Azken urteotan, adimen artifiziala (AA) eztabaida publikoaren erdigunean kokatu da, bai aukera ekonomiko eta sozial berrien iturri gisa, bai arrisku eta zalantza etikoen fokuan. Hala ere, diskurtso instituzional eta mediatikoek askotan aurrerapauso teknologikoetan eta etorkizuneko promesetan jartzen dute arreta, eguneroko erabilera sozial errealak behar bezala ezagutu gabe. Testuinguru honetan kokatzen da artikulu hau: Gipuzkoako herritarren artean AAren erabilera, pertzepzioa eta gizarte-eraginak modu enpirikoan aztertzea.
911 gipuzkoarri 2026ko urtarrilean egin diegun online inkesta baten emaitzek erakusten dute AA ez dela etorkizuneko teknologia bat. Inkestatutakoen %74k AA erabili dute dagoeneko, eta erabiltzaileen %62k astean behin edo gehiagotan erabiltzen dute; beraz, AA ez da promes bat, baizik eta eguneroko azpiegitura sozial eta kognitibo bihurtzen ari den errealitatea.
Hala ere, erabilera zabala izateak ez du esan nahi konfiantza osoa dagoenik. Gipuzkoarron jarrerak anbibalenteak dira. Alde batetik, AA tresna erabilgarria dela onartzen da, lan karga murrizteko, sormena laguntzeko edo administrazio izapideak arintzeko. Bestetik, arrisku nabarmenak hautematen dira: gipuzkoarren %44k mendekotasun arrisku handia atzematen dute inguruan, eta %47k pribatutasunarekin eta datuen segurtasunarekin lotutako kezka adierazten dute, bereziki administrazio publikoan erabiltzen denean.
Adinaren araberako aldeak bereziki esanguratsuak dira. 16 eta 34 urte bitartekoen artean AAren erabilera %90etik gorakoa da, baina joera hori nabarmen jaisten da goreneko adin tarteetan. Datu horrek iradokitzen du arrakala nagusia gaitasun praktikoena dela: nork dakien eta nork ez dakien tresna horiek erabiltzen. Horrek erronka eta aukera argia planteatzen die politika publikoei, bereziki inklusio digitalaren eta giza eskubide digitalen ikuspegitik. Gipuzkoako Foru Aldundia (GFA) zehazki ikerketa ekintza horretan dabil murgilduta 2025eko urtarriletik, EHU eta Ikerbasque-rekin eskutik lankidetzan.Â
Administrazio publikoaren kasuan, herritarren mezua nahiko koherentea da. Gehiengo zabal batek AAren bidez izapide administratiboak automatizatzearen alde egiten du, batez ere dokumentazioari eta prozedura errepikakorrei dagokienez. Aldi berean, %61ek aurrez aurreko arreta lehenesten dute, eta oso gutxik uste dute txatbotek gizakien arreta baino zerbitzu hobea eskaintzen dutenik (oraingoz). Horrek erakusten du gizarteak ez duela digitalizazio hutsa eskatzen, baizik eta eraginkortasuna eta harreman humanoa uztartzen dituen eredua, UIK Udako Ikastaroetan 2025eko uztailean landu genuen moduan.
Erronka nagusia ez da AA sustatzea soilik, baizik eta haren gobernantza sozialki legitimoa eta jasangarria eraikitzea, ebidentzia enpirikoan oinarrituta eta gizartearen kezkak serio hartuta
Gazteen inguruko pertzepzioek ere arreta berezia merezi dute. Gipuzkoarren %61ek uste dute AAk aukera gehiago eskainiko dizkiela gazteei, baina aldi berean ia erdiek diote eragin negatiboa izan dezakeela haien osasun mentalean. Tentsio horrek adierazten du AA ez dela soilik tresna ekonomiko edo teknologikoa, baizik eta ongizatearekin, presio sozialekin eta itxaropenekin lotutako fenomeno sozial konplexua dela. Komenigarria da, fenomeno honen jarraipen estua egitea erakunde publikoetatik.
Ondorio gisa, ikerketa honek erakusten du Gipuzkoan AAren erabilera soziala aurreratua dela, baina ez dagoela diskurtso instituzionalaren eta esperientzia sozialaren arteko erabateko lerrokadurarik. Gipuzkoarrek ez dute AA baztertzen, baina baldintzak jartzen dituzte: gardentasuna, datuen babesa, inklusioa, giza presentzia eta, oro har, eskubide digitalen bermea. Horregatik, erronka nagusia ez da AA sustatzea soilik, baizik eta haren gobernantza sozialki legitimoa eta jasangarria eraikitzea, ebidentzia enpirikoan oinarrituta eta gizartearen kezkak serio hartuta. Ildo horretan, ikerketa honek oinarri sendoa eskaintzen du etorkizuneko politika publikoak, eztabaida sozialak eta deliberazio demokratiko algoritmikoa modu informatuan garatuz, gipuzkoarron eskubide digitalak berma daitezen.
Azkenik, inkestaren emaitzek beste dimentsio garrantzitsu bat ere agerian uzten dute: teknologiarekiko konfiantza soziala ez dela automatikoki sortzen, baizik eta gobernantza demokratikoaren kalitatearekin estuki lotuta dagoela. Herritarrek AAren potentziala aitortzen dute, baina aldi berean argi adierazten dute nola, zertarako eta zein baldintzatan erabiltzen den jakin nahi dutela. Horrek esan nahi du etorkizuneko politika publikoek ezin dutela soilik berrikuntza teknologikoa sustatu; beharrezkoa izango da gardentasun instituzionala, kontu ematea eta herritarren parte hartzea sendotzea. Bestela esanda, AAren garapenak legitimitate soziala behar du. Gipuzkoaren kasuan, horrek aukera estrategiko bat irekitzen du: berrikuntza teknologikoa gizarte kohesioarekin eta eskubide digitalen bermearekin uztartzen duen gobernantza eredu aitzindaria eraikitzea. Ikerketa honen balioa, hain zuzen ere, norabide horretan lehen ebidentzia enpirikoak eskaintzea da.
Ikerketa ekintza aplikatu hau EHU+Ikerbasque eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean gauzatzen ari da, koprodukzioan, Science4Policy paradigmaren pean: (i) EHUko Politika Publikoen eta Historia Ekonomikoaren Sailetik zientifikoki zuzentzen da; (ii) Ikerbasque-ren ikerketa programa zabalago baten parte da; eta (iii) Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritza finantzatu eta egikaritzen ari da.