EHUko irakaslea eta Ikerbasqueko ikertzailea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikaria

Gipuzkoa: sozialki kohesionatua, baina digitalki jasangarria al da?

Igor Calzada eta Itziar Eizaguirre
2025eko ekainaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Adimen artifiziala (AA) bizitzak bizkor eraldatzen ari den une honetan, erronka nagusi bati egin behar dio aurre Gipuzkoak: gai izango al da ohiko gizarte-kohesioa mantentzeko eszenatoki digital berri honetan? Artikulu honek proposatzen du, trantsizio ekologikoa justizia sozialaren eta berdintasunaren ikuspegitik lantzen hasi garen bezala, digitalizazioari ere begirada bera eskaini behar zaiola: ekitatez, justiziaz eta eskubide digitalen errespetuz.

Gipuzkoa, auzolanaren kulturarekin lotutako gizarte-kohesiorako eredu komunitario gisa hartu izan da sarritan, elkarrizketa instituzionalean, adostasun sozialean eta erantzukizun komunitarioan oinarrituta: eragile publikoen, industriaren eta gizarte zibilaren arteko elkarlan sendoan, alegia. Baina honako galdera dugu orain: gizarte-kohesio hori mantendu daiteke gero, arrakala digital eta algoritmikoak areagotzen ari diren testuinguru batean? Prest al dago Gipuzkoa, trantsizio digitalaren erronkak lurraldeak berezko dituen ekitate eta justizia sozialaren balioekin gauzatzeko?

Artikulu honen mezu gakoa honakoa da: trantsizio sozio-ekologikoa instituzionalki prestatu dugun eran, orain Gipuzkoak, tsunami algoritmikoaren aurrean, digitalizazio jasangarri baten aldeko lidergoa hartu behar du, ezinbestean, herritarren eskubide digitalak eta komunitate zaurgarrien inklusioa erkatuz.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritzak, II. Aniztasuneko Foru Planaren barruan, inklusio digitala eta AA generatiboan ardaztua dagoen nazioarteko ikerketa-ekintza ildo bat jarri du martxan. Berau, AI4SI ikerketa  programaren baitan —Etorkizuna Eraikiz programaren laguntzaz garatua ere—, AAk, hurrengo bost urteen buruan, gipuzkoarren eguneroko bizitzan izango duen eragin soziala aztertzen ari dira. 

Testuinguru honetan, Donostiako Miramar jauregian,uztailaren 15ean eta 16anInklusio Digitala eta AA Generatiboa nazioarteko UIK Udako Ikastaroa antolatu dugu, helburu zehatz batekin: jakintza akademikoa eta politika publikoak erkatuz, AAk gure herrietan eta komunitateetan planteatzen dituen erronka instituzional, sozial, enpresarial eta tekno-politikoei buruzko elkarrizketa ireki, anitz eta zorrotz bat sustatzearena. Bestalde, arreta berezia eskainiz Gipuzkoako ehundura sozialeko geruza zaurgarrietan diharduten gizarte zibileko erakundeei.

Nazioarteko egitaraua, tokiko eztabaida eta genero-ordezkaritza orekatua izanik, ikastaroari irekiera emango zaio gaia estrategikoki kokatuz. Ondoren, Seeta Peña Gangadaran LSEko kidea eta Eskubide Digitalen Hiri-Koalizioko bi ordezkari izango ditugu: Bartzelonatik, Joan Batlle-Montserrat, eta Rotterdametik, Miranda Saunders. 

Hitzordu nagusietako bat izango da Ez Al Dago Alternatiba Digitalik? (There Is No Alternative?) izeneko mahai-ingurua. Margaret Thatcherren aipu ezaguna oinarri hartuta, galdera probokatzaile bat jarriko da mahai gainean: benetan ez al dago eredu digital nagusien (dataopolioak) alternatibarik? Lau ikuspegi osagarri jarriko ditugu elkarrizketan:Simona Levi aktibista,Jorge Campanillas abokatu donostiarra, Alex Rayón teknologia-ekintzaileaetaGemma Galdón etikaren arloko aholkularia.

Bigarren eguna, Zeynep Enginek (Cambridge University Press-eko editorea) irekiko du. Ondoren, Gales eta Gipuzkoaren arteko esperientziakalderatuko dira, migratzaileen inklusio digitalari eta udaletako ekimenei dagokienez. Saio horretan parte hartuko dute Dan Robertsek (CWMPAS, Galesko Kooperatiben Zentroa) eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari batek. Arratsaldean, Gipuzkoako gizarte-erakundeak (Bidez-Bide, Jatorkin, Haurralde, Elkartu, AgifugietaEmigrados Sin Fronteras) protagonista nagusi izango dituen tailer parte-hartzaile batantolatu dugu.

Adimen artifiziala, algoritmoak eta datuak gero eta gehiago bihurtzen ari dira gure errealitatea egituratzen duten tresna —zerbitzu publikoetarako sarbideetatik hasi eta WhatsApp bidezko chatbotetaraino—. Horregatik, premiazkoa da hausnartzea Gipuzkoan gizarte-kohesioa bermatu duten printzipioak aplikagarriak diren egungo testuinguru digital berrian. Ez baita aski estaldura teknologiko egokia izatearekin: ezinbestekoa dirudi bermatzeak irisgarritasuna eta pribatutasuna,alfabetatze digital kritikoa,autonomia teknologikoa,datuen gaineko jabetza,algoritmoen auditoria publikoaeta diskriminazio algoritmikoaren aurrean eskubide digitalak. Laburbilduz: Gipuzkoan inor ez dadila atzean geratu eraldaketa digital honen ondorioz. Gizarte-kohesiorako politika publikoetan ibilbide luzea duen lurralde gisa, Gipuzkoak badu aukera ez bakarrik digitalizazio jasangarri bat egikaritzen joateko; are gehiago, Europan,AA generatiboaren aurrerapen teknologikoak komunitate zaurgarrien inklusio digitalarekin uztartuz,erreferente izatekoaukera erreala.

Begirada errealista batetik ikusita, esan daiteke Gipuzkoak badituela zenbait baldintza egiturazko inklusio digitalaren alorrean aitzindari izateko. Sare instituzional sendoak,elkartegintza konprometituaetaherritartasun aktiboaditu oinarri. Baina oraindik erantzun gabe dauden galderak ere badaude: Gure azpiegitura digitalak pertsona guztientzat diseinatuta al daude?Nor da ekoizten ditugun datuen jabea?Nola egiten zaie aurre kolektibo zaurgarriak ikusezin bihurtzen dituzten algoritmoen joerei?Zein da plataformen eta AA generatiboaren rola desberdintasunak errepikatzeko eta sakontzeko orduan?Digitalizazioak ez luke arrakala areagotu behar: kontrara, Gipuzkoa inklusiboago bat eraikitzen lagundu beharko liguke. Prest al zaude jauzi hori elkarrekin egiteko?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.