Garazi Kamio Anduaga.

Errezetak

2025eko azaroaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hamar egun hauetan inoiz baino gehiago ari naiz telebista ikusten. Ez da nahita egin dudan ariketa; osasunak kieto egoteko esan dit eta leihotik kanpo ikusitako elur maluta eta euri mardulaz gain, Ander Gonzalez eta Gabriela Uriarte izaten ditut lagun egunak bere alde iluna erakusten duen orduetan. Ederki pasatzen dut euren pasarteak entzuten, etxean bertan sukaldean ariko liratekeen bi lagun balira bezala. Denak ematen du inprobisatua baina dena dago lotuta eta ondo harilkatuta saioan: egin beharreko errezetak behar bezala neurtuta daude eta ez dute desorekarik txikiena ere.

Nahi baino gutxiagotan esaten da gutxien espero duzun eguna iritsi dela. Eta normalean, sekulako harrabotsarekin egiten du talka gure bizitzan: agenda goraino beteta daukagunean eta hutsegiteak onartzen ez dituzten konpromisoak ate joka dauzkagunean. Halaxe egin zidan bisita pneumoniak duela egun gutxi: bularreko mina lagun baina isilik, kanpora begira soinu handirik atera gabe. Ederki artatu ninduten eta ohi denez, tratamendua ere paratu zidaten, inprimatutako orrietan idatzitako errezeta eta guzti, Gonzalezek sukaldean bezala, dena ondo neurtuta. Txostenarekin batera etorri zen beste egitekoa: eritasuna sendatu arteko baja eskatzea nire osasun zentroan.

Hortxe hasi zen amesgaizto txikia.

Gure herriko osasun zentroak arratsaldeko bostak arte egiten du lan, azken urteotan arratsaldeko zortziak arte irekita egon den arren. Ulergarria den ez dakit baina tira, joka dezagun ulerberaren papera eta onar dezagun 15.000 biztanleko herriak nahikoa duela arratsalde erdian ateak ixten dituen osasun zentro batekin. Joan zen, bada, hurrengo eguneko lehen orduan nire bikotekidea, txosten eta guzti anbulatoriora, aldi bateko lan ezintasuna eskatzera. Artatu zuten, noski, ahal zuten ondoen, baina tresna apurrekin: ez dago medikurik herrian eta bajen tramitazioak adinekoen egoitzako medikuak egiten ditu, nahiz eta bera ere lanez lepo ibili.

Etxean geratzeko sententzia iritsi bezain pronto hasi zen medikuari bisita egiteko orduen trapitxeoa: ez deitu zuk, deituko dizut nik; baina esandakoa, ez deitu zuk esan zidan telefonoaren beste aldetik administrari batek. Jaramon egin nion eta bere deiaren zain geratu nintzen.

Bitartean, istorio honek bere istorio erantsia duelako, biharamunean nire bikotekidea ere ondoezaren bidetik hasi eta diagnostiko bera eman zion medikuak hari ere: arinagoa zirudien pneumonia. Errezetak eta txostenak, baja eskaerak beste behin. Hala ere, berari argi utzi zioten trapitxeoaren jokoan: ez dago medikurik eta dei ezazu bi egunen buruan, eguerdiko ordu bietatik aurrera. Egia esango dizuet, erabat pribilegiodun sentitu nintzen.

Deitu zidan halako batean, handik bi egunera telefonoz ez deitzeko eskatu zidan administrari hark. Bete nuen hitza eta baita berak ere: errefortzu modura omen dator asteon mediku bat, ekialdeko Europako abizena duena. Eman zidan hitzordua, drogarik gogorrenaren dosia saltzen ariko balitzait bezala. Hasia naiz garuneko gaztelania-hiztegia astintzen, euskaraz ulertzen ez badu.

Pribilegiorik gabeko gaixoak, ordea, hamaika telefono dei egin zituen eta behingoagatik osasun zentroarekin hitz egitea lortu zuenean, hara! Hitzordurik ez omen dago berarentzat. Nahi izanez gero, baja amaitu aurretik goizeko 8etan anbulatoriora joateko gonbidapena luzatu zioten, orduan esleitzen baitira larrialdi egoeran doazen pazienteentzat gordetako txandak. Bestela, beste aukera, hauxe: telefonoz arta dezake medikuak, fonendoskopioak birikak entzun gabe.

Ez dakit antzezlan erraldoi honek amaiera politik izango duen, ustez ospe eta izen oneko Osakidetza komedia dramatikoaren antz gero eta handiagoa hartzen ari baita. Errezeten pautak ederki ematen diren bezala, beharbada Osakidetzak ere automedikazioa behar du eta duintasunean igerian ibili, gero eta handiagoa egiten ari den idorreria geldituz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.