Oihane Amantegi (L)

Zero

2025eko maiatzaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zero elektriko bat. Izan zitekeen disko baten izenburua, baina ez. Aurreko asteko astelehenean gertatutako itzalaldi masiboaren izen teknikoa-edo omen da zero elektrikoa. Irune Lasa BERRIAko ekonomia saileko kazetariak bideo labur batean azaltzen duenez, sorkuntza elektriko gabeko eta zero kontsumoko egoera bat da. Energiaren sorkuntza galera baten ondorioz hasi omen zen deskalabrua, zeinari ustekabeko beste deskonexio batek jarraitu zion; bi galera horien erruz, sistema degradatzen hasi zen, potentzia eta kontsumoa une oro bateratuta eta egonkortuta egon behar direlako. Frekuentzian oszilazio gorabehera handiak egon zirenez, degradazioarekin batera babes sistemak ere huts egiten hasi omen ziren.

Niri neuri, argindar sisteman aditu puntual eta hantuste bilakatzeko inolako asmorik ez dudan honi, interesgarria suertatu zitzaidan Lasaren esplikazio laburra, jakin-mina baita bizirik gaudelako proba agerikoa; eta salto ziur asko agerikoegi batean, ezin izan diot pentsatzeari utzi, azken finean, hartzearen eta ematearen arteko oreka lauso, fin, hauskor baina beharrezko horretan mugitzen dela sistema elektrikoa, gu geu mugitzen garen tamainan. Jaso bezainbeste entregatu behar dela, funtsean, eta entregatu bezainbeste jaso ere bai —bai, hori ere bai—, babes sistemek kale egin ez dezaten eta ez gaitezen amatatu. 

Ez gaitezen zerora itzali. Zerora. Zeroa: abstrakzio matematiko konplexu hori, mundua ulertzeko beharrezkoa dena. Maien zibilizazioa izan omen zen zeroa zenbaki sisteman behar bezain ondo garatutako kontzeptutzat erabiltzen lehena —edo lehenetarikoa, eztabaida historiografikoak egongo dira-eta ziur asko aurkikuntza honen inguruan, difusionismo antropologikoak plantea ditzakeen beste hipotesi batzuen artean—. Geure egungo ikuskera modernoan ez bezala, maien mundu ikuskerak espiritualtasuna, artea eta matematika bera uztartzen zituen; eta zeroak, alde horretatik, mundu ikuskera maiaren eta zientziaren arteko harreman estua bateratu eta laburbiltzen zuen.

Ezerezetik abiatutako zenbaketa baten hasiera errepresentatzen zuen, horrela, maiek asmatutako zenbakiak, zeina edozein sistema matematiko konplexuren eraikuntzan beharrezkoa den, bai kontzeptua bera, eta bai errepresentazioa ere. Errepresentazioak, ildo horretan, ez zeukan antzekotasun handirik gure sinboloarekin; izan ere, oskol obalatu baten edo hirusta baten formarekin irudikatu ohi zuten. Eta zerotik abiatuta, zenbaki sistema hogeitarra eraikitzen zuten maiek —euskaraz egiten denaren pare—, horren gainean gehiketa, kenketa, biderketa eta hainbat operazio matematikoren bidez egiten zituzten iragarpen eta kalkulu zehatzak egiteko.

Zerotik abiatuta, beraz. Hortik muntatzen dira zenbaki sistemak, eta hortik berrabiarazi behar dira eroritako sistema elektrikoak. Total, berrabiaraztea ez dela guk nahi besteko azkarra, eta segurtasunez egin behar dela sistema berriz ez erortzeko, eta ondorioz orduak eman genituela iragan astelehenean zerora itzalitako argindarraren zain; ez genekiela oso ondo lanera helduko ginen, afaltzeko argindarrik izango genuen, zenbat luzatuko zen egoera, edo telefono bidezko konexio egonkorrik bueltatuko zitzaigun. Total, itzuli zela argindarra ere halako batean, lortu genuela nahi genuenekin hitz egitea, bueltatu ginela lanera eta su elektrikoan berotutako afaria afaldu genuela. Ez zidan niri denbora askorik eman ikasketa bital edo transzendental sakon eta esanguratsurik egiteko; bai ordea, beste behin, eskaintza-eskarien legeak hainbat aspektutan nola funtzionatzen duen egiaztatzeko eta, bide batez, maien zenbaki sistemari buruz zertxobait gehiago jakiteko. Hau da, zero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.