Miren Josune Ariztondo Akarregi.
ARKUPEAN

Etorkizunari leiho bat

2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Aspaldikoak dira euskaldunen eta katalanen arteko harremanak. Elkarlanean ibili gara sarri, kultur, giza eta politikagintzan, erkidego bakoitzak bere erronkak eta arazoak dituen arren. Elkarri diogun begirune hau ez da oraingoa, urteetan ereindako harremanean du jatorria, euskal kulturaren sakonean txertatua dagoena. Antzinako kontuak badira ere, ez dago sobera gogoratzea Lluis Companys-ek eta Jose Antonio Agirrek elkarrekin hartu zutela erbesterako bidea 1939ko urtarrilean eta elkar hartuta igaro zituztela Pariseko hilabete gogorrak. Aurretikoa da GalEusCa Ituna, 1923koa hain zuzen.

Gaur egun ere, Kataluniako hiritargoarenganako adiskidetasuna zein zori politikoarekiko kezka oso hedatuak daude Euskal Herrian. Egunkarietako lerroburuez gain, iritzi eta gogoeta desberdinak entzun eta irakurtzen saiatzen gara, batez ere katalanenak eurenak.

Aurreiritziak alde batera utzita ahalegindu naiz irakurtzen Oriol Junqueras-engutun irekia. Denok daukagu eskubidea, ERCko buruzagiak ere bai, pentsaerak eta estrategiak egokitzeko edo aldatzeko, egoeraren azterketak erakusten digunaren arabera. Horrexegatik jarri diot atentzioa Kataluniako alderdi zaharreneko buruzagiak, hainbat gorabehera jasan ostean, argitaratu duen gutun irekiari, egitasmo politiko oso bat laburtu baitu etorkizunari begira.

Alde batetik, 2017ko urriaren 1eko aurrekoak eta Aldebakarreko Independentzia Adierazpenaren (DUI) hurrengo egunetan gertaturikoak aztertu ditu, ahuleziak eta indarguneak identifikatzen ahalegindu da eta ikasgaiak ondorioztatu ditu. Hiru urte luzetan presondegiaren latza mamurtzeko tentazioari eutsi eta norbere jarduna aztertzen aritzeak balio berezia du, horrelakoetan errazena izaten baita kanpokoari porrotaren edota gertakizun ezkorren erantzukizuna jaurtitzea.

Hori adierazi eta gero, independentziaren alde azaltzen da ERCko buruzagia «tresnarik hoberena baita jendartearen ongizatea, inklusioa eta demokraziaren garapen osoa lortzeko». Halere, tresna izaera hori aitortzeak darama Junqueras esatera orain arteko estrategia aldebakarrekoak ez dituela helburuok hurbildu eta, bere ustez, egokitu egin behar direla etorkizuna irabazteko.

Beraz, argi dago: ERC independentziaren aldekoa da; ez du parte hartu nahi jardun demokratikoak delitu gisa tipifikatzen dituen Estatu batean. Halere, azken 3-4 urteetan alderdi independentistek eramandako bideak helburuak urrundu egin ditu, herri mugimendua zatitua dago, Europan ez du jaso ez aitorpenik eta ez babesik, eta, herritarren atxikimenak dirauen arren, gizartea gero eta nekatuago dago. Hori horrela, elkarrizketak eta negoziazioak egin beharko dute bidea, gizartearen atxikimena ugalduz —«partida etxe barruan ere jokatzen da»— eta erreferenduma eta bere baldintzak Estatuarekin adostuz.

Orain arteko erantzukizun juridikoak ezabatzeko amnistia da lehentasuna. Halere, gatazka leundu eta politikaren eremura ekartzeko keinuak —indultua alegia— ontzat ematen ditu Junqueras-ek. Eta amaitzen du aldarrikatuaz Estatuak Kataluniari zor dizkion elkarrizketa, negoziazio politikoa eta berradiskidetze politikoa. Etorkizunari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.