lizar begona

XXI. mendeko distopiatxoak eta beste

2025eko irailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eztabaida bizia izan nuen lehengoan lagun batekin taberna bateko terraza eguzkitsu batean. Aldameneko mahaian bikotekide bat zegoen semearekin eserita. Geure lekutik umea kexaka entzuten genuen, asperdurak jota, gurasoei tragoa eragozten. Aulkian gora eta behera, ezin zen geldi egon. «Última vez que venimos de vacaciones» bezalako zerbait entzun nion aitari. Onartzen dut grazia apur bat egin zidala komentarioak, baina gurasoen aurpegiak ikusita egoerak muturrekoa zirudien, haien bizitzako azken opor eguna ematen zuen benetan. Beste aitorpen bat: dramatismo horrek grazia handiagoa egin zidan. Familia baten azken bidaia gure muturren aurrean.

Gurera jarraitu genuen eta, handik tarte batera, lagunak nire atzean zegoen familiari dezepzioz begiratu zion. Buelta eman nuen. Eszena goitik behera aldatu zen. Semeari pantailatxoa eman zion aitak desesperatuta, eta haurra segituan aulkian kieto gelditu zen. Seko sorginduta. Gurasoek patxadaz segitu zuten eurenera. Ja ez zirudien haien azken-azken oporraldia. Baina lagunak ez zuen soluzioa onartu. Ez dakit dezepzioa den nik ere sentitu nuena, baina beldur eta pena ziztada bana bai. XXI. mendeko beste distopiatxo bat?

Berbetan jarraitu genuen guk ere, gertatutako ilunaren haritik. Pantailak gora, pantailak behera. Pantailak familian, pantailak lanean, pantailak gurean, pantailak purean, pantailak ohean, goian-behean, pantailak zeruan, pantailak infernuan...

Baina puntu batean trabatuta geratu ginen.

Lagunak iritzi irmoa jarri zuen mahai gainean. Hezkuntzan testuliburuen ordez ordenagailuak erabiltzea suizidioa iruditu zitzaion, institutuetatik kanpo bazter guztietan presente daudelako, erabilera erregulatu gabe, eta eskolako sei orduetan ume/nerabeak laukitxo argidunari lotuta egoteari gehiegizko zeritzon. Eskolatik irten bezain pronto, mugikorrak esku-eskura dauzkate. Eta berak garbi zeukan, «belaunaldi oso bat pantailen bitartez heztea katastrofikoa da», haur eta nerabeen gaitasun eta bizi-baliabiderik behinenak eskolan garatzen baitira. Pentsamendu kritikoa, autonomia eta pazientzia, helburu konplexuetarako baliabide gaitasuna, sormena... Konpetentzia horiek denak ezin dira Interneten bide zidorretatik soilik eskuratu. Are, Sillicon Valleyko erraldoietako (hala nola Googleko, Appleko eta Yahooko) langileek seme-alabak pantailarik gabeko eskoletara eramaten dituztela gaineratu zidan. Boligrafoa eta papera, jostorratza eta buztina erabiltzen diren horietakoetara. «Ez al da hori adierazgarria?».

Nik kontrapuntua jartzen nion etengabe. Ez aurka egitea gustatzen zaidalako (berak hori uste duen arren), nire zalantza sasitza eternoan gai honekin ere ez naizelako kapaz aho handiarekin ezer baieztatzeko. Beldurra emango lidake, adibidez, errealitatera egokitu eta pantailak gure alde erabili beharrean, forma zaharren nostalgian erortzeak. Hezkuntza sistemaren ortodoxian teknologia debekatzea munstro bat alfonbra azpian gordetzearen parekoa iruditzen zait. Eta ez naiz ari Musk-en seme-alaben Ad Astra eskola ereduaz, non Adimen Artifiziala, zientzia aplikatua, kodifikazioa eta robotika ikasten diren. Paperaren eta boligrafoaren onurak ezagutzen ditut, eta konbentzituta nago pantailarik gabeko espazioak egon behar direla. Are gehiago, esango nuke institutuak pantailarik gabekoak izan beharko liratekeela hein handienean, batik bat Chat GPT bezalako adimen artifizialek ez dezaten haurren sormena oso-osorik irentsi.

Baina erraldoi ezezagun bati aurre ez egiteagatik iraganera itsuki lotzeko joera hori ere ezaguna zait. Eta uste dut haurrak baliabide horiek kritikoki erabiltzera trebatu ezean, munstroak berak jango gaituela gu eta algoritmoaren tripetan gal dakigukeela belaunaldi bat. Cesar Rendueles soziologoari berba batzuk lapurtuta: «Teknologia oso opakua bihurtu da; [...] ez dakigu nola funtzionatzen duten bilaketa motorretarako eta sare sozialetako algoritmoek. Uste dut eskolak zera eman dezakeela gutxienez: jakin-mina, jakiteko zer dagoen barruan, ez gaitezen sare sozialekin-eta liluratu, galde dezagun zer gertatzen ari den eta nola eragiten digun«.

Agian gehiegi eskatzea da, oraindik guk geuk ere ez baitugu munstroa bera ezagutzen (egunez egun aldatzen ari delako). Eta nola gustatzen zaigun hezkuntzari motxila astunenak bizkarrean jartzea! Baina uda akabua zen, ikasturte hasiera. Amildegian geunden. Zer esan, terraza batetik mundua konpondu nahi genuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.