Pauline Guelle

'Forfeta'

2026ko maiatzaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hezkuntza, betiko gaia izan beharko litzatekeena. Berdintasunik ez delarik ezartzen hizkuntzen balioan, hezkuntza ereduak badu ondoriorik. «Zure haurra ikastolan ezarriko duzu?». Orduan zure hezkuntza estrukturak ez du eskuratuko beste haurrek eskuratzen duten sari bera. Orduan ez zara berdin lagundua izanen kolektibitate edo estatuarengandik. Herriko etxeek duten den mendreneko botere material horrekin ikastolen laguntzeko ahala badute. Ikasle saria edo forfeta deitzen dioten hori ikastolari isuriz. Urtero herriko etxe batzuek hautua egiten dute —haien herrian ikastolarik ez delarik— auzo herriko ikastola batera joaten diren herriko haurren hezkuntza eredu euskalduna laguntzeko.

«Lagundu» ezen ez baitu, legez, eskola publikoak duen sos-iturri heinik. «Laguntza», ezen ez baita den-dena legean eta arauan idatzia. Berez, ikastolan eskolaratzen duzun bigarren haurretik goiti baizik ez duzu zure herriko forfeta eskuratzen. Sos iturri garrantzitsua da hori, ikastolek ez dituztelako, estrukturalki —eskola pribatuak direlako—, hezkuntza nazionalaren baliabideak.

Haur guzien arteko berdintasuna aldarrikatzen delarik, ofiziala ez den hizkuntza bat ez da ber heinean ezartzen. Haurrek eta ikastolek segitzen dute pairatzen desberdin izatearena. Ezberdin, ez baitute estatuaren hizkuntza lehenesten haien ikasketetan. Ezberdin, ikastoletako burasoek baizik eta hautu militante bat egin dutelako izena eman dutelarik eskola pribatuan. Horrela aipatzen dituzte, ez termino horietan, ikastolari laguntza ematea nahi ez dutenek.

Gure ingurumena diglosikoa den heinean, beraz, ikastolak baizik ez du hein bateko garantiarik ematen hizkuntzaren jakintzan eta praktikan

Gainera, azken urteetako aitzinamenduak zepo bilakatuak dira. Frantses hezkuntza nazionalak murgiltzea plantan ezarri baitu eskola publiko batzuetan. Zeri deitzen diogun, beraz, murgiltzea eta zergatik esperimentazio hori nahasgarri izan daitekeen? Ipar Euskal Herriko eskola publiko bakanetan ezarria izan den esperimentazioak ez du garantiarik ematen haurra murgiltzean biziko dela eskola momentuetan. Aire hartzeetan, kantinan edota gelatik kanpoko aktibitateetan hizkuntza ez baita bermatua irakasle edo laguntzaile guziengandik. Gure ingurumena diglosikoa den heinean, beraz, ikastolak baizik ez du hein bateko garantiarik ematen hizkuntzaren jakintzan eta praktikan. 

Puntaren puntan, ikastolak «eskola publikoari haurrak lapurtzen dizkio». Eskola publikoak «husten dira» ondoan ikastola baita. Horrelakoak ere entzun daitezke. Orduan, ber heinean balira, eskola publikoak ateak hesten balitu haur gehienak ikastolara joanen liratekeelako, gelditzen diren buraso horiek beren haurrak emanen lituzkete ikastolan? Ez, noski. Beste herri bateko eskola publikoan ezarriko lituzkete, beste eredua lehenetsirik. Alderantziz, ikastolak ez balu gaitasunik irauteko herri batean, burasoek ez lukete ezarriko eskola publikoan. Ez baita ber eredua. Batak ez dio beraz besteari kentzen. Ezberdinak direlako.

Eztabaida antzu horietarik aparte, ikastolako burasoek egin duten hautua «asumitu» beharko dutela dirudi. Diruz eta taloz. Eredu euskaldunak ez baitu zilegitasunik berdin lagundua izateko. Biharko haur euskaldun gehiegi ez delako hazi behar. Eskola publikoak, bere murgiltze eredu bakan eta faltsuan, ez baitu euskaldun anitzik haziko. Euskara ofiziala ez deno, ez du forfetik altxatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA