Itaiako kideak

Abortu eskubidea: atzerapausoak eta blindaje engainagarriak

Maitane Urkola eta Irene Ruiz
2025eko urriaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hautsak harrotu ditu Madrilgo Udalak —Voxek proposatuta eta PPren babesarekin— onartu berri duen abortuaren aurkako ekinaldiak, eta ez da gutxiagorako. Proposamen horrek dioenaren arabera, abortua gauzatu nahi duten emakumeei, ahoz eta idatziz, abortu osteko sindromeaz jakinarazi behar diete hainbat esparrutako udal langileek. Gauza jakina da abortuaren osteko ustezko depresioek, kulpa sentimenduek eta abarrek ez dutela inolako oinarri zientifikorik. Kontrara, informazio faltsua transmititzearen helburua abortua eta hori gauzatzen duten emakumeak kriminalizatzea da.

Neurri horrek, ordea, ez gaitu harritu; izan ere, ideologia kontserbadoreak beti eduki du abortua jopuntuan. Horren adibide ditugu abortu zentroen aurrean anti-abortistek inpunitate osoz egin ohi dituzten kontzentrazioak; emakumeari jazartzea beste asmorik ez duten praktikak dira horiek, nahiz eta legez debekatuta egon. Alderdi ultraeskuindarrek babes politikoa ematen diete elkarte anti-abortista horiei —baita ekonomikoa ere, bide batez—, eta abortatzeko eskubidearen aurkako neurri zehatzak aurrera eramaten dituzte instituzioetan, hala nola Gaztela eta Leongo abortuaren aurkako protokolo entzutetsua edo Alacanteko abortuaren aurkako bulegoa. Neurri horiek guztiek atzerakada larria dakarte emakumeon oinarrizko eskubideetan, eta gure aurkako eraso zuzenak dira.

Eztabaida politiko-instituzionalean PSOEk ere jarri du bere alea. Hain zuzen, abortuaren aurkako «erasoaldi» ultraeskuindarretik babesteko, abortu eskubidea konstituzioaren bitartez blindatzeko asmoa adierazi du. Itxura guztien arabera, konstituzioan sartzeko beharrezko duten boto kopurua ez du lortuko —hori lortzeko, besteak beste, PPren babesa behar baitu—, eta, beraz, lerroburu iragankor bat besterik ez da izango. Hala ere, konstituzioan sartzeko proposamena aurrera ateratzea lortuko balute, abortu eskubidea hankamotz geldituko litzateke, eta ez lituzke eskubide horrek egun dituen arazo oinarrizkoenak konponduko. Hain justu, azken urteetan ikusi bezala, legeari dagokionez aldaketak proposatu badira ere —eskubide erreproduktiboei buruzko 1/2023 Lege Organikoa—, horrek ez du emakume guztiontzako abortu eskubidea bermatu.

Frantziako kasua argigarria da. 2024an abortua konstituzioan sartzea onartu zen arren, praktikan ez da aldaketa nabarmenik antzeman: abortua praktikatzen duten mediku kopuruak txikia izaten jarraitzen du; abortu-zentro ugari ixten ari dira —Baionako Sexu Osasunerako Zentroa horietako bat da—, eta, gainera, zentroen itxiera horrek egoera zaurgarrianean dauden emakumeei eragiten die kalte handiena, abortatzeko zuten aukera errazena hori baitzen; eta, oraindik, anti-abortistek mobilizazioak egiten dituzte urtero Parisen eta Lyonen.

Abortua despenalizatu zenetik berrogei urte bete diren honetan, abortatzeko eskubidea urratu egiten da oraindik. Gaur-gaurkoz emakume guztiok ez dugu eskubide hori bermatuta; izan ere, emakume migrante askok eta askok zailtasunak dituzte aborturako sarbidea izateko; muga burokratikoengatik eta legalengatik, batik bat. Horrez gain, abortu zerbitzua interes kapitalistetara azpiratuta dago, eta haren kalitatea baino gehiago irabazi ekonomikoak lehenesten dira: EAEn, adibidez, abortu zerbitzu gehienak klinika pribatuetan egiten dira, eta haietan, hainbat emakumeren eta emaginen lekukoek berresten dute tratu txarrak jasotzen dituztela eta informazio falta nabaria dela. Maila sozialean, abortatzeak estigma eragiten jarraitzen du: emakumeen aurkako jazarpenek bere horretan diraute, eta haien gaineko presio soziala nabarmena da.

Emakumeen eskubide erreproduktiboen aurkako erasoak ez dira azaleko lege-aldaketen bidez geldiarazten, emakume langileok bizi dugun errealitatea betikotu besterik ez baitute egiten. Horren aurrean, ezinbestekoa da, irabazi kapitalistan oinarritutako gizartearen aurka, eta doako eta kalitatezko abortu unibertsalaren alde borrokatzea. Izan ere, badugu zer borrokatu, ikusitakoak ikusita, etengabe kolokan dagoen auzia baita honakoa.

Batetik, emakume guztion eskura egongo den kalitatezko zerbitzuaren alde borrokatu behar dugu: enpresa pribatuen esku-hartzea eta horretan instituzioek duten konplizitatea salatuz, edota profesionalek abortua ez praktikatzeko duten eskubidea seinalatuz. Bestetik, abortuaren aldeko defentsa irmoa gauzatu behar dugu, emakumerik ez dadin babesgabe sentitu eta ez dadin kriminalizatua izan egoera horretan: Madrilgo Udalak proposaturiko ekinaldiaren aurka borrokatuz edota abortu-kliniken aurrean egiten dituzten kontzentrazioei aurre eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.