Pauline Guelle

Etxez etxe

2026ko martxoaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ihauteri garaia dugu eta hauteskundeak ate joka. Han eta hemen karrikak eta etxe inguruak bertsoz, kantuz eta jokoz betetzen dira. Santibate, kaxkarot, barrikadak… Ostatuz ostatu edo etxez etxe neguak udaberria deitzen du. Kasualitatez edo, Ipar Euskal Herrian herriko bozak garai berean kokatzen dira. Atez ate, etxez etxe, ber jokoak hartzen ditu gure xendra eta bideak. Auto koskorretan ibiltzen dira herriko jaunttoak, haien promesak banatzeko. Ariketa horretan diskurtso politikoak ez du lekurik. Parez pare, etxe edo apartamentuen intimitatean, hautagai eta herritarren arteko solasek ukanen dute pisu. Zertaz ariko dira?

Etxeondoko Christine harrapatua izan da haren goiz berantiarrean. Alegia, deus ez sukaldera altxatu du kafe katilua kanpoan diren bi pertsonek ikus ez dezaten. Barnera sartzeko gomita egin die. Itzalitako egur suaren gaineko tupinaren parean eseri dira biak. Mahaia ezin altxa: ez da jende anitz iragan azken aldietan. Bizi betea ukan du Christinek ahizparen eritasunak sortetxera sartzera behartu duen arte, hartaz okupatzeko. Duela zonbait hilabete zendu zaio. Eta Christine egon da. Ximurrez beteriko aurpegi argitsuak oroitarazten du ukan duen bizi ospetsua. Parisera joan zen mediku baten zerbitzari. Han 48 urte egon, kontraturik gabe, baina jende ospetsua ezagutuz. Izen ezagun horiek ahoskatuz handien munduan ibili dela frogatu nahiz.

Zerbitzari ona zela zioten Christineri buruz. Horretarako hain luzaz egon zen Parisen. Ez zuelarik hain gogoko han egotea: «Denbora hain fite pasatzen da...». Kasik 50 urte familia baten zerbitzuko. Erdi asistente, erdi haurtzain. Erdi sehi, erdi erizain. «Mutxurdin» bezala izendatu du bere burua, «baina hautuz!». Horretarako denborarik ez. Berriz ere denboraren legea aipatu du: «Bizia hain fite pasa da, non ez naizen ere ohartu».

Denbora fite doa; hautagaiek behar dute segitu beste etxe batera. Predikurik ez, Christinek ez zuen predikurik behar. Paradaz bali, ezagutzen ez dituen bi gazte horiekin kalakan aritzea baizik

Anitz balituzke kontatzeko kafea eskaintzea ahantzi gabe. Ura kaserolan beroarazi. Nescafe paketea armairutik atera. Ideki. Katiluan isuri. Ur beroa gehitu. Koilararekin nahasi. Bisitariei eskaini. Ondotik armairu ttipira joan. Madalena bixkotxak atera, mahai erdian utzi eta kalakara itzuli.

Parisen egon zen, baina nagusiari Euskal Herrira sartzeko nahikeria adierazi zion. «Ulertzen» zuela erran zion. Hala ere, 48 urtez han egon da: treinean eriak Baionatik Pariserako bidean zainduz, hango makina berrien estreinak hurbiletik biziz, medikuntzaren promesen eta haren porroten lekuko izanik. Euskaldunek zerbitzari eta langile leial eta onaren fama omen zuten. Ez delarik deus galtzeko, zeren egiteko gai izaten ahal garen?

Udaberria heldu da lasterka eta urte oroko laparraren borroka kontatu du Christinek. «So egin ene eskuak eta ene besoak, nola laparrak utzi dituen!». Baratzeko lanak ere jinen dira laster.

Denbora fite doa; hautagaiek behar dute segitu beste etxe batera. Predikurik ez, Christinek ez zuen predikurik behar. Paradaz bali, ezagutzen ez dituen bi gazte horiekin kalakan aritzea baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA