Gerra garaian, 1937ko udaberrian, Bizkaiko kostalde gainetik Alemaniako bi ehiza hegazkinek abioi frantses bat metrailatu zuten. Eta Sopelako Sagondo baserri aurrera erori ziren frankistek tirokatutako aireplanoa eta tripulazio zauritua.
Maiatzaren 26ko goiz hartan gertatutakoa ikusi zuten etxekoek.
Horien artean bi umek.
Nik ahizpa txikiarekin, Bene Markaidarekin, hitz egin nuen joan den igandean. Telefonoz aritu ginen. Kariñotik eta pazientziaz xehatu zidan bere haurtzaroko gertaera. Galzorian dagoen Sopelako euskalkian mintzatu zitzaidan mugikorraz bestalde. Bere berba bakoitza ariketa genealogiko bat bailitzan, balak amnesiara; horrela iritsi zitzaizkidan Beneren azalpenak. Eta niri ere nire jaioterriko memoria politiko-emozionalaren pasarte bat ilustratzen lagundu zidan.
Kontatu zidan hegazkina etxe aurreko larrera erori zenean oso txikia zela (bi urte zituela, eta ahizpak lau) eta gutxi gogoratzen dela jazotakoaz. Haurtzaroko oroitzapen laino horietako bat zela hura.
Baina gero «abioian zatitxukez olga itxen gendule akordaten naz».
Horretaz bai.
Nolakoak diren ume-begiak.
Puzzlea urteak pasatuta muntatzen joan ziren ahizpak (bost izan ziren guztira): umezaroko oroimen txatalez, etxekoei entzundakoez, gerraosteko bizipenez eta gerora prentsan eta telebistan publikatutakoekin osatu dute istorioaren trama.
Gerora jakin zuten Baionatik Bilborako postari lanak egiten zituela hegazkinak. Izan ere, gerra garaian Errepublikaren esku zeuden eremuekin harreman komertzial eta politikoak mantentzeko sortu zuten Air Pyrénées aire konpainiakoa zen. 1936ko urriaren 21ean erabaki zen bi hirien arteko zerbitzu erregular bat sortzea.
Eta bidaia horietako batean erasotua izan zen hegazkin hura: «Lekitxo ingerun hasi jakozen faxistak ametrailaten». Leopold Galy pilotua Lea-Artibai inguruan zauritu zen eta lurreratze behartua egin behar izan zuen baserri aurreko landan. Hegazkin berean zihoazen Antonia Larrañaga gernikarra (Zabalbeaskoa Eusko Jaurlaritzako garraioetako agintariaren emaztea), Jose Luis Biziola (Hornidura eta komertzio kooperatiben delegatua), Amador Lopez (Correoseko Bizkaiko arduraduna) eta Iban Zarate (Juventudes Socialistas Unificadaseko delegatua).
«Etxek dar-dar itxen yun» hegazkina gainetik pasatu zenean. Imajinatu etxeko teilak dantzan. Helizeen eta motorraren burrunba. Zarata hori. Abioia baserri aurrean erori, eta sustoa pasatuta, gurasoak eta izeba-osabak «karraderan» hurbildu zirela kontatu zidan.
—¿Con quién estamos? (Norekin gaude?) —bezalako zerbait galdetu zien pilotu zaurituak beldurrez etxekoei.
— Con amigos (lagunekin). Con la república (errepublikarekin) —erantzun omen zioten baserrikoek.
Liburu batean ere argitaratu zen une haren erretratu zuri-beltza. Argazkian abioi puskatua ikusten da Air Pyrénées F-APPQ matrikula frantsesarekin, eta izkinatxo batean, hor daude: Bene eta Ana Mari ahizpak. «Puntutxu bi ikusten dire. Gu biok gare. Txiki-txikitxuk».
Ama etxera itzuli zenean bi ahizpak ohe azpian beldurtuta aurkitu zituela kontatzen dute.
RTV2n 2010ean argitaratutako Los espías de Franco dokumentaleko fotograma batzuetan ikusi zuten Sagondoko ahizpek baserri aurrean jausitako hegazkina, eta oraindik barruan dirauen ume ahotsaz zera esan zuten: «Aiko! Hau geure abioitxu da-ta!».