Iratxe Sorzabalen lagunak

40 minutu Iratxerekin

Iker Eizagirre ‘Xufi’ eta Juan Mari Arrozpide ‘Bixarras’
2025eko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Historikoa izan da, Monarkia Espainiarreko epaitegi batek honako ebazpen hau onartu du: «Iratxe Sorzabal zaintzeaz arduratzen ziren funtzionarioek elektrodoak aplikatu zizkioten deklaratzera behartzeko, eta horrek zera dakar, haren oinarrizko giza eskubideak nabarmen urratzea». Bestela esanda, 2001. urtean atxilo hartu ondotik, Guardia Zibilak Iratxe torturatu egin zuen, inpunitate osoz.

Iratxek lehen unetik kontatu zion Euskal Herriari gertaturikoa: 2001eko martxoan atxilotu zuten, eta urrirako haren azal torturatuaren argazkiak bolo-bolo zebiltzan. Askatu orduko, Iratxek ihes egin zuen, berriz atzeman ez zezaten. Erbestean, Belgikan zela, konpromiso militanteak bultzaturik, Eneko Bidegain kazetariari aitortu zizkion Madrilgo ziegetan nozituriko tormentuak:«Hiltzeko beldurrik al nuen? Nik hil egin nahi nuen». 2015ean atxilotu zuten berriz ere Iratxe, Baigorrin, Euskal Herrian agertoki politiko berri baten alde ari zela.

Ordutik aurrera, hamaika aldiz salatu izan du Iratxek bost egun luze horietan sufriturikoa. 2022ko epaiketan, jazarpen lazgarriak deskribatu zituen: «Elektrodoekin jo ninduten makinaren pilak agortu arte». «Hil egin nahi duzu, baina ezin duzu»; torturatzaile profesionalen esku egon zen euskal militantea.

Euskal herritarrok bagenekien Iratxe torturatu egin zutela, euskal militantea izateagatik; epaileek ere bai, ziurrenik. Eta, hala eta guztiz ere, Benito Morentinek azterketa txosten bat egin behar izan zuen agerikoa frogatzeko, eta Pierre Duterte frantsesak beste bat. Biek ondorioztatu zuten Iratxe torturatu egin zutela; hainbat epaitegik aipatu txostenak alboratu zituzten. Eta epaitegiek agerikoa ukatu arren, euskal herritarrok bagenekien Espainian ohiko praktika izan dela tortura: atxilotua birrintzeko, informazioa lortzeko, independentismoan beldurra zabaltzeko, eta, oro har, euskal erresistentzia suntsitzeko erabili du Monarkia Espainiarrak tortura. Iratxek irakatsi zigun, baita mugimendu feministak ere, euskaldun moduan ez ezik, Guardia Zibilak emakume moduan jazarri ziola irundarrari. 2025eko maiatzaren 8an, ororentzat agerikoa zen hori berretsi du epaitegiak, eta ez da gutxi.

Mende laurdena igaro da tortura egun horietatik, apenas bi egun epaia ezagutu dugunetik; eta gu, bi irundar, Zaballako espetxera goaz, Iratxerekin bisita dugu-eta. Urduri gaude, ailegatu gara Arabako espetxera. Itxarongelan hiru pertsona multzo nabarmentzen dira, argiki: euskaldunak, ijitoak eta latinoamerikarrak. Gainditu ditugu sarbideko kontrolak, patioa zeharkatuta eraikin berri batera eraman gaituzte; bisak ezkerrera eta gu eskuinera; hor dira kabina madarikatu horiek. Nerbioso gaude, Iratxe aurki etorriko delako, bera barruan delako eta gu kanpoan, berrogei minutu baino ez direlako, kabina inkomunikaziorako egina dagoelako, eta historikoa delako. Iratxek lortu du:torturatua izan dela aitortu diote, bere borrokak ebazpena irabazi dio salbuespenezko epaitegiari. Badatoz!

Bizkor eseri da, begira geratu gatzaizkio, bera guri ere bai, txinpartaz beteriko begirada du, eseri bezala hartu du telefonilloa, «zorionak denoi!», esan digu. Alajaina, hark eman behar zorionak guri! Aitortza herri oso baten garaipena dela esan digu, espetxetik eta kaletik borrokatu garen denona, denok beti jakin izan dugun hori aitortu zedin: hemen torturatu egiten da. Gogorra izan da, oso, etengabe epailearen begirada mespretxagarriaren aurrean erraietako minak biluztea, baina Iratxe militante politikoa da, eta horregatik egin du, aukera izan duen plaza denetan, epaitegi guztietan, egoera latzenean ere. Iratxek sententzia irakurri du, nola ez, berak ere historikoa dela dio, nola jasotzen den, fondoa eta forma. Tentuz ari zaigu; bere egoerari begira zer aldatuko duen ikusteko dago, baina gauza bat argia da: Euskal Herrian 5.657 pertsonak, gutxienez, nozitu dute tortura beren azalean, eta gaur, haien hitza irmoagoa da atzo baino, ukaezina. Epaitegien aitortza torturatuen duintasunaren aldeko garaipena izan da; Estatuaren ezintasunaren froga ere bai. Gaur, nekez esango du inork tortura euskal erresistenteen asmakeria izan denik.

Baina Iratxek ez du torturaz bakarrik hitz egin nahi; bera ez baita iraganeko militantea, orainaldikoa baino, eta Irungo kontuen berri-gosez dago. Lakaxita, ekonomia eraldatzailea, Mosku, Hazia, pentsionistak, migrazioak, ezker abertzalea, EH Bildu, auzoak, Bor-Bor, mugimendu feminista... denaren berri jakin nahi du, horren parte izan nahi du-eta; espetxeak bakartzeko eginak dira, eta helburu hori lortzen dute baldin eta kanpokoak barruan daudenez ahazten bagara. Iratxek asko eman digu, eta gauza bakarra eskatu: bidali herriko informazioa, otoi. Harekin konprometitu gara: guk egingo dugu, eta ingurukoei esango, haiek ere informazioa bidal dezaten. Aldizkariak edo gutunak, dena da balekoa espetxeari zirrikitua egiteko, Iratxe gugandik gertuago ekartzeko.

40 minutu, txirrinaren hots neurtu eta gupidagabeak ameskeriatik atera gaitu. Une batez beste nonbait ginela sinistu dugu; auskalo non, baina kabina honetatik urrun. Azken begiradaz konpromisoak berretsi ditugu, «kaleko zurrumurrua ekarriko dugu Zaballara, egon ziur; eta gaur gozatu, zurea da garaipena!». Hunkituta atera gara, suminduta ere bai, baita poztasun apur batekin ere: Iratxe indarrez beterik ikusi dugu, gogotsu eta erabat buruargi.

Kotxean igota GPSa piztu dugu, bi orduan etxean izango gara. Igaro dira Murtzia II edo Puerto de Santa Mariako garaiak, eta eskerrak. Sakabanaketaren politika ankerra gainditu dugu, presoak gertuago ditugu orain, fisikoki; baina lehen bezain urrun daude bisitatzen ez baditugu, idazten ez badiegu, herriko informazioa haiekin partekatzen ez badugu; militante kideak direla ahazten badugu.

Irunerantz abiatu orduko, honako hau apuntatu dut agendan: «Iratxeri idatzi, bidali Irungo materialak, aldizkariak eta testuak. Helbidea: CP Araba, Zaballa. Portillo San Miguel, 1. N-1, 340. kilometroa. 01230, Langraiz (Araba). Adi! Ez ahantzi igorlea jartzea!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.