Iritsi da berriz. Zera dio mezuaren izenburuak: «Eskerrik asko Gran Flora Beauty Salon and Spa-ra etortzeagatik». Baina ni ez naiz Gran Flora Beauty Salon and Spa-n egon inoiz. Ez dago nire inguruan Grand Flora Beauty Salon and Spa-rik ere. Eta orduan? Malagon, zergatik bidaltzen dizute mezu hau zure bisita eskertzeko? Munduko txokoren batean badagoelako nire email helbidearen oso antzekoa duen norbait. Eta norbait hori bai, norbait hori Gran Flora Beauty Salon and Spa-ra joaten da. Maiz. Oso maiz.
Nire ikerketatxoa egin ostean jakin dut Grand Flora Beauty Salon and Spa Dubain dagoela. Normalean hitzorduak arratsaldean hartu ohi ditu ni ez naizen beste pertsona horrek. Hitzordura heltzeko bezperan bidaiatu beharko nuke ile inplanteak jarri nahi dituztenekin batera, Istanbulen eskala egin eta gauerdian iritsiko nintzateke Dubaira. Inplanteen beharrik gabe eta izerdi patsetan.
Grand Flora Beauty Salon and Spa-k merkataritza gune batean ireki behar duen egoitzaren inauguraziorako gonbidapena heldu zitzaidan aurrekoan. Itxura ona zeukan ekitaldiak: jolas dibertigarriak, aktibitate interaktiboak, opariak, janari goxoa, zuzeneko musika, eta abar. Dena Dubain bakarrik posible den luxuzko giro horretan, non guztia beix leun, beltz edo urrezko kolorekoa den. Non urre horrek beste edonon ez bezala distiratzen duen, esklabotza legalaren bizkarraren gainean ezarritako marmolezko zoru bat zapaltzen ari zarela ikus ez dezazun. Kristalezko bola baten barruan irudikatzen dut Dubai, buelta ematerakoan urrezko hondar fin bat erortzen zaiola. Luxu hauskor bat, artifizioz beteriko oasi bat basamortuaren erdian.
Urre, marmol eta Louis Vuitton poltsoetatik haratago, hain agerikoa ez den luxuaren beste industria hori dago. Ez dena objektuetan islatzen, tratuan eta esperientzian baizik. Hotelek eta hegazkin konpainiek oso ondo ezagutzen dute. Aukera gehiago eskaintzen dizkizute, pertsonalizatuagoa bihurtzen da dena. Zure gustura egokitua, erosoagoa. Norbaitek pentsatu du, norbaitek diseinatu. Orkestazio bat dago horren atzean, gaizki ordaindua ziurrenik, agertokiaren atzealdean gertatzen. Magia ematen du baina Oz-en magia da. Zure beharretara aurreratzen direla ematen du baina egia zera da, ez zenuela horren beharrik aurrean jarri dizuten arte.
Diseinatzaile bezala, amorru handia ematen dit diseinua luxuarekin identifikatzen denean. Prozesuak, objektuak edo esperientziak erabiltzailearen ongizatea kontuan hartuta definitzea gutxi batzuentzat eskuragarria den zerbait izango balitz bezala, eta ez herritarron eskubide bat. Garai bateko luxuzko hainbat gauza normalagotzat ditugun arren, zoritxarrez badira arruntak zirenak eta gaur egun luxuzko bilakatu direnak, osasunaren, hezkuntzaren eta gizartearen oinarriko hainbat alorretan. Gauza askoren funtzionamendu egokia planeten alineazioaren menpe utzi dugu. Eta zorian ez dago diseinurik.
Likidoa da luxuaren definizioa, nahiko subjektiboa, kulturala neurri batean. Ez da gauza bera Cotswold-etan, Parisen edo Abu Dhabin. Batzuentzat luxua izan daitekeena besteontzat nabarmenkeria da. Latineko luxuria hitzetik dator luxua, gehiegikeriak, desordenak eta erregela moralak alboratzen dituen jarrera dat definitzen zuen Erromatarren Errepublikan. Erregela moralak alboratzen dituen luxu minimalistak ere baditugu orain.
Eskaintza maximalista anitzak ditu Gran Flora Beauty Salon and Spa-k. Manikura. Pedikura. Bainu marokoarra. Zer diren ez dakidan arren, probatuko nituzkeen gauzak. Horren ordez, nire etxeko dutxan sartzean ur-berogailua ez dabil. Ur hotza azaleko poroak irekitzeko eta zirkulaziorako ona dela irakurri dut, baina ez dakit, tratamendu honek ez nau gehiegi konbentzitzen.