Inaki Galdos

Uztak

2025eko irailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Andoaingo alkatearekin egin nuen trikitx larunbatean Donostiako Amaran. Pilotazaletasunak egin gintuen aspalditxo ezagun eta pilotalekuak izan ohi dira gure topaleku, baina politika ere gustuko dugu biok, bistan denez. Buruntza aldean gauzak nola doazen galdetu eta berehala atera zen Bazkardoko lotunearen gaia, zalantzarik gabe esku artean duen gairik potoloena. Potoloa bezain zaila. Udalaren eta Foru Aldundiaren arteko xextra ere aipatu genuen, baina nik bere garaian hainbat hedabidetan esan nuena berretsi nion: EH Bilduk lorpen gisa saldu bazuen ere, hanka-sartzea izan zen 2023ko Espainiako aurrekontuetako negoziazioetan Bazkardorako proiektu alternatibo baterako dirua eskatzea. Gurea den eskumen batean —errepideena kasu honetan— ezin zaio zirrikiturik ireki Madrili, zeharka bada ere muturra sar dezan, nahiz eta une jakinen batean ondo datorrela pentsatu.

Hilabete batzuk beranduago, 2023ko apirilean, Etxebizitza Legea adostu zuten Madrilen EH Bilduk eta ERCk Pedro Sanchezen gobernuarekin. Legea aurrera atera zen, baina EAJ, Junts, PDeCat eta CUPen kontrako botoarekin eta BNGren abstentzioarekin. Jakina, horien guztien botoak azaltzeko orduan beste arrazoi batzuk ere bazeuden arren, guztiak etorri ziren bat kontu batekin: legeak alderdi horien erkidegoetako autogobernuei eraso zuzena egiten die, birzentralizazio onartezina da. Hala ulertu zuen azkenean ERC berak ere, eta Kataluniako Parlament-ean aipatutako legeari helegitea aurkeztea erabaki zuen Junts eta CUPekin batera urte bereko irailean, Generalitatearen eskumenak ez dituela errespetatzen iritzita. Alegia, Madrilen ez zela fin ibili kontrakoa defendatzean.

Gaur bertan, seguruenez atzera botako da Madrilen migrazio eskumenak Kataluniara eskualdatzeko bozkatuko den lege proposamena, PSOE eta Juntsen artean iaz adostua. Oraingo honetan Podemos izango da ezezkoa emango duena. Bi arrazoi eman dituzte jarrera hori azaltzeko. Alde batetik, aipatutako lege proposamenaren zioen azalpenean arrazismoa ikusi dute, beste inork ikusi ez duenean (bikain erantzun die Isaac Albert ERCko ordezkariak). Beste alde batetik, konfederalismoaren aldaera bitxi bezain xelebrea asmatu du alderdiak: deszentralizazioaren alde edo kontra daude, tokian tokiko gobernura (kasu honetan Kataluniakora) egunen batean agian iritsiko den alderdiak (kasu honetan Juntsek) ustez eskumen jakin batekin (kasu honetan migrazioa) apika egingo duenaren arabera. Joan-etorriko eskumenak asmatu dituzte, Ione Belarrak eta Irene Monterok euren desioen arabera eman eta kentzea erabakiko lituzketenak, eta ez erkidegoetako hiritarren boto-emaileen nahien arabera.

Hiru adibide ekarri ditugu zutabe honetara, baina askoz ere gehiago badira Pedro Sanchezen azken legealdietan ikusi ditugunak. Koronabirusaren garaian ere izan zen Podemoseko euskal ordezkari bat Euskal Telebistan lasai bota zuena egoera hartan Espainiak jeneral (sic) bakarra behar zuela eta ez hamazazpi. Guztietan gauza bertsuak dira gertatu direnak: eskuinari eta eskuin muturrari errua botatzeko betarik gabe, era batera edo bestera Madrilgo gobernua sostengatzen duten alderdiak izan dira sarri gure erkidegoen autogobernuaren urraketari ateak ireki dizkiotenak, sozialisten bozkariorako, bide batez esana. Batzuetan utzikeria izan da, beste batzuetan gaizki neurtutako taktika edota presak eragindako hutsegiteak. Kontua da ez direla gutxi izan lege eta dekretuetan sartu dizkiguten ziriak.

Uzta ere ona izaten ari da, bestalde, zenbait esparrutan, hori ere ezin uka. Bai eduki sozialetan eta baita hainbat eskumenetan ere. Historiak erakusten digu Madrilgo gobernuak ahul daudenean lortzen direla horrelakoak. Garai ilunak datozela iragarri zuen Imanol Pradales lehendakariak pasa den ostegunean. Arriskua hor dago, egia da. Baina bai berak eta bai EH Bilduk ere uste dute badagoela oraindik aukerarik uztarekin jarraitzeko, Madrilen aldaketarik ez dagoen bitartean. Bada, jarrai bezate lanean. Baina geure teilatuetara harririk bota gabe. Bestela ere badago nork bota.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.