Irati Zubia Landa.

Nostalgiaz

2025eko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den astean, urriaren 12an, hemeretzi atxilotu eta hainbat zauritu izan ziren Gasteizen. Gazte antifaxistei jazarri eta jipotu egin zituen Poliziak, eta, berak blindatuta, falangistek elkarretaratzea egin zuten. Biharamunean, faxisten eta «euskal faxisten» (zer da, zehazki, dikotomia hori?) biolentzia salatu zuten Segurtasun sailburuak eta sailburuordeak. Faxisten probokazioak elikatu behar ez direla dioten batzuk, indarkeriaren erabilera oro gaitzetsi duten beste batzuk. Eta oraindik ere polizia gutxiegi direla argudiatzen duten poliziak. En fin, zoroa da zeharo gure orainaldia. Kontuak kontu, egun horretan zanpatutako orkatila, ubeldutako bizkar eta kargen burrunben gainetik, hasieratik amaieraraino aditu zen ereserki falangistaren sintonia.

Hitz egin nahi nuke nostalgiaz, irakurle. Baina tantaka datozkit ideiak. Pixka bat, memoriak funtzionatzen duen eran. Izena gogoratzen ez dudan norbaiti aditu nion nostalgiarik ez dela gelditzen galtzaileentzat; irabazleen kontua dela hori. Hartzen diot zentzurik, eta datozkit frankismoa eta gerra zibila. Senideen gorpua topatu ezinik dabiltzan milaka familia edo, tokia ezagututa ere, baimenik ez eta hamaika mila errepideren azpian desobiratu ezinean dabiltzan horiek denak. Josu Chueca historialariak azaldu zidan trantsiziozko lehen urteetan polizia-dokumentu andana suntsitu zela, eta izan beharko genituzkeen artxiboak, Francoren artxiboa bera, desagerturik daudela. Nire belaunaldiko askori bezala, tantaka heldu zaizkit historia apurrak, nostalgiak baino gehiago, amorruak eta tabuak zeharkatuta. Hurrengo zutabean, kontatuko dizut kide maite batekin izandako solasaldiak emandakoa. Gaur, ordea, itzul nadin harira: ez omen nostalgiarik galtzaileentzat. Probintzia plazan, behintzat, karga polizialekin gotortu zen batzuen nostalgia aktua. Akaso, horixe da nostalgiaren inguruan argitu nahi nukeen lehen galdera. Nork eta zertara bueltatzeko balia dezakeen nostalgiaren karta.

Jason Stanleyren How Fascism Works-en bada pistarik. Hark zioen nostalgia dela erretorika faxistak interpelatzen dituen lehen pasioetako bat. Ezagun izango duzu Make America great again, eta, orobat iragan loriatsuei gorazarre egiten dieten aldarriak. Esanguratsua da zein diskurtsok bilatzen duen nostalgia publikoa kitzikatzeko.

Jose Esteban Muñozek, esaterako, zioen historia kuirra egin nahi denean «orainaldi heterosexualaren zaindari zorrotz batekin» topo egiten duela batek (bide batez, eskerrik asko, Danele Sarriugarte, Beste berbait idaztegatik eta hainbat testu erreskatatzeagatik). Ezabatutako historia batez ari da, genealogiak eta artxiboak egiteko ezintasunaz. Baina balio du orainari begiratzeko ere. Posible da indarrean dagoen horrekiko nostalgia? Zeren, nostalgiaren erretorikaren tonika antzekoa sumatzen diet familia nuklearra arrisku bizian dagoela edota emakume kategoria ezabatzen ari dela dioten mezu terfei.

Joan den urriaren 12an, enegarren nostalgia erakustaldia egin zen nire hirian, negargarria zeharo: Nao Santa Maria itsasontziaren erreplika heldu zen kaira. «Colonen Amerikako konkistaren 533. urteurrena omentzeko», zioten. Baina, Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren une berean, beste genozidio bati gorazarre egiteko ekarri dute, Gora Donostia Dekoloniala taldeak ongi seinalatu bezala. Nostalgiaren beste aldaera bat zapalkuntzak edulkoratu eta pribilegioak justifikatzen dituena izango da, segur aski.

Bulebarreko izozki dendako ilaran izan ohi duten aspertu aurpegi berberaz begiratzen diote turistek ekarri duten tramankuluari. Haiei zelatan, Peri Rosi poeta uruguaitarraren ahotsa datorkit. Nostalgiaren inguruko beste lezio bat dakar: historia, ezabatu ez ezik, berridatzi ere egiten dela. «Konkistatzaileen hizkuntzan mintzo naiz, hala da, baina haiek diotenaren kontrakoa diot». Zoroa da zeharo gure orainaldia, irakurle. Utzidazu sinesten, arren, izango garela gai noizbait ezabatzen ditugun ahotsak aditzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.