Nahiko nuke jakin zein neurgailu berehalako baliatzen duten hagintariek gure herri eta hirien izen ona zenbat zikindu (edo luzitu) den jakiteko. Diot hori zeren eta Bilbon bereziki baina oro har Euskal Herrian Espainiako Vueltarekin izandako iskanbilak tarteko, berehala atera ziren Aburto jauna eta ordena eta zibikotasunaren beste apostolu batzuk Bilboren eta Euskal Herriaren irudia hondatu izana deitoratzen. Okurritu zitzaidan karrerakoak gertatu eta biharamunean, are gauean bertan, hegaldi mordoa kantzelatuko zela, ostatuak hartuta zeuzkatenak atzera botako zirela, jatetxeetako erreserbak bertan behar utzi... Algoritmo bereziren bat behar dutela manejatu Lakua eta sukurtsaletan uneoro gure herriaren irudiaren kalitatea neurtzen duena, eta berritzen doana, segapotoetako aplikazioetan eguraldiarena bezala.
(Berdin ez, baina antzera munduan erresistentzia pro-palestinoaren gailurrean kokatu nahi gaituztenena, munduari erakutsi diogula gure herria eskubideen defentsan zein zainarta den, nazioarteko elkartasunaren ikurrin-eramaileak bagina bezala.)
Uste dut inork ez duela neurtu (ez alde ez kontra), neurtezina delako, protestek irudian izango duten eragina, baina are gutxiago munduko herritarrek horretaz egingo duten irakurketa. Bilbo bezainbeste agian ez, baina mundua oso-oso handia da.
Irudi ona zein den zehaztea ere ez da erraza: protesta egiten duen jendea daukan herri bat? Antolakuntzaren gidoitik atera gabe nazioarteko ebentoak kudeatzen dituena? Zein da ona?
Bada pentsatzekoa da abagunerik izango dugula eztabaida berritzeko, ez baitirudi Israelek amore emango duenik, eta gure buruzagiek ekarriko dute noski beste ebento bat, ezin inportanteagoa eta beraz txit garestia, noski inpaktu ekonomiko handia izango duena, atzera mapan kokatu ahal izateko gure herria. Horratx gakoa: geografo nekaezinak bilakatuak dira gure ordezkari politikoak, herri eta hiri zaharrak mapa berrietan kokatzen.
Hortxe muina.
Irudia, errekonozimentua, oihartzuna... horien gainean ardazten dira grabitatearen inguruko politika eta erabakiak. Grabitatea: jendeak, diruak, talentua erakartzea bai edo bai. Geografoak ez ezik Newtonen dizipuluak dira gure ordezkariak.
Helburu behinena ez baita euskal herritarrek hain maitea duten txirrindulari karrera bertatik bertara ikusi ahal izatea, Bilbok hori zein ongi antolatu duen erakustea baizik (eta munduari gogoraraztea gurea dela munduko afiziorik onena, eta munduko zulorik urrutienean egiten bada ere lasterketa bat, ikurrina bat egongo dela, laletxe gara!!). Helburua ez zen, udaberrian, final europar bat bertatik bertara ikusi ahal izatea, ikusleak kanpotik baitzetozen, horixe bera baizik, jendea hona etortzea eta erakustea basque country-a aparta dela, mundukoak ez ezik mundialak garela.
Like-ak dira giltzarria.
Ze programa edo algoritmo ote darabilten galdetzen nuen artikulu hasieran, nire harrokeriatik ironiko, irudiaren ona edo txarrarena neurtezina zela kategorikoki esaten. Gaixoa ni. Uste baino sinpleagoa da: zenbat like jasotzen dugun da asuntoa. Ezin neurgarriagoa, hirien rankingetan (hainbat daude) gora eta behera eramango gaituena. Horra metodoa eta era berean helburua: like uzta ahalik eta handiena biltzea.
Esan dezakegu negatibo zaputzontzien sektakook like horien atzean gezur galanta baino ez dagoela, eta like-ak lortzeko darabiltzagun diru eta baliabideak beste eremu batzuetatik erortzen zaizkigula. Baina berdin dio, irudia eta influentzia-ren uhina gainetik pasatu zaigu. Gure hiriak hondamendi sozial eta kultural baterantz doaz ziztu bizian, bisitagarri izateko habitaezin bihurtzen, baina ez diogu galgari eragingo, bidesaria latza izanagatik, helmugara iritsi arte: milioika like.
Ba nik ez dut laik.