Tentagarria da oso gaurko egunez orrialde honetan lekua izatea, hitz egin baitezaket erosi ditugun opariei buruz edo tentazioak jota eta badaezpadako inbidiak lagunduta jokatu genituen loteria papertxoen inguruan. Baina ez, nahikoa dut nire burua maneiatzearekin, eta ez dit ilusio berezirik egiten gaur gauean zer eta norekin afalduko duzun jakiteak, azken batean abaniko zabal batean sartzen baitira norberaren Eguberrietako edo Neguko Solstizioko festak, izen bat edo bestea izan.
Hala ere, atrebentzian abiadura hartzen hasia naizenez, pentsatzen dut egun hauetan guztietan elkartuko diren lagunen artean hainbat gatêau basque egongo direla inguruan. Ez, ez naiz azkenburuko edo postreaz ari, hezur-haragizko gató edo pastelez ari naiz. Bazkalosteko mahai-inguruetan pellokeriak entzutera ohituak gauden honetan, Pellotasun bat sortu delako: bete-betean asmatu baitu Pello Reparazek datorren Korrikarako sortu duen kantan. Gatêau batean lauburu bat baino gehiago delako euskara eta, bide batez, gehiago garelako gu geu ere.
Hegoaldeko zilborzentristok oraindik orain Baionara goazela diogu, esaterako, Gatêau Basque bat erostera, Euskal Bixkotxa esan beharrean; agian Iparraldea exotikoa delako, beharbada istant bakar batez pentsatu ere ez dugulako egin pastizak euskal izana eduki dezakeenik.
Kritika zorrotzak egiten profesionalak gara, baita ere, hiru ordu luzez euskal abestiak entzuten egon eta gero, autora eramango gaituen autobusean iparraldeko bidaiariekin topo egiten dugunean. Batzuek euskaraz egiten dute euren artean, eta giza zoologiko bateko pertsonaiak balira bezala begiratzen diegu: hain ondo hitz egiten dute, hain aggaro, hain exotiko… Baina beste batzuek ez. Hara, hau pena! Badira gertu ere, senar-emazteak, zeinak frantsesez ari diren euren artean, haiek ere hiru ordu iraun dituen euskarazko abestien kontzertutik autobusera joan direnak. Bi seme-alaba dituzte eta haiekin ere frantsesez ari dira. Noizean behin amak euskara eta frantsesa nahasten ditu haurrekin eta munduaren akaberaren lehen urratsak egiten dira une horretan bertan: autobuseko ibilbideak irauten duen zazpi minutuetan inguruko zilborzentristek pena izugarria sentitzen dute eta soziolinguista lanak egiten dituzte autobusaren geltokitik autorainoko bidean: Iparraldea galtzen ari gara.
Iparraldea ez dakit baina iparra bai. Halako gertaerek pena sorrarazten digute eta ohituta gaude edozein herri zein hiritako parkeetan gurasoak etengabe kode-aldaketa egiten ikustera. Sekulako barregura eragiten digu euskarazko irrati publiko batean pertsonaiek euskañola etengabe erabiltzeak. Diglosia egoera batean bizi gara, bai, baina gureari ezin eutsi gabiltza. Aipatu zuen duela gutxi Kike Amonarrizek, euskañol hori gutxi gorabehera, español bihurtzen dela azken batean. Baina beti da errazagoa Iparraldean euskara galbidean nola doan esatea, norberaren zilborrari goroldioa kendu beharrean.
Frantsesezko gatêau exotikoan erortzen gara eta bide batez, espainierazko gato batean bihurtu: utz gaitzatela nahi duguna egiten, aske bizi gaitezen modu linguistikoan; nahi dugunean itzuliko gara eta, kontzientzia ate joka datorkigunean, edo.
Azken kontu bat urtea ondo amaitzeko: Iparraldean bada Haria izeneko proiektu polit bat. Harpidetza baten truke, Euskal Herriko haurrei euskarazko liburuak bidaltzen dizkiete etxera, adin tarteka sailkatuta. Iparraldetik dator, exotikoa da, aggaro hitz egiten dute baina euskaraz da dena, liseritu dute gatêau-ak zekarren lauburua. Menturaz, malerusak mugaz beste aldekoak gara.