Estatuko Gobernuak Espainia Askatasunean. 50 urte izeneko ekimena abiatu du, batzorde berezi batek eta Memoria Demokratikoaren Estatuko Idazkaritzak koordinaturik. Ehundik goitiko jarduerak programatu dira, xede hau dutenak: diktadorea hil ondoko demokraziaren mende erdi honetan lortu den eraldatze handiaren balioa nabarmentzea. «Diktadura pobre eta isolatutik munduko demokrazia osoenetako bat izatera» iragan baita denbora honetan.
Galdera honako hau da: nola txertatzen dira 50 askatasun eta demokrazia urte horiek 1978ko uztailaren 8ko Iruñeko gertaerekin, polizien tiroek eragindako bi hildako, ehunka zauritu, eta bestak etenik utzi zituzten horiekin? Edo, Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an, bortz hildako eta ehunka zauritu eragin zituztenekin? Edo 1975etik 1981era ordena publikoko indarren eta indar parapolizialen jardunak eragin zituen 271 hildakoekin, horiek guztiek izen-abizenak dituztela?
Egia erran, gertaera larri horiek arrunt gaizki uztartzen dira diktadorea hil zenetik iragandako 50 urteetan gertatutakoaz transmititu nahi diguten kontakizun edulkoratu eta faltsuarekin.
Errealitatea oso bertzelakoa da. 50 urte hauetan zehar inpunitatea mantentzen segitzen dute diktadurak gizateriaren aurka gauzatutako krimenei dagokienez: erailketak, desagertzeak, lan esklaboa, ondare espoliazioak, atzerriratzeak, haurren lapurretak, torturak, espetxeratzeak, lan errepresaliak, emakumeenganako errepresioa... Krimen horiek ez ziren soilik egin diktaduraren berrogei urteetan, Franco desagertu ondoren jarraitu baitzuten.
Boterea esku berberetan mantendu zen, inolako garbiketarik egin gabe, armadan, epailetzan, administrazioan, segurtasun indarretan... Eta horrek benetako demokrazia baten alde borrokan segitzen zuen populazioaren kontrako erasoak jarraitzea ekarri zuen.
Jarraipen testuinguru horretan kokatzen dira 1978ko uztailaren 8an Iruñean gertatutako erasoa, baita bertze horrenbertze ere, benetako haustura demokratikoa galdatzen zuen erresistentzia, inpunitatea eta boterean mantentzea bermatzeko diktaduraren aparatuekin ezarritako itunari aurre egiten zion erresistentzia hausteko gauzatutakoak.
50 urteotan, lortu al da justizia eskuratzea, Iruñean, 1978ko sanferminetan, polizia armatuak gauzatutako erasoarengatik? Erantzuna ezezko biribila da. Epailetzak erabateko ezetza eman dio, legezko amarru guztiak erabilita, gertaera haiengatiko sumarioak berriro irekitzeari, auzipeturik gabe itxi ziren horiek irekitzeari, alegia. Froga eta dokumentu berriak aurkeztu badira ere, bere tenorean gobernuak haien existentzia ukatu zuen arren.
Horrela, gure eskaerek estatu espainiarrean aurkeztutako 115 kereila baino gehiagok pairatu duten patu berbera jasan dute. Kereila horiek guztiek diktaduran eta trantsizioan gizateriaren aurka gauzatutako krimenak judizialki ikertzeko galdatzen dute, baina epaileek bakar bat ere ez dute izapidetzeko onartu.
Ehunka mila dira, haien artean German Rodriguez eta Joseba Barandiaranen ahaideak, zauritutakoak... giza eskubideen urraketa larriak jasan dituztenak, egia, justizia, ordaina eta berriro ez gertatzeko bermeak izateko duten eskubidearen alde borrokan segitzen dutenak. Eta horiei memoriaren legeek aitortza administratiboa bertzerik ez diete bermatzen, justizia eskuratzea ahalbidetzen duen jardun oro nahita alde batera utzita.
50 urte hauek benetako askatasun eta demokraziatik aski urruti egon dira. Aitzitik, inpunitatea mantentzeko eta tinkatzeko 50 urte izan dira, bertzeak bertze, 1978ko uztailean Iruñeko populazioaren kontra gauzatutako krimenen ikerketa eragozten duen inpunitatea, alegia. Eta hori bateraezina da berrikuntza demokratikoarekin, hots, gaur egun ezinbertzekoa izaten segitzen duena, diktaduratik oinordetutako eta oraindik bizirik dirauten orban anizkunak instituzioetatik kanporatzeko eta ideologia totalitarioen erakundeen areagotzeari aurre egiteko.
Horregatik guztiagatik, 2025eko uztailaren 8an biltzen jarraituko dugu, 1978ko gertaerengatik egia, justizia, ordaina eta berriro ez gertatzeko bermeak eskatzeko, konbentziturik baikaude oraindik gauzatu gabe daudela eta horiek lortzeko ahalegina jendarte baten pertseberantzia delako, inpunitate espainiarraren eredua desagerrarazteko eta jendarte justuago, berdinzaleago, askeago eta demokratikoago bat lortzeko.
Ez dira 50 askatasun urte. 50 inpunitate urte dira. Ezta bat gehiago ere!