Ameriketako Estatu Batuetan carpetbagger deitu izan zaie, Frantzian parachutiste eta Espainian historikoki cunero, nahiz eta —agian frantsesaren eraginez— paracaidista hitza den aspaldion hedatu dena. Argi dezagun aipatu estatuetako eta mundu osoko politikaren historian ñabarduraz jositako kasuistika zabala dagoela aferaren inguruan eta, beste testuinguru batean, azalpen zehatzagoa beharko lukeela gaiak, baina gaurko arkupera ekarri nahi den gogoetarako balekotzat hartzeko modukoa da esatea paraxutistak eurenak ez diren barrutietan aurkezten diren politikariak direla.
Jakina, gurean ere asko izan ditugu horrelako jarduerak, nahiz eta ez diren denak arrazoibide berdinarekin gauzatu. Adibidez, gure historiako bi momentu garrantzitsu aipatzearren, karlismoa zatitu zenean, Ramon Nocedal integristen buruzagi madrildarrak Azpeitiko barrutia aukeratu zuen 1891ko hauteskundeetan (eta hurrengoetan) diputatu izateko, hori zuelako aulkia lortzeko aukerarik garbienetakoa. Lau hamarkada beranduago (1931), handik bost urtera lehendakari izango zen Jose Antonio Agirre Bizkaitik eta Nafarroatik aurkeztu zen aldi berean (legeak ahalbideratzen zuen hori), baina horrek sekulako arazoak sortu zituen alderdiaren baitan, nafarrek ez zutelako begi onez ikusi erabakia, sakonean zegoen arrazoia tarteko: hauteskunde haietan zituzten aliatu tradizionalistek Manuel Aranzadi betatu izana, Nafarroako hautagai naturala zena. Adibide batzuk besterik ez dira aipatuak, baina ez dago hemen kolore politikorik horrelako bekaturik egin ez duenik, balio beza hitzak Aste Santuaren bueltan.
Historiak historia, gaiak jendea inoiz asaldatzen badu, udal hauteskundeen atarian izaten da, normala denez. Horretan gaude Euskal Herriko hegoaldean eta hautagaitzak ezagutzen ari garen neurrian ezinbestean bihurtu da hizpide paraxutisten gaia. Boteprontoan, denak prest egurra emateko, baina gogoeta sakonagoa ere merezi du arazoak. Hasteko, ez direlako denak otzara berean sartzekoak; eta jarraitzeko, bizi dugun egoera kezkagarriaren ispilu eta ondorio ere badelako gertatzen ari dena, serioago hartu beharko genukeen egoera.
Badaude zerrendak alderdiek herrietan kanpotarrekin aurkezten dituztenak, nahiz eta aukera izpirik izan ez zinegotzi bakarra ere lortzeko. Baina egun berean ospatzen diren beste hauteskundeetan (Batzar Nagusiak eta Nafarroako Parlamentua) jendea botoa ematera etxetik ateratzeko beharrezko jotzen dituzte eta horregatik aurkezten dituzte. Zilegi da horrela jokatzea eta, gainera, normalean ez dute eraginik izaten udalbatza berriak osatzeko orduan. Beste kontu bat da ikustea, ordezkaritza izateko aukera garbiak dituzten herrietan hainbat alderdik izaten dituzten arazoak zerrendak herriko jendearekin osatzeko —sarri herritar bakar bat ere lortzeko— paraxutista deituriko horien beharrik gabe. Bada, jende askok —gehiengoak—kritika zorrotzak luzatzeko arrazoiak ikusten dituzten tokian, beste batzuek benetako arazo larria dagoela deritzogu.
Behingoz onartu beharko dugu zerrendak osatzeko orduan bizi den presio soziala ez dela berdina alderdi guztien jarraitzaileentzat. Kalean, lanean, lagunartean, seme-alaben bizitzan... dituzten ondorioengatik askoz ere zailagoa dela batzuentzat urratsa ematea beste batzuentzat baino. Eta hori gabezia handia da, denok onartu beharrekoa, guk geuk botoa ematen diogun alderdiaren arazoa izan edo ez. Distortsioak sortzen ari da gainera egoera hori hainbat eta hainbat herritako mapetan, ez baita erraza sinestea udalbatza askoren osaketek benetan erantzuten dietela herri horietako soziologia politikoei. Herri gisa ere libreagoak izango gara, herritar guztiek askatasun osoa sentitzen dutenean tokian tokiko dinamika politikoetan parte hartzeko. Udal hauteskundeetan paraxutistarik ez egoteko biderik egokiena, haien beharrik egon ez dadin baldintzak sortzea da. Eta hori, tamalez, ez da oraindik gertatzen.
ARKUPEAN
Paraxutistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu