erantzun behar zaion desinformazioa erdigunean jarri duen errealitate berriari.

Duela bi urte inguru iragarri zuen Espainiako Gobernuak neurri sorta bat ekosistema informatibo (sic) horretan esku hartzeko baina, aitor dut, eztabaida gehienetan bakarrik geratzen naizen arren, ez ditudala neurri gehienak maite. Ez ditut maite, ez direlako eraginkorrak informazioarekiko gaur egun herritarrak duen harremana askoz ere konplexuagoa delako. Ez ditut maite, moralina kutsu handiegia ikusten diedalako (duela gutxi arte eskuinak ia esklusiboki erabiltzen zuen moralina). Eta ez ditut maite, zoritxarrez Espainiako ezkerraren sektore batek ere joera bertsua hartu duelako, euren sasi medioekin, euren gezurrekin, euren populismoarekin.

Euskararen kontrako erasoak gero eta gehiago direnean, ulertzen dut zergatik eman zaion erantzun hori, baina ez nago konforme. Ez dut uste euskarari mesederik egingo dionik

Antzekoa da gorrotoaren afera. Gai honetan ere neurriak iragarri dituzte berriki Pedro Sanchezek eta bere kuadrillak, Hodio izeneko detektagailu bat martxan jarrita, berriz ere moralina. Hasteko, badaude dagoeneko pareko beste monitorizazio batzuk martxan eta ez dirudi fruiturik eman dutenik. Gainera, gorrotoarekin meteorologoen sentsazio termikoarekin gertatzen zaidan gauza bera gertatzen zait: nola arraio neurtu daiteke inoren sentsazio termikoa, inoren gorrotoa? Txantxak alde batera, arriskutsua ikusten dut estrategia hau, eskuina eta eskuin muturra gobernura iritsiko direnean bumeran gisa bueltatu daitekeena gainera. Gogoratzen dut duela urte batzuk Hazte Oír elkarte ultrako autobus bat hainbat hiritan sartzea debekatu nahi izan zenean, neurri horren kontra hitz egin nuela irratiko tertulia batean. Bakarra izan nintzen, zaparrada jaso nuen, baina oraindik ere garbi daukat amorrazioa sentiarazten digun gauza ororen kontrako erantzunak azkarra izan behar duela baina ez edonolakoa. Gorrotoari aurre egitea gauza bat da, helburu horrekin erantzunean asmatzea, beste bat.

Gauzak aitortzen hasita, onar dezadan AEK–CCOO talkan ere bertsua dela nire iritzia. Ez naiz hemen hasiko euskararen inguruan sindikatuak aspaldion martxan jarri duen dinamikak sortzen didan haserrea eta sumindura deskribatzen. Argia astekariak ondo ikertua, bide batez esana. Nik neuk ere, beroaldi batean, neofalangistatzat hartu nituen iazko maiatzean sare sozialetan (ez nintzen fin ibili). Euskararen kontrako erasoak gero eta gehiago direnean, ulertzen dut zergatik eman zaion erantzun hori, baina ez nago konforme. Ez dut uste euskarari mesederik egingo dionik. Aurrekari arriskutsua ezarri dela ere iruditzen zait. Gorrotoarekin gertatzen zaidan bezala, inoren ustezko euskarafobia hain solemneki epaitzea oso labainkorra dela uste dut. Nire inguruan, ordea, ia denek ikusi dute begi onez AEKren jarrera. Berriz ere (ia) bakarrik, baina ez naiz etortzen arkupe honetara lagunak egitera. Etor bekit berriz zaparrada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!