Sarrera erosia nuen arren, ez nuen larunbatean Bilbora joaterik izan, baina hedabideetan ikusitakoaren arabera eta bertan izandako lagun eta senideek esan didatenez, zoragarria, hunkigarria izan zen Euskal Herriak Palestina zapalduari luzatutako elkartasun adierazpena, mundu osora hedatu dena gainera. Gure nazioaren aldeko aldarrikapena ere handia, baina ez hainbeste, heldu beharko diogu zezen horri adarretatik egunen batean.
Izan ziren hereneguntxo ñabardurak ere, horregatik —ez horregatik bakarrik— deitu ziren bi manifestazio ezberdin. Israel egiten ari dena genozidio onartezina dela ozen esaten dutenen artean badaude uste dutenak palestinarrek zilegitasun osoa dutela erresistentzia nahi bezala antolatzeko, 2023ko urriaren 7koa barne. Beste batzuentzat, ordea, terrorismo ekintza onartezinak izan ziren haiek. Ber gauza bi estatuen irtenbideari buruz: balekoa askoren ustez; Israel suntsitu egin behar da, beste askok diotenez.
Baina oso jende gutxiren artean ematen diren eztabaidak dira, jende politizatuarenaren artean soilik; are gehiago, San Mamesen edota azken hilabeteetan euskal kaleetan protesta egiten aritu diren hiritarren gehiengo zabal batek ez du une bat ere eman kontu horiek hizpide hartzen. Eroso bizi nahi ditu jendeak une horiek ere. Batzen gaituenean fokua jartzea ona izan daiteke, ona da, baina sakoneko eztabaidei muzin egitea, beti iheska ibiltzea, geure buruarekin harrika ibiltzea ere bada, erosotasunetik erosokeriara jauzia egitea.
Dena estali dute Israelek eta Palestinak aspaldion. Ulertzekoa da neurri batean, baina bitartean Sahara ahaztu egin dugu, nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak berriki ebazpen nazkagarri bat onartu duen. Adibide bat da, baina beste egoera larri asko ere badaude munduan zehar. Baina eroso bizi nahi dugu, ez gaitezela hasi Ukraina, Errusia, Sahara, Venezuela, Tibet edota Txinari buruz xextran, txikiteoko ardoa ozpindu egingo zaigu eta. Israel kaka, gora Palestina, bihar ze ordutan da manifa?
Eroso egon beharra, erosokeria betiko joera izan da hori gurean. Azken hamarkada luzeetan zenbat jendek ez du paparretik kendu norbaitek jarri dion pegatina —eta eraman nahi ez duena— parranda lasai bukatu nahi duelako, eztabaidetan sartu gabe? Edo zenbat jendek sinatu du manifesturen bat edota eskaeraren bat, nahiz eta ados ez egon, lagunartean markatuta —baztertuta— geratzeko beldurrez?
Duela aste batzuk etxebizitzaren arazo larriari buruzko telebista saio batean izan nintzen. Han ere erosokeria salatu nuen. Baietz, oso ondo zegoela errua betikoei botatzea, Airbnb-ri, putre funtsei, etxejabe handiei, gobernuei… Benetan gaudela eroso diagnostiko horiek aho batez egiten, txikiteo lasaietan. Baina nor ausartzen da hizpide hartzen, adibidez, Gipuzkoako (eta Nafarroako) herrietako jendeak (nik neuk barne) Donostiako etxebizitzen merkatuan izan duen eragin itzela? Nor ausartzen da Hegoaldeko lau lurraldeetako jendeak Errioxa, Huesca edota Kantabriako zenbait tokitan eragindako eraldaketa izugarriari buruzko analisi autokritiko bat egiten, bere inguruko inor haserretu gabe?
Turismoa, migrazioa, Bernedo… dozenaka gai ekarriko genituzke boteprontoan. Baina guztietan ondorio bera: oso oinarrizko adostasunen erosokerian planto egin eta hortik aurrera mutu. Zuhur eta uzkur. Eta koldar. Baiki, gero eta artaldeago gara, izugarri pobretua dago gure arteko eztabaida politikoa. Eta hori geure buruari harrika egitea da, luzera larrutik ordaintzen dugun jarrera.