Soziolinguista eta Euskal Filologian doktorea

Abenduaren 27tik… Intsumisio linguistikoa?

2025eko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskaldunok «larrialdi linguistikoan» gara. Euskara esan ohi dugu. Baina zinez euskaldunok gara «larrialdi linguistikoan» garenak. Ezin larriago Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaiko eremu misto eta ez-euskaldun segregatuetan. Baina larri ere EAEko bazterretan, euskara hizkuntza koofizial dugun arren, praktikan ez delako hala. Euskaldunok ez dugu demokrazia linguistikorik Euskal Herrian. Hizkuntza demokraziarik. Euskaldunok ezin dugu Euskal Herrian demokrazia linguistikorik izan, bertako herritar guztiok legez behartuak ez garen bitartean euskara (ere) ezagutzera, demokrazia espainiar eta frantsesak, aldiz, bai inposatua diguten bezala espainola edo frantsesa ezagutzea, eta praktikan erabiltzea parean dugun herritarrak inongo ahaleginik egin ez badu bere bizitza osoan herri honetako jatorrizko biztanleon hizkuntza propioa ezagutzeko. Eta legeak aukera guztiak eskaintzen dizkien bitartean, gure zerbitzari publikoei eta pribatuei euskara (ere) ezagutu eta baliatu beharra izan ez dezaten euskaldunokiko harremanean.

Euskal Herrian erdaraz artatuak izan nahi duten herritarrek zerbitzarien %100a daukate bere zerbitzuan. Erdaldun huts petoak pribilegiatuak dira Euskal Herrian. Euskaraz artatuak izan nahi dugunok ez dugu kasurik onenean zerbitzarien erdia, laurdena, hamarrena edo bat bera ere ez, kasuan kasu, gure zerbitzuan. Tabernari, dendari, autobus gidari, mediku, erizain, erizain laguntzaile, administrari, irakasle, abokatu, epaile, jendaurreko zerbitzua eman behar diguten guztiak, funtzionario guztiak, administrazio guztietan, armatuetan ere, polizia, ertzain, udaltzain, gure zerbitzura ere egon behar luketen guztiak… Espainiako epaitegiak berriro ari zaizkigunean eskubideak legez murrizten, espainolez mintzo diren Espainiako eta mundu guziko biztanleen mesedean eta gure kaltean. Hori, EAEko eta Nafarroa Garaiko Euskararen eta Vascuencearen Legeak berrogei urtez indarrean diren bitartean (eufemismoa da indarrean hori).

Ongi etorria bedi, beraz, Euskalgintzaren Kontseiluak bultzaturik, datorren abenduaren 27tik abiatzekoa dugun «pizkunde berri» garaia. Ezinbestean jarraitu behar dugunez borrokan legez eta praktikan lortu arte euskaldunok Euskal Herri osoan tratatuak izan gaitezen, gutxienez, erdaldunak gure herrian tratatuak diren begirune berez, euskaldunok ere izan ditzagun gutxienez erdaldun huts petoek gure lurrean dituzten eskubide linguistiko berdinak. Espainola (edo frantsesa) zernahitarako derrigorrezko diren neurri berean izan dadin euskara ere derrigorrezko. Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek dioen bezala (BERRIA, 2025-10-8, 2): «Euskaltzaleon garaia da; biltzekoa, elkarrekin arnasa hartzekoa», «euskara lehen lerrora ekarri eta benetako jauzia eragiteko garaia», «etorkizuna dago jokoan», «itxaropen mezu bat», «euskaltzaletasunaren giharra indartzea»…

Eta deialdian bada ere norbanakoontzako dei berezia (aipatu BERRIAn). AEK-ko Aize Otañok: «Garrantzitsua da euskaltzaleok aktibatzea eta egoera horri bulkada emateko indarrak batzea», «indarra eragitea bakoitzak bere aletxoa jartzeko gogoa izan dezan». Elkar fundazioko lehendakari Joanmari Larrartek: «Jendearengan ilusioa eta itxaropena piztu dadin», «askotan geure buruan sinestea falta zaigu; egoera honi buelta emateko gai garela sinetsi behar dugu, eta Euskal Herri euskaldun baterako norabide bat markatu dezakegula». Berriako Ainara Lasak: «norabide bat eta indar egituratu bat izatea», «euskaltzaleen aktibazio soziala erdigunean jartzea», «ekitaldiaren arnasa kolektiboak norbanakoengan eragina izan dezan», «biharamunean egon dadila gogo bat, herriz herri, auzoz auzo eta sektorez sektore, pizkunde horretan nork bere alea jar dezan»,« ezinbestekoak dira keinu pertsonalak ere», «eta garrantzitsua da euskaltzale guztiei agente izateko kontzientzia ematea», «norbanako bakoitzak bere tokitik egitasmoak sustatzea, benetan hizkuntzaren auzia lehen lerroan egon dadin eta elkarrekin bultza dezagun, hizkuntzak behar dituen babes sozial, juridiko eta politiko guztiak eraiki daitezen. Horretarako, gizarte gisa bultza egin behar dugu, eta gizartea ez da inor berau osatzen duten norbanakorik gabe». Norberaren konpromiso pertsonala bultzatzea.

Horregatik aktibatu behar dugu eguneroko Euskaldun Bihotzekoaren figura, euskaldun izan eta euskaraz bizi nahi dugunona, egunero Intsumisio Linguistikoa, Hizkuntza Intsumisioa harrotasunez praktikatuko dugunona. Eguneroko ahobiziona. Beti euskaraz egingo diogunona euskaraz dakien guztiari eta euskaraz ulertzen duen guztiari. Beraiek hala egin ezta ere. Are adiskide, ikaskide, lankide, bikote, guraso, seme-alabei ere… Eta are, une oro ausartzen garen neurrian, euskara hutsez eginez, honek ulertu ezta ere, gure artean bizi delako, euskaraz gutxienez ulertu behar ligukeen guztiari gizalegez eta bizikidetza demokratikoaren alde. Utz diezaiogun gure hitzen itzultzaile izateari behingoz. Bihurtu dakiela ezinbesteko gu ulertzeko adina euskara jakitea, gutxienez. Intsumisio Linguistikoa praktikatu. Hizkuntza Intsumisioa. Gatazka linguistikoa sortu, piztu eta eraman norbanakoen artera. Hori egiten ez dugun bitartean ez ditugu ez erdaldun huts petoak gutxieneko euskaldun hartzaile/ulertzaile bihurtuko, ez hauek euskal hiztun oso, eta hauek, Euskaldun Bihotzeko. Euskaldun Bihotzeko, lau esalditik hiru erdaraz egingo ez dituen abertzalea. Eta hori dugu erronka. Jai dugu bitartean.

Eta horretarako probestu behar ditugu azken 50 urtean geureganatu ditugun irabaziak. Hiztun osoen, euskal elebidun, elebidun orekatu eta erdal elebidunen kopuruan, euskaldun hartzaile/ulertzaile kopuruan, ama/lehen hizkuntza transmisioan eta etxeko hizkuntza erabileran izan ditugun irabazi nabarmenak belaunaldi gazteenetan, norbanakoon gaitasunean euskaraz areago eta hobeto jarduteko, erdaraz beste edo gehiago. Nahiz horrek guztiak ez digun ahantzarazi behar gure egoeraren larria, gure itolarria inguratzen gaituen itsaso erdaldun petoan, eta erronka berriagoak, azken 25 urtean Hegoaldean jasotzen ari garen Espainiaz kanpotikoen uholdea, Iparraldean Frantziatikoa, arnasguneetako eskasteak, gure hiriak irabazteko beharra.

Gora abenduaren 27tiko pizkunde garai berria! Bedi pizgarri azken hamabost urtean motibazioa galdu bide duen sektore euskaltzale dinamikoarentzat! Aurrera Intsumisio Linguistikoa!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.