Musikaria

1853-2023

Gontzal Mendibil
2023ko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iparragirrek Gernikako Arbola kantatu zuenetik 170 urte betetzen diren honetan, oraindik orain, Euskal Herriaren ereserkia zein den edota zein izan daitekeen, iritzi desberdinetan murgiltzen gara.

Sarritan aipatu izan da: ereserki batek, Euskal Herri osoaren batasun sentimendua berpiztuz, orainaren eta etorkizunaren nahian, betiko himnoa bihurtzeko, nor garen eta zer garen adierazi behar du.

Batetik, historia luzea eta esanguratsua, sinbolismoz betea, soziologikoki oso esparru zabala duena eta ideologia desberdinekoek ere onartzen eta goraipatzen dutenaren seinale izan behar du. Eta Gernikako Arbola ereserkitzat hartua eta erabilia izan zen garai batean; izan denak ez ote du ba izaten jarraitzeko indarra eta grina?

Bestetik, kontuan hartu beharrekoa baita, hizkuntza den bezalaxe, herriko sinboloek aniztasuna behar dutela, eta ez direla alderdi batekoak ez bestekoak, herriarenak baizik.

Historiak dio Gernikako haritzaren azpian, mendeetan diharduten euskaldunon askatasun nahiak errespetatu behar zirela; beraz, euskaldunon eta askatasunen ikur bihurtu da Gernikako arbola.

Eta historia aipatuz, Erdi Eroko Errenazimentu garaietara goaz, Tirso de Molinak (1579-1648) idatzi zuen honetara:

«Gernikako Arbolak berekin du bildua
antzinatasun bat bere jaunen ilustragarria,
inoiz izan gabe ez tiranoek hostogabetua,
ez errudunen eta traidoreen gerizagarria».

Bi mende geroago, Rousseauk eta Wordworthek herrien subiranotasunaren eredutzat jo zuten. «Gizaki libreen zuhaitza» adieraziko zuten. Eta izen entzutetsuen aipuak barra-barra azaltzen dira:

  • 1888. Unamuno. «Munduan, jaunok, munduan zabalduta ikusi nahi nuen askatasunaren arbolaren fruitua!».
     
  • 1893. Benito Pérez Galdós. «Euskaldunari halako aberri-min bizia piztea nahi baduzue, jarriozue zortziko ospetsua».
     
  • 1894. Antonio Machado. «Gernikako Arbola aditu bitartean puskatzen dute hemen bandera nazionala».
     
  • 1894. Sabino Arana Goiri. «Iruñea: Behin baino gehiagotan abestu genuen Iparragirre entzutetsuaren ereserki hilezkorra, Gernikako Arbola loriatsua».
     
  • Tomas Meabe (1879-1915). Gazte sozialisten sortzailea. «Gureak dira Gernikako Arbola eta Internazionala: kate beraren bi begi».
     
  • 1918. Indalecio Prieto. Buruzagi sozialista. «Nahikoa izango da zuek gogora ekartzea zer kanta zen euskal probintzien sinboloa: Gernikako Arbola».
     
  • 1980. Dolores Ibárruri, Pasionaria: «Euskaldunen kanta da. Euskaldunen kanta nazionala: Gernikako Arbola»
    .
  • 1980. Jean Louis Davant. «Euskal askatasunen zuhaitzaren omenez, poeta batek sortutako kantu abertzale honetatik, zazpi probintzietako jendeak berez egin du euskaldunen ereserki nazionala».
     
  • 1983. Carlos Garaikoetxea. Lehendakari ohia. «Alderdiak esandakoarekin bat egin nuen, besteak beste, horrela Gernikako Arbola euskaldun guztien ereserkia libre geratzen zelako».
     
  • 1990. Manuel Vázquez Montalván. «Euskal aberriaren sinbolo musikala».

Jakina da denen gogoko ezer ez dela, baina gehienon aburua kontuan hartuz, sentimendu eta ideologia zabalenez jokatuz, ez dugu Euskal Herriaren izena eta nortasuna zabaltzeko kantu eredugarriagorik, ezta zazpi herrialdeen izenean eta senean barneratuko gaituen kantu adierazgarriagorik ere.

Badakigu, bai, amankomuneko eta onuragarrizko kantuak ditugula gogokoen, eta, besteak beste, hor dugu Txoria txori. Txori batek eta herri batek bere egin duten kantua, zer esanik ez, ederra eta esanguratsua dena.

Baina, hala ere, ereserkia bihurtzeko, badira egin beharreko azalpenak eta galderak; eta honetara gatoz: zeintzuk lirateke euskal ereserkia izendatzeko arrazoiak?

Laburbilduz, zutabetxo edo zerrenda honetan ager daitezke aipatu eta bete beharrekoak:

  • Ikurra. Askatasunaren ikur izan dadila.
     
  • Ideia bateratsu baten aniztasuna ukan.
     
  • Errotik datorkigun hazia haritza bihurtu eta izan ginena eta izan gaitezkeena, bizitza eta egintza, ordezkatu.
     
  • Elkartasuna eta anaikidetasuna adierazi, eta hala...
     
  • Sentikortasuna, arimaren bizkortasuna.
     
  • Lurrarekiko maitasuna.
     
  • Justiziaren aldarria.
     
  • Izan nahi dugunaren borondatea.
     
  • Bizi-iraupena. Etorkizuna: irauteko behar duen indarra.
     
  • Mundu zabalerako adierazpen sinbolikoa: euskaldunok mundura begira dugun irudikapenaren ezaugarria.
     
  • Zentzu demokratikoaren espresiobidea.
     
  • Tonua: musikak iraunkortasuna du seinale, eta hor bere balioa.
     
  • Emozioak suspertu ditzakeen adierazpena.
     
  • Historia eta gaurkotasuna.

Eta horiek guztiak kontuan hartuz, ereserki batek, begiradarik luzeenez, denbora luzeenera begiratuz, historiatik etorkizunerako adierazpenean eta bere esanguran, hitzen aldetik eta musikaren aldetik, bihotzak hunkitzeko eta gogoak pizteko, solemnitatea behar du.

Barrura begira, askatasun ikurra bihurtuz zazpi herrialdetako ereserkitzat hartzen dugun hau, diasporan ere ereserki legez hartzen da berau. Erne da hazia eta guztioi ematen digu gerizpe ona. Eta, nahi eta helburu horretan, euskal sentsibilitate guztiek bultza dezatela, horixe eskaria, baina kontuan hartuz eta azpimarratuz, Euskadi erkidegoan eta Nafarroan onartuak dauden ereserki ofizialak guztiz errespetatuak direla eta izango direla.

Hitz adierazkorrak Iparragirerrenak; gure gogoak mundura zabaltzeko aipuz idatziak eta kantatuak. «Gernikako arbola da bedeinkatua/ euskaldunen artean guztiz maitatua/ eman ta zabal zazu munduan fruitua/ adoratzen zaitugu arbola santua».

Badira, beraz, beronen aldeko milaka atxikimendu, eta bada non eta noiz elkarrekin kantatu, eta 170. urteurren esanguratsu honetan, gonbidapen zabalenez, Urretxun azaroaren 26an dugu hitzordua. «Eman ta zabal zazu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.