Ana Malagon.

Sare fungalak

2025eko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nire Instagrameko kontuan pixkanaka onddoak ateratzen hasi zirenean algoritmoaren udazkenizatze prozesu baten ondorio izango zela pentsatu nuen. Zergatik jarraitzen dudan Instagramen sartzen nik neuk ere ez dakit, baina kontua zera da, onddoak atera zirela, gure dendetan inoiz ikusi ez ditudan onddoak. Ahuntz bizarra (ingelesez lion mane [lehoiaren melena] deitzen dena) desagertzear omen dago gure inguruan, Aranzadi Zientzia Elkartearen arabera, baina hor zeuden atzerriko influencerrak, zartagian onddoei buelta eta buelta ematen, bere onurak, hain beharrezkoak ditudan onurak, goraipatzen zituzten eta ukatzen zitzaizkidan bitartean. Fokua, energia eta kontzentrazioa hobetzen omen ditu ahuntzaren bizarrak, hots, ahuntzarena ez egiten laguntzen omen du. Garai batean, haluzinatzeko hartzen ziren onddoak, gaur egun, soja saltsa eta belarrak bota eta haluzinazio txar bat dirudien errealitate batean produktibitatea mantentzeko gomendatzen dizkizute.

Handik gutxira, onddoak modu prozesatuagoan agertzen joan ziren, kafe edo kakao disolbagarriaren antzeko hauts bilakatuta. Onurena aipatzen zidaten berriz, eros nezakeen formatu batean oraingoan. Zorionez, hautsen prezioa ez zen nahikoa tentagarria, eta, are gutxiago, ahuntzaz mozorrotutako lehoia tarteko, Instagrameko erremedio saltzaileen iruzurraren biktima izatearen aukera. Batek bere duintasun eskasa du.

Eta azkenik, etxean onddoak hazteko teknologia eskaini zidaten, eta, hor bai, hor momentu batez zalantza izan nuen, algoritmoa nire do it yourself frustratuari deitzen ari zitzaiolako, eta frustratu bezain fuerteak izan ohi dira nire grinak. Behar ez nuen eta nire argindarraren faktura lardaskatuko zuen tramankulu bat erosteko irrikari eutsi egin nion ez dakit nola. Tira, badakit nola: zaldi basatiei (ez ahuntzei, ez lehoiei) eusten zaien bezala.

Instagramen, (kendu iezadazue aurretik, arren) berekoikeriaren, indibidualismoaren eta azalekotasunaren baso basati horretan, onddoen erabilera eta onura pertsonalez dihardute, baina ez da hori onddoek duten gauzarik interesgarriena. Aberasgarriena, askotan gertatzen den bezala, lurrazpian gertatzen da, lur hezeen klandestinitatean. Natur zientzietako liburuen marrazkietan ikusiko zenuen akaso, nola zabaltzen diren lurpeko sare fungal amaigabeak. Metafora gisa erabili izan dira gizartean sare organikoak deskribatzeko, lankidetzan, garraioan, ekonomian, artean eta bestelako arlo batzuetan.

Elikagaiak garraiatzeko sare fungalak dinamikoak dira, adar asko dituzte eta zoru zati zabal bat har dezakete. Sare horretatik ez dira onddoak bakarrik elikatzen, landareek, eta, ondorioz, guk ere egiten dugu. Baina onddoak ez dira landareak eta ez dira gu. Onddoak beste zerbait dira. Onddoek ez dute animaliok dugun jarrerarik. Eta dirudienez, ez dute indarrean oinarritutako hierarkiarik ere. Egitura dute. Lankidetza da egitura ahalbidetu eta bermatzen duena. Komunitateak egiten ditu immune. Onddoen elkarlanerako gaitasunean, landare eta bakterioekin batera jardutea posible izate horretan, lezio bat dagoela uste dut.

Garrantzitsuak dira azpitik sostengatzen gaituzten egiturak eta sistemak, azalean gertatzen direnak gerta daitezen. Batzuetan, atsekabeak eta itxaropen faltak irensten ez nauenean, gizarte honek bere sare fungalak ere badituela pentsatu nahi dut. Gure egunerokoan konplexutasun handia duen zerbait zapaltzen ari garela konturatu gabe. Ez direla inon ageri, ez dituztela albistegietan minutuak betetzen, baina hor daudela. Aisian, lan arloan, arlo sozialetan, fokuetatik kanpo. Lurrazpiko sareen metaforaren monopolioa botere sare klientelarrek izan dute askotan, baina horietan ez dago desberdinen arteko lankidetzarik. Sare horiek, fungalak bainoago, parasitarioak suertatzen dira maiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.