Euskaltzaleen Foroko kideak

3H nahiz PAI, euskara galtzaile

Mikel Basabe eta Fermintxo Zabaltza
2025eko azaroaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroan PSNk gobernatzen duenetik, indarrean jartzen diren D eredu berri guztiak PAI-D dira; hau da, ez dira euskarazko murgiltze eredu hutsak, (PAI) Ingelesez Ikasteko Programaren eraginez, eduki batzuk ingelesez ere eman behar dira. Geroa Baik gobernatzen zuen garaian, PAI-D ereduaren arabera, astean gutxienez ordu bat eman behar zen ingelesez. Ikastetxe askok aukeratzen zuten Plastikako ordu bat edo Gorputz Hezkuntzako ordu bat ematea ingelesez.

PSNren eta Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen gobernuak, ordea, handitu egin du PAI-D ereduan ingelesez eman beharreko ordu kopurua, eta ezarri du zientzietako ikasgaia ingelesez eman behar dela, hots; Lehen Hezkuntzan, 6 eta 12 urte arteko haurrei, astean gutxienez 6 orduz eta gehienez hamabiz. Nafarroako haur gehienek 25 eskola ordu dituzte astean.

Horren aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak hauxe adierazi du: «Iazko maiatzean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 57/2024 foru agindua onartu zuen. Orain, 2025-2026 ikasturtean atzerriko hizkuntzen irakaskuntza orduak handitzera behartzean ari da Ingelesez Ikasteko Programa darabilten ikastetxeak, euskararen kalterako. Atzerapauso oso larria dela deritzogu».

Atzerapauso larria da Nafarroan ingelesak euskarari irakastorduak kentzea. Atzerapauso larria al da Euskal Autonomia Erkidegoko 3H eredua ere? Hau da, edukiak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez ematen dituen eredua? Atzerapauso larria al da EAEko hezkuntza publikoan «bi hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntza bat, gutxienez, ikaskuntza hizkuntzatzat» hartuko direla dioen 17/2023 Hezkuntza Legea? Atzerapauso larria al da itunpeko ikastetxeetan ere ingelesez irakastea oraintsu arte euskaraz irakasten ziren ikasgaiak?

Nafarroako PAI-D eredua euskararen kalterako diseinatu dela horren argi duten sindikatuek zer iritzi dute 3H irakaskuntza ereduaz, ikasgai espezifikoak ingelesez irakasteaz? Zer iritzi du EAJk, hezkuntza lege hori sustatu eta horren aldeko botoa eman zuenak? Zer iritzi du EH Bilduk, hezkuntza lege hori sustatu, baina horren kontrako botoa eman zuenak, zer eta D eredua mantentzeko aukera ematen zuelako? Eta euskalgintzak? Euskalgintzaren Kontseiluak?

Berriki, euskararen aldeko Batuz Aldatu ekimenak bere bide orria izanen den agiria aurkeztu du. Bertan, babesten du «euskarazko murgiltze-eredu eleaniztuna». Berez kontraesankorra den zerbait: murgiltzea eta eleaniztuna. Besteak beste, bultzatzen du ingelesa goiz irakasten hastea (4 urterekin, adibidez), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan irakasgai bat edo batzuk ingelesez irakastea, etab. Horren argi badugu PAI-D ereduak zer bilatzen duen Nafarroan, zertarako diseinatu duten, bere bitartez zer lortu nahi duten euskararen hedatzea kosta ahala kosta oztopatu nahi duten horiek… Zer dela eta 3Hren onarpen akritikoa; are, horri emandako bultzada?

EAEn D ereduak aspaldi utzi zion berme izateari: hainbeste hedatu zen, ezen agerian geratu baitzen euskalduntzea soilik eskolaren bizkar uzteak ez duela balio. Ez digula balio. Ikastoletan aspaldi hasi ziren orain EAEn ezarri nahi duten eredu eleaniztunarekin. Hona ikastola bateko ama den Itziar Diez Ultzurrunen iritzia, Euskalerria Irratiko saio batean iaz esandakoa: «Batzuetan iruditzen zait eleaniztasunaren ziria ederki sartu digutela, pozik egin diogula amuari kosk».

Hala batean nola bestean, auzitan jarritako D eredua urardotzeak kalte latza eragingo dio hizkuntzaren normalizazioari. Alegia, bai: atzerapauso oso larria. Nafarroan zein EAEn. Hortaz, Nafarroan PAI-D ereduaren kontra dauden alderdiak eta eragileak animatzen ditugu EAEn ere hezkuntza eleaniztunari kontra egitera eta euskara hutsezko D eredua mantentzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.