mikel elorza

Itzalak eta argiak

2025eko maiatzaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hainbat eremutan –euskalgintza, ekologia, iraultza libertario sozio-politikoa…-- piztualdia da estimatuko genukeena, itzalaldia lehen ere badagoelakoan. Eremu horietan, eta beste batzuetan, gainezka egingo luketen energia berriak eta berriztagarriak desio ditugu, baita jendartearen sistema elektriko osoa erotzeko arriskuan jarriko balute ere. Bereziki sistema erotzeko arriskuan jarriko balute! Baina ez, zoritxarrez hainbat alorretan –euskararen erabilpena, larrialdi klimatikoa—agortutako pilak daude ugari, entxufe zaharrak, kable higatuak: belozidade izugarrian bizi gara baina oso motel gabiltza. Eta energia positiboa askatzeko gai garenetan berehala datoz fosilak ekimen berri eta berriztagarriak deskonektatzera.

Euskarak administrazioan aurrera egin dezan, hots, euskaldunok gure eskubideak normaltasunez bete ahal izan ditzagun auzitegietatik bata bestearen ondoren datozen erabakiak dira horren adibide. Zirkuitulabur longaindunak. Kalanbrea euskal hiztunoi. Ez dezagun ahantzi: erasoa ez zaio egiten euskarari, euskaldunoi baizik. Egunotan dugu, itzalaldia lehorraldi bilakatu aurretik gar batzuk pitz ditzakeen Euskaraldia.

Itzalaldiak utzi zuen agerian, apurtxo bat iraun zuen tokietan, argialdi garaia bizi dugula. Baina ez argi ibiltzen garelako, ezpada argi gastu maila eskandalagarri batera iritsi garelako. Gutxitan ematen dugu argia, gutxik egiten du argia, gehienok eta gehienetan argia gastatu egiten dugu. Esan izan dugu: energia ez da sortzen ez deuseztatzen, kontsumitu egiten da. Hain zuzen ere, energia kontsumo eta ereduei buruzko artikulu argigarria (batzuek ematen dute) idatzi zuen lehengoan Aitziber Sarobek: irtenbidea ez dago energia berriztagarrietan —zeinek argindar izugarria behar duten—, desazkunde ereduak garatzean baizik. Itzalaldi gehiago behar dugula, ulertzen dut nik, kontrolatuak, iraunkorragoak, egiturazkoak. Beste modu batean esanda, eta energiaren alorrean bezala beste askotan —suntsitze bidean jarria dugun planeta nahi baino lehenago itzaltzea nahi ez badugu—, baraualdia. Barau egin beharra dago Lurra agorraldian sartuko ez bada.

Itzalaldiak jendarte gisa ditugun ahuldadeak zein argi erakutsi zituen arreta eman zidan. Motiborik gabe alarmatzen eta munduaren akabera iragartzen dutenak badaude, eta kandela- eta pila-salmenta handitu dela entzunda samaldaka ilara horiek gizentzera egiten dugula ukaezina da, baina esango nuke jendeak oro har kezkaz baina trankil samar hartu zuela.  Kezkaz, eta arrazoiz, osasun-arazoak izan, larrialdietan ibili edo galera ekonomikoak jasan dituztenek, baina soseguz. Trankil hagintariengandik lasaitzeko aholkuak ematen dizkizuten arte, jakina. Jendea nerbiosteko ez dago hoberik lasaitzeko esatea baino (antsietateak pairatu dituenak ederki asko daki).

Arreta eman zidana da egiaztatzea ahulak ez ezik, zein menpekoak garen. Energia, zerbitzu, telekomunikazio eta abarren menpe bizi gara eta, honek bai kezkatzen nau, ez daude gure eskuetan. Publikoaren garrantzia azpimarratzen dit horrek. Ura, energia, telekomunikazioak, baliabide oinarrizkoak, garraioa, osasungintza, hezkuntza… publikoak direnean ere, gure kontroletik kanpo daude eta halamoduz kudeatzen dira. Bada pentsa dena pribatua denean, merkatuak hagintzen duenean.

Publikoa, alegia guztiona, zaindu beharra daukagu, eta landu. Eta ez da iraultza handi eta utopiez hitz egitea, eguneroko politika eta beraz erabakietan balio batzuen (edo besteen) arabera jardutea baizik.

Gure bizialdiak itzalean pasa ez ditzagun, batik bat besteren itzalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.