Inaki Galdos

Hamar urte

2024ko urtarrilaren 16a
05:00
Entzun

Gaur betetzen dira hamar urte Podemos alderdia Madrileko Lavapies auzoan aurkeztu zenetik. Aita Donostiak Baztango Arraiozen duela mende bat inguru jasotako abesti zaharrean ez bezala, Aita Jainkoak emandako giltzen beharrik gabe agindu ziguten zeruetako ateak irekiko zituztela asalto bidez, herri osoa salbatzeko; ez soilik aita, ama, anai-arrebak eta maite polita. Hamarkada honetan mugimendu horren baitan gertatzen joan denari buruz idatzi izan dugu arkupe honetan: gainbehera deitu genion lehen ekarpenari, gainbehera eta haustura bigarrenari, zatiketak gauzatuak zirelako ordurako. Lerrokadarekin jarraitu izan bagenu, gainbehera, haustura eta hondamendia izango zatekeen gaurko honen izenburua, baina aseptikoagoak izatea pentsatu dugu, ur handiegitan sartu gabe, eta urteurrena aipatu.

Mugimendua sortu zen une beretik joan ziren argitaratzen liburuak Espainian gertatzen ari zen fenomeno bitxi hari buruz, podemologoak erruz bazter guztietan. Hamar urteren bueltan, ezer gutxirako balio dute ekarpen haietako gehienek —orduan ere ez asko, egia esan— batez ere aurreikuspen (ia) guztietan huts egin dutelako idazleok. Bazegoen, hala ere, nolabaiteko adostasun bat Podemos 2011ko M-15 (maiatzak 15) mugimenduko oinordeko gisa hartzeko orduan, nahiz eta, jakina, bazeuden aurrekariak urte batzuk lehenagotik, Islandian hasi eta Bolonian jarraitu, besteak beste, Stéphane Hessel-en liburu ospetsua ahaztu gabe.

Oinordeko izateak, oinordeko izaera onartzeak, ez du esan nahi, hala ere, denak daudenik ados hori horrela gertatu izanarekin. Podemosen olatu izugarriak ia guztia isildu eta ezkutatu zuen arren, ez ziren M-15 mugimenduko kide ohi gutxi izan ahotsa altxatu zutenak. Laburbilduz, askorentzat alderdi berria katalizatzaile logikoa bazen ere, sektore kritikoentzat —edota beste alderdi berri batzuekin saiakera hutsalak egin zituztenentzat— usurpatzaileak besterik ez ziren supituan denon ahotan hartu genituen lider berri haiek. Bide batez, mugimendu berriaren hamargarren urteurrenean (2021) oso kronika interesgarria idatzi zuen bertan —batez ere Madrilgo Puerta del Sol plazan— modu aktiboan parte hartu zuen Ernesto Castro irakasle, idazle, filosofo, youtuber edo dena delakoak, irakurritakoan barre algararen bat ere sortu ziguna, kanpaldi hartan bizi izan zituztenak hizpide. Baiki, beharrezkoa zen haren guztiaren desmitifikazio ariketaren bat ere.

Castroren ekarpen honen gisan, eta olatua aprobetxatu nahian presaz idatzitako hasierako testuetan ez bezala, izan dira beranduago ikerketa, kronika eta analisi interesgarri askoak, aparraren igoera eta jaitsiera ondo azaldu dutenak. Iñigo Errejon izan da horietako bat, Argentinako (beti Argentinara begira madrildarra) Jacobin aldizkarian duela hiru urte idatzitako artikulu luze eta mamitsu batean. Oso ondo josia hasieratik, baina zozoa eta belearenean erortzen dena alderdiaren baitan izan zuen bere ibilbide pertsonal eta politikoa aztertzen —zuritzen— hasten denean.

Hori baita, azken finean, hamar urteko ibilbidearen inguruan egin daitekeen laburpen gordinena, eta aldi berean ankerrena. Benetan baita etsigarria ikustea nola den posible inoiz alderdi batek izan duen zuzendaritza jantzienak pikutara botatzea milioika pertsonaren babesa lortu zuen proiektu bat, ez (sekulako) diferentzia politiko edo estrategikoak zirela medio, zozoaren eta belearen arteko xextrengatik baizik. Jarraitzen duten xextrak, portzierto, zatiketaren ondoren espazioa orain osatzen duten bi alderdi nagusien eta ingurukoen artean. Benetan da dramatikoa gertatzen ari dena. Sekula botorik eman ez badiogu ere, pena hartzen dugu, horrelako proiektuak sendo behar direlako. Eta pena hartzen dugu, baita ere, Euskal Herrian bertan izugarrizko lana egin duten militante eta militante ohi askorengatik. Gertatu dena, gertatzen ari dena, hasieran haserre, gero triste eta orain behiak trenari bezala begiratzen dioten langile, errebelde, ameslari horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.