mikel elorza

Euskal publikoa

2023ko abenduaren 6a
05:00
Entzun

Letra larriz idatzita zenbaki erromatarretan lehena da i letra. Eta ez da matematikan daukan agerpen bakarra, i sinboloak zenbaki imajinarioa (Wikipediak diost unitate irudikari izena duela) ere errepresentatzen du. Liluratu izan nau zenbaki imajinarioaren kontu horrek, zer den entenditu sekula entenditu ez dudan kontzeptu bat den arren, edo akaso horregatik (letrak eta numeroak hain ongi konbinatzen dakien Jone Uriari artikulu bat eskatu beharko!).

Baina letra da i, zerbait izatekotan, eta euskaraz bi ditugu, grekoa deitzen dugun y, eta Erdi Aroaz geroztik makilaren gainean puntua duen i (espainolek, alegia, Hego Euskal Herrikook, latinoa esaten dioguna).

XXI. mendera arte.

Orain hirugarrena ere badugu, euskal i-a. Euskal i-a nola ahoskatzen den ez dakigu, ozen jendaurrean, ahots txikian batek daki zein bulegotako alfonbretan, txin-txin hotsarekin zenbaiten patriketan. Ebakera aldetik itxia da, edozein alternatibari oso itxia, eta oso bokal luzea da, 2001ean hasi eta 2030 bitarte behintzat luzatu dena. Zeren eta trena azkarra izango da, baina azpiegituraren eraikuntza ni Tourmaleten gora baino mantsoago doa. Eta imajinarioa ez, mendiak zulatzen eta haranak biadukto inposibleekin zeharkatzen aspaldi eta errealki baitabil, baina surreal samarra bada euskal i hori. Pentsa, martxan jartzerako lehenengo azpiegiturak jada zaharrak izango dira, hogei urtetik gora izango dituzte! Ordurako munduak akaso beste garraiobide batzuen aldeko apustua egina izanen du, eta, Ander Izagirrek esaten duen moduan, kontsolamendu gisa planetako bidegorririk garestiena izango dugu (kontsolamendu diot, horri ere etekinik aterako bailiokete start-up oso kreatibo bat kontratatuta, come and ride it kanpainarekin).

Bilboko geltokirako sarbidea 2033rako aurreikusten dutela entzun nuenean amorruaren aurretik barreak irten zidan. Baina amorrua barrea baino handiagoa da. Milaka milioi euro gastatu dituzte hogeitaka urteko atzerapenez iritsiko den azpiegitura batean. Martxan jarri orduko desfasatua egonen dena. Haien aldekoen diskurtsoari nolabaiteko indarra  —azpiegitura gisa— ematen zion argudioa aspaldi desagertua duena, artistak igual bai baina trenbide azkarra ez baita Paristik etorriko Irunera. Gure lurraldeak ardaztuko dituen kontu hori hobe ez aipatzea, hori eurek ere ez zuten sinesten hasieratik.

Lurraldetasunari tarte bat: i grekotzat saldu digutena Euskal Erdikoa da; Nafarroa gehituz gero x moduko marrazki bat ageri baitzaigu. Baina Nafarroan eraikitzen diharduten zatia ere inora ez doan trena da. Garbi dago: Hego Euskal Herriko AHTa y ez, x espediente bat da.

Marka da tren honena: abiatzerako errailetik kanpo dabil.

Agi danean atzeramartxarik ez daukan makinak egiten dio tira tren honi, ene ustez gehienak, proiektuaren bultzatzaileak eurak ere, ohartu diren arren akatsa izan dela. Baina gastatutakoa gastatuta (hau da, batzuek irabazitakoak irabazita), eta zulatu beharreko gehienak zulatuta, badirudi ezin dela bertan behera utzi. Besteak beste ez duelako hagintarien aldetik inork atrebentzia nahikorik izan kieto esateko: hau 2001ean posible zen, 2006an obrak hasi zirenean ere bai, baita agian 2010ean ere, lehen atzerapen-estimazioak gauzatzen hasi zirenean; baina honezkero ez.

Ez diote galgari eragingo, baina. Eratu duten makinari jaten eman behar zaio, azkenean azpiegitura oso garesti eta seguruenik azpierabili bat aterako bada ere. Ez da aurrenekoa izango. Horrelakoa da aurrerabidea: atzerantz, ezta alborantz ere, korri ezin daitekeen bidea.

Euskal i honen azken ezaugarria: deskalabrua ez dute makinistek ordainduko, ezta promotoreek ere; bidaiari eta ez-bidaiari denon artean pagatuko dugu.

Bultzi-leihotik horrela ikusten dute euskal publikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.