Ona izan zuen ateraldia lagunak: «Huts egin dut azterketa, baina lasai, euskaraz huts egin dut!». Suspentsoa, baina euskalduna. Horrelaxe ibili ginen Iruñeko karriketan larunbatean, azterketak (euskaraz) egitearen alde oihuka, alajaina. Baina txalotuz, txantxak alde batera, Ipar Euskal Herriko gazteen kemena, baxoa euskaraz egiteko urtetan daramaten borroka.
Euskalduntasuna osoki lantzeko asmoaren baitakoa baldin bada aldarria, eta hala da, ados, segi dezatela tixerta berdekoek borrokan. Asmoen artean haien unibertsitate-ikasketekin EHUn jarraitu ahal izatea ere baldin badago, orduan estrategia aldatuko nuke. Aldarria egokitu: «Baxoa espainolez!». Seguruagoa izango dute matrikulatu ahal izatea, gradu batzuetan, bederen.
Azal dezadan. Unibertsitaterako azterketa dela-eta, Hegoaldekoaz ari naiz, sortu zen lehengoan solasa konpainia noblean nengoela, nota baxuak jarri dituztela EAEn. Batez bestekoa baxua izateak denei eragiten dienez, altuenari eta baxuenari, ez dirudi horrek aparteko kalterik dakarkienik haiei, baina erne, izan dezake eraginik, eraginik izan dezakeenez. Beste autonomi erkidegoetako ikasleek nota altuagoa lortuz gero, lehentasuna izango dute plaza kopuru mugatua duten ikasketetan. Horrek ez gintuen hasmentan hainbeste larritu, ez baikenuen bat-batean Kantabria, Aragoi eta Errioxako ikasleen migrazio masibo bat aurreikusi. Gainera, geunden lagunarte horretan denok daukagu geure burua harrera-zaletzat eta, onar dezagun, atrebentzia handia behar du Ezkarai, Haro, Noja, Castro eta Jakako bizilagunei inbasioaz hitz egiteko.
Lasai jarraitzen genuen.
Harik eta hurrengo argipena iritsi zen arte (konbertsazioak gaur egun atalka garatzen ditugu, serieak bezala, plataformen aroan bizi gara). Eta hor kezka. Ikasketak euskaraz izango diren edo ez eskariak zehazten du, ez eskaintzak. Beste era batera esanda, eta plaza kopuru mugatua duten graduez ari naiz betiere, izena ematen dutenen artean nota altuenek eskuratuko dituzte plazak, eta ikasketak espainolez egitea hautatzen badute denek (berdin du nongoak diren), ba gradu hori, maila horretan, ez da euskaraz eskainiko. Hipotesia arraroa da, ez da gertatzen, eta agian ez da gertatuko, eta gertatzeko arriskua ikusiz gero neurri zuzentzaileak hartuko liratekeela pentsatu nahi dut —arlo horretan badut konfiantzarik EHUko eta NUPeko zuzendaritza taldeetan—; baina erakusten du plaza mugatuen eta noten sistemak, eta unibertsitate-barruti bakarrak, ez duela bermatzen ikasketak euskaraz osorik egin ahal izatea. Ez da gertatzen, akaso, baina ez du bermatzen. Gure ahultasuna erakusten du, erakusten baitu ez dagoela, gaur egun, gure esku.
Azken hamar urtean unibertsitate publikoen eskaintza apenas hazi den, eta pribatuena %100etik gora; Euskal Herrian baiezkoa eman diogu tarte horretan bertze bat sortzeari, adibidez. Eta publikoko plazak murrizten doaz
Madrilgo gobernuekin kromo-trukean ibiltzen direnek kontuan har bezate.
Izan ere, behar dugu hori bermatuko duen sistema, berripaper hau irakurtzen dugunok profesional onak nahi baititugu. Alegia, euskaldunak.
Horri erantsiz gero plazen mugatzeak eta noten jokoak unibertsitate pribatuen alde egiten duela erabat, kezka larrialdi bihurtzen da. Izan ere, nota ez daukanak ikasi ahalko du berak nahi duena dirua baldin badauka; eta dirurik ez daukanak ezingo du ikasi berak nahi duena ez badu gutxieneko nota lortzen. Kortatuk abesten zuenez, hay algo aquí que… Azken hamar urtean unibertsitate publikoen eskaintza apenas hazi den, eta pribatuena %100etik gora; Euskal Herrian baiezkoa eman diogu tarte horretan bertze bat sortzeari, adibidez. Eta publikoko plazak murrizten doaz.
Unibertsitateek euren nota ona mantentze aldera, kirol arlokoak diruditen rankingetan postua ez galtze aldera, unibertsitate sistemak men egina dio erabat merkatu-legeen jokoari, lehiari.
Bere izenean daraman unibertsaltasun izanaren kaltetan.
Publikoa eta euskalduna. Ez da hainbeste eskatzea, ala?