Tropelean joatea izaten da askoren nahia: artaldeko kide izatea, norbaitek balaka egiten duenari jarraitzea edo agian, talde berean egonik ere, beste iritzi bat izan eta aurrera jarraitzea. Badira tropelaren buruan ibiltzen direnak, haizearen kontrako lehen babesa direnak eta noizean behin tropeletik atera nahi izaten dutenak. Eta badira, baita ere, abiadurak gora egiten duen bakoitzean banakako lerroan jarri eta hortzak, haginak zein masailezurra ondo estutzen dituztenak talde handitik ez erortzeko asmoz.Â
Gizartea ez da ziklismoa, baina badu halako antzekotasun bat. Badira tropeletik ihes egiten dutenak, nahiz eta gero pelotoiak irentsi; badira txirrindulari-taldeetako gehiengoak baino garaipen gehiago dituztenak eta badira, baita ere, loria apenas ezagutu ez dutenak, besteentzat lan egin eta indarrak akitzen doazen heinean, tropelaren amaieran ezinean sufritzen dabiltzanak. Azken hauek, gainera, tropelaren erritmoa galtzeko arriskua izaten dute eta minutuak aise galtzen dituzte bakarlanean lan egin ostean.Â
«Donostiako erdi-mailako klase handia» aipatu zuen duela egun batzuk Jon Insausti Donostiako alkateak. Ziklistez betetako tropel izugarria irudikatu nuen, Gatsby handia-n ospatzen ziren festa haien inguruan bueltaka, geroz eta luxu handiagoko hiri bihurtzen ari den Donostian.Â
Ez naiz ekonomian aditua baina aspaldiko kontua dela badakit, ondo baino hobeto dakigula erdi-mailako klasea txikitzen ari dela. Ekonomialariek diotena lerro bakan batera ekarrita, hauxe arrazoia: hilabete amaieran jasotzen ditugun soldaten arteko arrakala geroz eta handiagoa da. Eta honek ñabarduraz betetzen du erdi-mailakoen tropelaren barne-antolaketa. Soldaten arteko arrakala erdi-mailakoen artean ere gertatzen baita, burutan ditugun beste maila sozialez harago: ez baita gauza bera erdi-mailakoa izatea eta tropelaren erdian joatea edo goi erdi-mailakoa izatea edo behe-erdi mailan egotea. Erdi-mailan egoteak ere bere solairuak dituela, alegia.Â
Hilabete amaieran jasotzen ditugun soldaten arteko arrakala geroz eta handiagoa da. Eta honek ñabarduraz betetzen du erdi-mailakoen tropelaren barne-antolaketa
Estatistiken arabera, erdi-mailakoen urteko irabaziak 21.000 eta 56.000 euroren artean daude. Alde ederra sokaren mutur baten edo bestean egotea, Insaustik esan bezala, erdi-mailako tropela izugarria baita.Â
10.000 eskaera inguru daude egun Donostian etxea eskuratu ahal izateko. Alokairuak garesti daude: hilabetean mila eurotik gora eskatzen dituzte etxebizitza nanoetatik hasita, eta asko dira denboraldi baterako bakarrik alokatzeko baldintza jartzen dutenak; hau da, udan alde egin beharko du maizterrak, etxearen jabeak udako denboraldian errentagarritasun handiagoa lortu ahal izateko, Donostia den marko inkonparablean. Etxebizitza erostea ere ia ezinezkoa da hainbatentzat Gipuzkoako hiriburuan eta donostiar askok inguruko herrietara egiten dute jauzi, zertxobait merkeagoa izango den etxe baten bila.Â
Etxebideren baremazioa ere kontran du erdi-mailako taldean dagoen zenbaitek, Insaustiren arabera, etxebizitza publikoa eskuratzeko langa pasatzen baitute askok. Etxebidek onartzen duen gehienezko errenta urtean 50.000 euro ingurukoa da. Izango dira, noski, Donostian zifra horretatik goiti ibiliko direnak eta egongo dira, baita ere, erdi-mailakoen tropelean dabiltzan horiek, edozein estualdi jaso eta hilabetearen azken egunak lanbrotuta ikusten dituztenak. Azken hauentzat alokairu garestiegiak aipatu zituen Insaustik, agian dirudielako hondar-ale bakan batzuen pare eraikitzen ari diren etxebizitza babestuetan sartzeak dena konpontzen duela. Ikusi nahiko nuke tropelaren azken lerroan doan hori, bikoteentzat eginda dagoen munduan bakarrik bizitzen. Egun hauetan eguraldiak agintzen duen bezala: izerdia nonahi.Â