Zera zioen REM taldearen 1998ko abesti eder batek: «Jende guztiak gorroto du irakasle tristea» eta egia da amildegi bat zabaltzen dela tristura eta arazorik entzun nahi ez duen munduaren artean. Distantzia horrek pertsona tristeen isolamendua besterik ez du areagotzen. «Triste zaude? Ez zaitez triste egon» esatearekin konpontzen ez den goibeltasun hori ez da eguraldiarekin edo ordu aldaketarekin argitzen. Pertsona euritsuek ez dute aterperik, intenperie sozial batean bizi dira. Ez dut esango kasuren batean euri hori performatiboa ez denik, guztiok ezagutzen baitugu pena ematearen bidez nartzisismoaren soka finaren gainean ibiltzen saiatzen den norbait, baina ez dut uste kasu arruntena hori denik. Haserre daudenek entzuten uzten ez duten bitartean, jende asko benetan goibel eta isilik dago.
Nartzisismotik harago, eta tristuraren performance-ari begira, bada goibeltasun horren gainean nortasun bat eraiki duena, agian berezkoa ez dena, baina bai artistikoa. Eta kasuren batean, beharbada errentagarria ere. Erabiltzaile triste pare bat agertu zaizkit Instagramen azkenaldian, bakoitza bere antipoda kulturaletik, goibeltasun horren gainean edukia eraikitzen. Club.Tristeza, emakumezkoa, Mexikon bizi da. Ez galdetu zergatik, baina azentu mexikarrak zerbait nekatua eta malenkoniatsua du niretzat. Gazte honek kadentzia hau muturrera eramaten du triste ez egoteko egiten dituen gauzak azalduz argitaratzen dituen bideoetan. Esan beharrik ez dago triste ez egoteko egiten dituen gauzak ez direla bereziki alaiak. Egunerokotasunaren gauza txikiak dira: arrautza sandwich bat prestatu, zerbait josi, mikrouhin labea garbitu. Eta hala ere, trapu bat hartzen duen bakoitzean, Everesten tontorrera igotzen ari dela iruditzen zaizu. Eta zu berarekin.
Beste erabiltzailea gizonezkoa da eta Txinako hiri batetik bestera dabil (ez dakit zenbat mudantza ikusi dizkiodan jada), inorekin apenas hitz egin gabe. Bizitza nomadak bere gauzak izango ditu, ez dut esango nik ezetz, baina harreman esanguratsuak eraikitzearena ez da horietako bat. Hori da Zaza in China-k bizi duena. Adimen artifizialaren bidez sortutako narratzaile batek kontatzen dizu bere bizitza (gauez atera zenekoa hipnotikoa da), bihotza puskatuko dizun zirrara inpostatu bezain errobotiko batekin. Ez nuke esango goibeltasunaren erakusgarria izatea bilatzen duenik. Alderantziz, zoriontsua dela sinetsarazi nahi digu guztioi eta, batez ere, bere buruari.
Haserre daudenek entzuten uzten ez duten bitartean, jende asko benetan goibel eta isilik dago
Urte hasierako telefonorako aplikazio arrakastatsuetako bat Are you dead? delakoa izan zen Txinan. Irakurri nuenean, gure inguruan desagertuta ibili denari galdetzen zaion «bizi al gara?» hori etorri zitzaidan gogora. Aplikazio horretan, erabiltzaileak berrogeita zortzi ordutan gutxienez behin check-in egin behar zuen, eta huts eginez gero, aukeratutako kontaktu bati abisua bidaltzen zitzaion. Kontaktu honi egokituko zitzaion orduan galderari erantzutea. Hilik, bizirik, zer. Edozein kasutan, bakarrik. Txinako Gobernuak aplikazioa debekatu egin zuen, badirelako onartu nahi ez diren porrot arrakastatsuak.
Estatubatuarrei amets amerikarra amaitu zaie eta faxismoaren amesgaizto bilakatu, Txinan turbo-garapenaren prezioa ordaintzen ari dira, Afrika eta Hego Amerikari buruz nondik hasi, eta Europarekin zer egin ez dakigu ere. Deprimituak, aspertuak, bakarrik daudenak saihestea ezinezkoa suertatzen da, guztiok gaudelako maila batean edo bestean horrela. Gu ere geure buruari ondo gaudela konbentzitu nahian, egunerokotasunaren anbiziorik gabeko gauza txikien monumentaltasuna ospatzen.
Sukaldea garbitzeko esponja berri bat estreinatu dut gaur eta ez dakizu zein ondo.