Inaki Galdos

Eskuartekoa

2026ko urtarrilaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gauza jakina da Katalunian 2012ko abenduan martxan jarri zen (ez da erraza izaten horrelakoetan data zehatz bat jartzea) prozesu independentistaren abiapuntu nagusienetako bat finantzaketa izan zela, bi urte lehenago Auzitegi Konstituzionalak Estatutuaren gainean emandako epaiarekin batera. Abenduak hogei egun zituen Artur Mas Moncloara joan zenean Mariano Rajoyri Euskal Herriko Hegoaldeko bi erkidegoen kontzertuen antzerakoak eskatzeko. Ezezko borobila jaso zuen eta hortik aurrera etorri ziren beste guztiak: hauteskundeak azaroan, CiU-Esquerra (Mas-Junqueras) akordioa abenduaren 19an eta inbestidura saioa abenduaren 20an, bi urteren bueltan galdeketara deitzeko konpromisoarekin. Baiki, finantzaketaren eredu berriarena betidanik izan da Kataluniako erakundeen eta hiritarren eskaera garrantzitsuena, ez soilik abertzaleena gainera. Beste kontu bat da 1979ko Estatutuaren negoziazioetan tren hura pasatzen utzi zuten ala ez, ez baitira historialari guztiak ados jartzen kontzertu ekonomikoaren aukera benetan izan zuten aztertzeko orduan.

Ordutik hamalaugarren urtean sartu garenean, lekutan geratu dira kontzertua eta balantza fiskaletako milaka milioitako desoreken inguruko gaitzespenak (16.000, 23.000, 33.000…); baita (momentuz behintzat) BEZ eta PFEZ zergen %100aren kudeaketa ere. 2024ko uztailean Salvador Illa presidentearen inbestidurarako ERCk eta sozialistek lortutako akordioa ere oso urruti geratu da finantzaketa ereduari buruz. Gogora dezagun errepublikanoen zuzendaritzak ia aho batez onartutako akordioari barne galdeketan parte hartu zuten militanteen %53ak bakarrik eman ziola orduan baiezkoa. Gauzak horrela, pasa den astean Pedro Sanchezekin itxitako akordioa ez da bost mila milioitara iritsi. Ez dira harritzekoak, beraz, Oriol Junquerasen jendearen estualdiak Katalunian azalpenak emateko, ustezko lorpena saltzeko. Hasteko, bere etxe bertako hainbat jenderi. Berriz ere hemerotekak utzi du alderdia agerian; iraganeko hotsandiko baieztapen borobilek, bete ez diren iragarpen handiustekoek. Pragmatismoa eta errealismoa dute orain ahotan, duela oso gutxi arte besteei oso gogor kritikatzen zieten gauza bera. Ziabogak oso azkar eman nahi izanak beti sortzen ditu jendearengan nahasmena eta zorabioa.

Gauzak horrela, norbaitek pentsa lezake Carles Puigdemont eta Junts aterako direla garaile eztabaida honetan. Baina ez dirudi hori ere gertatuko denik. Alde batetik, etxe barruan (eta inguruetan) hasiak dira batzuk esaten akordio eskasa eta iraingarria izan arren dagoenari heldu egin behar zaiola, ezin zaiola muzin egin. Alderdiaren zorionerako, momentuz behintzat patronal nagusiak ez du akordioaren interpretazio baikorra egin Josep Sanchez Llibreren ahotik. Baina iritsiko dira presioak, alderdian barne orekak zailduko dituztenak, giroa okertu. Ezin ahaztu, bestalde, Aliantza Katalana alderdi ultraren arnasa sentitzen ari dela Junts aspaldian (baita ERC ere neurri batean), eta horrek ere zaildu egiten duela erabakiak hartzea.

Sakonean independentismoaren (oraindik horrela esaterik baldin badago behintzat) krisi sakona, noraeza, gainbehera da ikusten ari garena. Estrategia falta larria. Umetan bataioen ostean parrokiaren atarian izaten genituen boloak etorri zaizkigu gogora egun hauetan, jaio berrien ama ponteko eta aita pontekoek botatzen zuten diruaren bila lurretik bueltaka geure artean borrokan ibiltzen ginenekoak. Lortutako eskuarteko eskasarekin etsita, zerbait behintzat bazela geure buruari sinetsarazi nahiez. Ezinbestean, agian horrela izan beharko du oraingoz, baina tristura izugarria sortzen zaio bati, duela urte gutxi Kataluniatik iristen zitzaigun haize berriak, emozioak, itxaropenak ahaztu ezinik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.