Lide Hernando.

Terrore zuria

2025eko abenduaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nonbait irakurri dut Pantone markak 2026. urterako hautatu duen kolorea zuria dela. Norbaitek ez badaki –nik, behintzat, ez nekien–, koloreen izendapenean eta hautaketan eminentzia den marka honek, momentuko egoera globalaren eta tendentzien irakurketa eginda, hurrengo urteko kolorerik azpimarragarriena zein izango den iragartzen omen du urte bakoitzaren hondarrean. Kezkatik gertu dagoen intriga batez jo dut haien webgunera, susmoak baieztatzeko; eta bai, webgunearen goiburuan jarri dute albistea, ezein bisitarik gal ez dezan: Cloud Dancer du izena 2026an protagonista izango dugun koloreak, Hodeietako Dantzaria. Zuria, finean. «Lasaitasun eta bake xuxurla, mundu zaratatsu batean», dio, azalpen moduan, albistearen azpi-izenburuak.

Ez dakit zuei; baina niri behintzat, Ari Asterren Midsommar filmak adinako beldurra eragin dit honek; hotzikara eguzki argitan, terrore zuria. Ez da ez dudala, Pantoneko marketin arduradunek ondo hautatutako hitzetan jarri bezala, bakerik nahi; nork ez du nahi, bada, bakea? Kontua da ez dagoela zuririk garai honetan bizi dugun laztasuna ahantzaraziko didanik. Eta hor aipatzen den mundu zaratatsua ez dela soilik Interneteko gaininformazioak ekarritako white people problem hori; faxismoaren gorakada, muturreko kapitalismoa, bonbak eta hildako milaka haur baizik. Eta ez dudala xuxurla egin nahi; nik oihu egin nahi dut, eta mundu osoak egin dezan, hau guztia gelditu arte.

Baten batek pentsatuko du gauzak urrunegi eramaten ari naizela; kolore hautaketa inuzente bati buruz hizketan ari naiz, azken finean. Baina jo dezagun kontrakora; imajinatzen duzue zer-nolako panikoa eragingo zukeen Pantonek hurrengo urteko kolorea beltza dela iragarriko balu? Bada, gauza berbera eragiten du kolore zuriak, nahiz zailagoa den ohartarazten. Koloreek indar handia dute eta, batez ere, komunikazio kanal zuzen eta bikainenetakoa dira. Eta puntualizazio bat, honen harira: zuria, kolore bat baino, ez al da teknikoki kolorearen absentzia?

Bada, 2025ean zehar, kolore –edo kolore absentzia– horrekin batera etorri –edo itzuli– dira muturreko argaltasuna, tradwife mugimendua eta Rosaliaren Lux lana ere. Ez dut uste hori dena konektatuta ez dagoenik, kasualitatea denik. Eta, kontuz, niri Lux musikalki oso aberats eta konplexua iruditu zait, mainstream-ean aurrerapauso bat; baina zure konfiantzazko musikari abangoardistak mezu atzerakoiak bidaltzen dituen lan bat ateratzea Pantonek Hodeietako Dantzaria izeneko kolorea ateratzearen gisako mugimendua da apur bat.

Eta beldur naiz. Beldur naiz Euskal Herrian ere azkenaldian politikari eta musikari askok erabaki dutelako jantzi zuri edo beixak euren zeinu adierazgarri izatea, pentsatuz horrek masarengan irudi baikor eta baketsuagoa eragingo duela. Beldur naiz pandemia batek denoi beldur irrazional bat sartu zigula sentitzen dudalako, gure zirkulu hertsienetik at ezer egin ezin dezakegula pentsatzeraino, xuxurlaka hobe gaudela pentsatzeraino. Beldur naiz, aldiz, 2019an greba feminista bat abiatzeko adina botere eta motibazioa zegoelako, eta hori ilea fantasia koloreetan tindatuta eramatearen tendentziarekin eta body positive mugimenduarekin bat zihoalako; eta hori ere ez zen kasualitatea izan. Beldur naiz ez ote garen inoiz 2019ko egoerara itzuliko jada.

Lagunok, hau mila aldiz esan dugu, baina uste dut komeni dela gogora ekartzea: ez da iraultzarik egin xuxurlaka eta zuriz jantzita. Tendentziak ziklikoak direla diote; eta, zinez, hala espero dut. Espero dut ziklo zuriaren hondarretan egotea jada, eta hemendik bi edo hiru urtera, Pantoneren hurrengo urteko kolorea begietan min egiten duen arrosa fuksia izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.