Lizarrako alkate ohia

Aberria Lizarratik eraikitzen

Koldo Leoz Garciandia
2026ko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Efemeride garrantzitsuak gogoratuko ditugu aurten euskal herritarrok: euskal foruen abolizioaren 150 urteak, kolpe frankistaren 90 urteak edo Bergarako alkateen batzarraren 50 urteak. Horietan apur bat sakondu aurretik, nik Lizarrako udalbatza aretoko muralaren 8. urteurrena ere gogoratu nahiko nuke.

Muralak, 1964. urtetik, Lizarrak eta Donibane Garazik bizi duten senidetasun akordioa gogoratzen digu. Lizarra eta Garazi, bidea, erreala eta sinbolikoa, batera egiten duten bi herri euskaldun. Antzinako senidetasun natural-historikoa akordio baten bidez sinatu zen beste efemeride batekin kointzidituz, Lizarrako foru berriaren baieztapenaren 800. urteurrenarekin aurten —Lizarrako foru zaharraren 950. urteurrena ere bada—. Eta ez da efemeride makala, foruak gure herriari burujabetasuna, justizia eta eskubideak ematen zizkiolako.

Foruak dira gure herriak burujabetasuna bermatzeko historikoki izan dituen lanabes eraginkorrenak, bai Lizarran, bai Euskal Herri osoan. Aurten, 150 urte betetzen dira Espainiako Gorteek euskal foruak indargabetu, legedi arrotza inposatu eta gure justizia eta eskubideak mutilatu zituztenetik. Eta 90 urte betetzen dira ere faxismoak gure herria bortizki kolpatu zuenetik. Lizarrak protagonismo makabroa izan du faxismoaren eskuetan. Izan ere, 1976. urtean, Jurramendin, Aniano Jimenez Santos eta Ricardo Garcia Pellejero lizarratarra erailak izan ziren faxisten eskuetan —beste efemeride bat, aurten 50 urte— eta 1936. urtean, altxamendu militarraz ohartarazi zuen Fortunato Agirre Lukin alkatea ere, beste bi udal langileekin batera, preso hartu eta fusilatua izan zen.

Argi dago, beraz, Lizarrak udalgintzan, euskal bultzada nazionalean, faxismoaren kontrako borrokan eta askatasunen berreskurapenetan paper garrantzitsua izan duela

Fortunatoren irudian gelditu nahi dut apur bat, herrigintzan eta abertzaletasunean figura garrantzitsua izan baita, eta, gainera, bere familiarekin dudan harreman pertsonalagatik, bereziki hunkitzen nauelako beraz hitz egitea. Sortzez Arellanokoa bazen ere, Lizarrarekin lotu behar da bere bizitza. Lizarra ikastola eta Izarra futbol taldea sortzen lagundu zuen, kirola eta euskara baitziren bere zaletasun garrantzitsu bi —Osasunaren sorrerarekin lotzen zaio ere—. Baina alkate bezala ere aipagarria izan zen bere lana.

Aipamen berezia 1931. urtean Lizarrako Estatuaren sorreran gure hiriak eta gure alkateak bete zuten papera. Euskal Herri osoko 400 korporaziotik gorako ordezkariak izan ziren bertan eta foru-indargabetzeari aurre egiteko lehen instituzionalizazio politikoko ahaleginetako bat izan zen.

Euskal Herriarekin konpromisoa erakutsi dugun Lizarrako alkateen artean badago aipagarri den beste bat: Pedro Arbizu Pamies. Trantsizio garai zailetan lan egin zuen eta euskal foruen indargabetzearen 100. urteurrenean ospatu Bergarako alkateen batzarrean izan zen eskubide historikoak eta foru askatasunak berreskuratzea aldarrikatzen. 1976. urtean izan zen, Jurramendiko gertaerak izan ziren urte berean.

Argi dago, beraz, Lizarrak udalgintzan, euskal bultzada nazionalean, faxismoaren kontrako borrokan eta askatasunen berreskurapenetan paper garrantzitsua izan duela. Horregatik, hurrengo Aberri Egun bateratua Lizarran ospatzea erabaki izanagatik zoriondu nahi dut antolakuntza. Eta bide batez, horretara bertaratzeko gonbita egin nahi dizuet guztiei martxoaren 28an goizean Lizarrako Los Llanos Kulturgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA