mikel elorza

Inbasio oso lurtarrak

2025eko azaroaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gu gazte ginela txalupa guztietan txakurtxo bat ohi zuten eta inbasioak bi eratakoak izaten ziren: estralurtarrenak eta AEBetako armadarenak. Nagusiki Hego eta Erdialdeko Amerikan, baina planetako beste edozein kontinentetan ere izan zitezkeen. Estralurtarrak berdeak ziren jeneralean, eta gureen aldean oso kanon estetiko diferentea zeukaten.

Hain gazte ez garela, estralurtarrak gure artean bizi dira, soziedadeko bazkaritan topa dezakezu baten bat, auzokideen batzarrean, sare sozialak mukuru daude, eta aspaldian buruzagi politiko izatera iritsi dira, ustez oso lurtar den jendeak boto parrastada emanda. Eta jada gure kanon estetikoa ere adoptatu dute (berde beharrean laranja kolorekoa da baten bat).

Inbasioak, berriz, gaurkotu egin dira. AEBek jarraitzen dute mundu zabalean CIA eta soldaduak erabiltzen diplomazialari, sheriffaren plaka erakutsiz aurkezpen-gutun gisa. Baina zuzenean jardutea baino, kolaboratzaile autoktonoak baliatzea hobesten dute, odol zipriztinak ez baitzaizkie itsasten droneei, eta besteren baliabide ustiaketari import-export izena jarri diote.

AEBek segitzen dute nagusi, beraz (gazte ginela ikasi genion Benedettiri yankees go home ordez yankees stay home idatzi behar genuela hormetan: hala da egun ere; hori bai, Ertzaintzak pintadagatik atxilo har zaitzan arrisku latzarekin), gringoak nagusi, baina ez dira bakarrak: Errusia, Israel, Maroko, Txina, Sudan… beste batzuk ere badabiltza aldameneko estatuetan aztarrika.

Baina inbasio horiek gugandik urruti gertatu ohi dira, eta gugan ez daukate erasan emozionala baino askoz gehiago. Badira, ordea, bestelako inbasioak, marineen ordez Google, Disney, Netflix, Amazon, Microsoft eta abarren bitartez gauzatzen direnak. Tiroka dabiltzan mutikote beldurgarriak baino askoz tropa efikazagoa da, eta gu gazte ginela heroina zainetan bezala, muineraino inbaditu gaituzte pantaila eta fedabide bitartez. Lur emankorra topatu dute gugan, eta errotu dira eta hazkunde etengabea dute, ez gaituztela inbaditu, ezpada guk geuk garatu dugula konbentzitzeraino. Asimilazioaren gorena gu gazteona.

Inbasiotzat, hain zuzen, beste bat bizi dugu: migranteena. Eta kezkaz bizi, ideologiko-kulturala ez bezala. Migrante pobreena, jakina, besteei talentu edo fitxaketa deitzen diegu, eta haiekin lotuta —baina sotilki, loturarik egin nahi ez balitz bezala—, segurtasuna daukagu. Boladako kontzeptua, komunikabide eta tertuliak inbaditu dituena. Kezka nagusia, esaten zaigu, eta hala ez bada ere, esatearen esatez halakotzat joko dugu. EAEko hagintari zenbait egoskortuta daude, eta mezua etengabea da, segurtasun faltarena, Polizia gora eta behera… Azkena, mundiala, Basque Segurtasun Foroa antolatzea aste honetarako: gure jakintza milenarioa ergeltasun galaktiko bihurtu dugu.

Beti pentsatu izan dut segurtasunaren adierazgarririk behinena kontrol eta zigor seinaleen gabezia zela. Zenbat eta Polizia, burdin-hagaz babesturiko ate-leiho, morroilo, kamera… gutxiago, orduan eta toki seguruagoa. Eta alderantziz, Poliziaz, kamerez, kontrolez, espazio debekatuz betetako tokiak segurtasun faltaren sentsazioarekin bizi ditut.

Kontrakoaz konbentzitu nahi gaituzte; baina, horixe sustatzen ari dira. Eta hala bizi ez badugu ere, hala dela errepikatuko eta erreplikatuko digute eta, azkenerako, panpa-lezkak eta Asiako liztorrak bezala, habia egingo du gugan. Gu ere segurtasunaren alde garete.

Eta azken digresio tangentzial bat, baina segurtasunarekin eta zibilizazioz mozorrotzen ziren inbasioekin zerikusia duena: Louvre museoak (eta Britishak) ozen salatu ditu lapurretak. Museo horiek, preseski horiek, lapurreten aurka! Marka da. Esaera berria gogora dezagun: lapurraren lapurra… hurra, hurra, hurra!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.