Inaki Galdos

Txosnak

2025eko ekainaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Agian uda bertan dugulako, gaurkotasun handia hartu du txosnen gaiak aspaldion, hari mutur askotatik begiratuta gainera. Hasteko, duela aste batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako txosnen ordezkariek mezu bat haizeratu zuten, esaten euren jai eredua arriskuan dagoela administrazio publikoek exijitzen dieten guztiarekin. Ez bakarrik hori, baina bistan da Ticket Bai izeneko fakturazio sistema dela kexuaren iturri nagusien(etako)a. Bigarrenez, horrekin lotuta, txosnak Euskal Herriko ondare immaterial izendatzeko dinamika jarri zen abian pasa den larunbatean Bilbon, 700 txosna eta 200 jai batzordek baino gehiagok bultzatutako ekimen baten baitan. Bukatzeko, aurten berriz ere ari dira azaleratzen hainbat tokitan mugimendu sozialistaren inguruko kolektiboen eta txosnen ohiko antolatzaile askoren arteko xextrak, beto salaketak tarteko.

Lehenengo gaiari dagokionez, bistan dago ez daudela foru administrazio guztiak klabe berdinean, nahiz eta alderdi beren esku egon. Adibidez, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak garbi utzi du irabazi asmorik gabeko erakunde direnez txosnak salbuetsita daudela eta ez duela arazorik ikusten. Bizkaian ere badirudi malgutasunez jokatzeko asmoa dutela, nahiz eta iazko maiatzean zorrotzago agertu zen aldundia. Badirudi. Araban egon daiteke arazorik larriena, iaz ere isunak ezartzen hasi zelako bertako diputazioa sistema ezarri ez zuten hainbat txosnen kontra. Txosnen ordezkarien prentsaurrekoan erakutsitako tonu adostailea eta administrazioen erantzuna ikusita, sinetsi nahi genuke konpontzeko arazoa dela hau behintzat.

Konponbide zailagoa ikusten diogu momentuz mugimendu sozialistaren inguruko kalapitari, berriki Txantrean, adibidez, ikusi dugun moduan. Ez da gure kontua, baina kanpotik begira, iruditzen zaigu jende asko dagoela mugimendu horretan bere burua kokatu gabe, betoa eta bazterketa (ez dira nire hitzak) ulertzen ez dituztenak, tartean ezker abertzaleko betiko kide edo jarraitzaile asko ere bai. Are gehiago, historikoki txosnen kontra egon diren sektoreentzat ere bazka aparta da hau, euren tesiak egiaztatzeko bazka aproposa.

Ezin ukatu, bestalde, ondare immaterial izendatzearen eskaerak harrituta utzi gaituenik. Ez merezi ez duelako, beheratxoago hitz egingo dugu horri buruz, baizik eta Unescoren dinamikan (beraz, Nazio Batuen Erakundearen dinamikan) sartzea erabaki dutelako printzipioz behintzat erakunde horiekin oso kritiko diren ezkerreko mugimendu alternatiboenetako kideek. Historikoki behintzat mozorro neoliberal eta inperialistatzat hartu izan dituzten erakundeak.

Arrazoia eman behar zaio, dena dela, eskaera hori luzatu zenean Bilboko Miribillan aldarrikatutako mezuaren zati handi bati. Izan ere, txosnak ez dira edariak zerbitzatzeko barra hutsak. Gure jaien bihotza ere badira neurri handi batean, zaindu eta babestu beharrekoak, milaka pertsonaren borondatezko lanari esker eusten diotenak. Baita beste esparru askotan ere onuragarriak izan direnak eta izaten ari direnak, hala nola, eskubide sozialen defentsan edota gure hizkuntza eta kulturaren aldarrikapenean. Gainera, onartu beharko da sarri(egi) jazarpenen biktimak ere izan direla txosnak.

Gureak, denonak dio hasi berri den dinamikak. Baina gauzak onartzen hasita, onartu beharko dugu ez dela erabat horrela. Hamarkada luzez zokoratua egon den jendea ere izan dela (badela) esparru horietan, bazterkeriaren eta intolerantziaren ondorio. Dozenaka kasu desatsegin konta ditzake zutabe hau idazten diharduenak, baten bat berari ere gertatu zitzaiona, politikan murgildu eta laster Gipuzkoako kostaldeko herri batean. Beste batzuk are mingarriagoak, adibidez kalimotxo bat hartzen zegoen txosnan bere aita zinegotzia hil zuen pertsona goraipatzen zuen irudia jasan behar izan zuen mutilarena. Benetan denbora berrietan murgilduak baldin bagaude, ez legoke gaizki kontu honetan ere memoria kritikoa egitea, eta oraindik ere gertatzen direnak ekiditea. Hitz polita da denona hitza, are politagoa egia bihurtzen denean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.