Euskal Herria Batera

Aberri Eguna, Euskal Herriaren eguna

Xabier Euzkitze, Mireia Epelde, Ekhiñe Atorrasagasti
2026ko apirilaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aberri Eguna Pazko Igandean ospatzen den euskal aberriaren, alegia, Euskal Herriaren eguna da. Aberri Egunak aldarrikapen zentzua du, euskal nazioaren izatea bera eta euskal nazioaren eskubideak baieztatzeko sortu baitzen. 2032an 100 urte beteko dituen hitzordua da eta urte luze hauetan ez da modu normalizatuan ospatu eta ez du dagokion izaera ofizial eta instituzionala jaso.

Aberri Egunak euskal nazioaren askatasun eta demokrazia nahia aldarrikatzen du eta urte hauetan, abertzaleona ez ezik, abertzaleak ez diren ezkerreko alderdien zein herritar askoren babesa ere jaso du. Aberri Egunaren ospakizunak ezkutatu ezin den esanahi politikoa du eta, segur aski, hala behar du aitortua eta normalizatua ez den Euskal Herri honetan.

XXI. mendea aurrera doan honetan, ospakizunak ofizialtasuna irabazi eta instituzionalizazioa izan behar duela uste dugu. Horretarako baldintza berriak ditugula eta inoizko behar handiena dugula uste baitugu. Euskal nazioarekiko atxikimendua zabaldu eta indartu da euskal lurralde guztietan.

Hiru euskal lurralde administratiboek nolabaiteko egitura eta aitortza instituzionala dute eta horrek nazio mailako baieztapen kolektibo eta sinboliko bateratua behar du. Euskal Autonomia Erkidegoak Euskadiren Eguna du bere burua goratzeko era (2010etik, urriaren 25ean Euskadiko Autonomia Estatutua ospatzen du). Nafarroako Foru Erkidegoak Nafarroaren Eguna du bere izatea aldarrikatzeko egun gisa (1984tik, abenduaren 3an ospatzen da; San Frantzisko Xabier nafar santuaren heriotza eguna izateaz gainera, Euskararen Nazioarteko Eguna ere bada). Ipar Euskal Herriak ez du bere lurraldetasuna baieztatzeko egun ofizialik.

Lurralde aniztasunak isla izan dezake ospakizunen esparruan, baina inoiz baino beharrezkoagotzat jotzen dugu euskal lurralde guztien batasuna adieraziko duen ospakizun ofizial bat eta hori, gaur egun, Aberri Eguna dela deritzogu. Hiru lurraldeen euskal naziotasuna aldarrikatuko duen eguna behar da eta horri Aberri Eguna esaten zaio; alegia, Aberri Egunak Euskal Herriaren izatea ospatzeko eguna izan behar du.

Egunaren genealogia baino gehiago egunaren beraren sinbologia indartu eta bere aitortza maila handitzea aldarrikatzen dugu, inguratzen gaituzten nazioek beren aberrien egunetan egiten duten antzera

Testuinguru globalak ikasgai argia eskaintzen digu. Jendarte eta herri moduan aurrean ditugun erronkei aurre egin nahi badiegu, komunitate gisa aritu behar dugu, eta, beraz, gure naziotasuna, elkarrekin aritzeko erabakia eta geure burua alor guztietan gobernatzeko nahia adierazi behar dugu euskal herritarrok guztiok batera.

Aberri Egunari gaur egun ez duen aitortza eta zabalpena ematea urrats txiki bat izango litzateke norabide horretan, ez besterik, baina, bere neurrian, uste baino eraginkortasun handiagoa izango lukeen urratsa litzatekeela deritzogu. Euskal nazioa garela adierazteko egun ofiziala izateak eta hura instituzionalizatzeak euskal herritarron batasuna, parekidetasuna eta subiranotasuna adieraziko bailituzke.

Egunaren genealogia baino gehiago egunaren beraren sinbologia indartu eta bere aitortza maila handitzea aldarrikatzen dugu, inguratzen gaituzten nazioek beren aberrien egunetan egiten duten antzera. Sinbolikoak garrantzia duelako eta zer garen eta nortzuk garen gurean eta munduan ofizialki azaltzea ezinbestekotzat jotzen dugulako.

Euskal Herria Baterak hasitako gogoetan Aberri Egunaren ofizialtasunerantz eta instituzionalizaziorantz urratsak egitea proposatu nahi du, beraz:

Batetik, Aberri Eguna antolakunde, eragile eta sektore sozial abertzaleen aldarrikapen eguna izatetik euskal herritar guztion egun handia bilakatzeko helburuarekin.

Bestetik, egunaren ofizialtasunak ospakizuna denona bilakatuko luke, Euskal Herria osatzen dugun herritar guztiona. Euskal nazioa bere jendea baita, euskal komunitatea osatzen duen jendea da, adin, ezaugarri, jatorri eta atxikitze ideologiko askotariko jendea. Ofizialtasunak unibertsalizazioa ekartzen du eta guk unibertsal bilakatu nahi dugu euskal komunitatearen parte izatea. Zoru horren gainean askotariko atxikitzeak eta identitateak eman daitezkeela ulerturik. Aberri Egunak ez du ezer ukatzen, Aberri Egunak ez ditu euskal lurralde administratiboetan dauden gainontzeko ospakizun nagusiak ezeztatzen, Aberri Egunak osatu egiten ditu, Aberri Eguna Euskal Herriaren eguna bilakatzen da eta Aberri Egunak euskal herritarrak batu eta parekide egiten ditu.

Hirugarrenik, ofizialtasunak instituzionalizazioa eta zabalkundea ekarri behar ditu. Aberri Egunaren instituzionalizazioak euskal instituzio publiko guztiek agerian eta dagokion solemnitatearekin, urteroko maiztasunarekin, eguna ospatu/adieraztea ekarri behar du. Horrek irradiaziorako eta egunaren zabalkunderako konpromisoa ekarri behar du, baita diasporari begira ere.

Alta, euskal nazioa bere subiranotasun osoarekin aitortua ez den heinean, egun honek aldarrikapen izaera mantenduko du, zentzu politiko demokratikoa mantenduko duen bezala. Euskal lurraldeon arteko batasun eremu instituzionalak sortzen ez diren bitartean, ahalegina egin beharko da inertziak gainditu eta, besteak beste, egun honetan batasuna adierazteko.

Euskal Herria Baterak ezin du ofizialtasunerantz eta instituzionalizaziorantz bide hau bakarrik burutu, ezin du honek eskatzen duen eztabaida bakarrik sustatu. Jendarte zibilak bultzatutako herri ekimena gara eta, herri gisa jauziak egiteko garai honetan, erakundeei, eragileei eta jendarteari dagokie protagonista izatea.

Ospatu dezagun gure aberriaren eguna!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA