Adingabeak: segurtasun politikarik eraginkorrena gizarte politikak dira

2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Adingabeen babesak ez du aldundiaren isiltasuna justifikatzen. Aurreko astean Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ¬ęprotokoloez hausnartzen urtebete zeramatela¬Ľ adierazi zuen. Hala bada, zaila egiten zaigu ulertzea zergatik egon diren hain isilik Bilbon izandako zoritxarreko gertakarien ostean. Beste arrazoi batzuk zituen aldundiak adierazpenik ez egiteko. Abenduan eta urtarrilean bizi izan ditugun gertakari larriek, non adingabeak tartean zeuden, agerian utzi dituzte Bizkaiko Aldundiaren gizarte-politiken gabeziak. Hain nabarmenak izanik Bizkaiko agintariek ezin zituzten betiko leloak Bizkaia ondo doa, Bizkaia Goazen zabaldu.

Bilboko alkatearen adierazpenak segurtasunari heldu beharraren bidetik joan dira. Ezin da ukatu bizi izan ditugun egoera larriek segurtasunik ezaren sentsazioa zabaldu dutela eta egia da sentsazio hori desagerrarazteko neurriak hartu behar direla, udal polizia eredu hurbilagoa bultzatu behar da, eta justiziarekin zein ertzaintzarekin protokoloak hobetu behar dira.

Baina hausnarketa sakonagoak beharrezkoak dira. Gertakari horiek berriro ez errepikatzeko neurriak hartu behar dira, eta horrek eskatzen du arazoen muinera jotzea, baliabideak eta neurriak lehen lerroan jarri behar dira. Inplikaturiko adingabeen egoera sorrarazi duten ezberdintasun sozioekonomiko, kultural, hezkuntzako eta abarren kontra jo behar da. Bilbon segurtasunik eza baino, gizarte arrakalak sortutako ezberdintasun sozialekin zerikusia duten arazo larriak daude.

Bilboko Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan langile nahikoa daude bazterketa arriskuan egon daitezkeen adingabe zein nagusiak detektatu ahal izateko? Gizarte langileen eta hezkuntza sistemaren arteko koordinaziorik ba al dago? Gizarte langileek zein gizarte hezitzaileek beraien kezkak aldundiari plazaratzen dizkiotenean, erantzuna epe laburrean jasotzen dute edo tartea luzeegia da? Aldundiaren Haur Zerbitzuetako langileen lan karga handiegia da eta langile gehiago behar dira; hala mahaigaineratu zuen LAB sindikatuak Batzar Nagusietan. Baina, espedienteen pilaketa agerikoa bada ere, 2018ko aurrekontuetan plaza gutxi batzuk besterik ez dira sortu, era berean Haur Zerbitzurako lanpostu gehiago sortzeko aurkeztu ziren zuzenketak atzera bota zituzten EAJk eta PSEk. Beste horrenbeste egin dute Bilboko Udalean.

Horrez gain, kudeaketa ereduaren gaineko eztabaida sakona egitea ezinbestekoa da. 1985ean Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea sortu zenean adingabeentzat eskainitako harrera zentroen plazen %80 era zuzenean kudeatzen zen. Egun eskaintzen diren plazen %80 azpikontratatuta dago. Aldundiak harrera-zentroen funtzionamendua kanpo erakundeen eta beraien langileen esku uzten ditu eta hauen esfortzuari esker, beraien dedikazio eta profesionaltasunagatik ematen da zerbitzu ona. Aldundiak, ordea, ez du eskaintzen zerbitzuaren kalitatea bermatzeko tresna nahikorik.

Gaia konplexua dela ezin ukatu, erakunde ezberdinak inplikatuta daudelako. Hezkuntzan zer gertatzen den, segurtasun ereduaz, arlo ekonomikoan dauden beharrez, gizarte zerbitzuen egoeraz, kultur ezberdinen arteko talkaz eta bilatu beharreko orekaz hausnartu beharko dugu. Eta arlo horien eskumenak, kasu batzuetan, udalarenak dira; bestetan, aldundiarenak edo Eusko Jaurlaritzarenak; askotan, hiru erakundeenak. Erakundeen arteko koordinazioa ezinbestekoa da. Horregatik bat egiten dugu Otxarkoagako eragileek plazaratu duten proposamenarekin, hain zuzen, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta auzoko eragileek osaturiko mahaia eratzearekin, egoerari aurre egiteko proposamen integrala lantzeari begira.

Ekin diezaiogun arazoen muinari, bere ondorioez damutu ordez. Aztertu ditzagun arazo hauen zergatiak, borrokatu dezagun arrakala sozialaren aurka, exijitu ditzagun baliabide gehiago, kudeaketa sistema eraginkorragoa, eragile guztien arteko koordinazioa hobetzea...Bilbon bizi izan ditugun gertakariak ekiditeko biderik egokiena, segurtasun politikarik eraginkorrena, gizarte politikak baitira.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Arantza Urkaregi Etxepare, Aitziber Ibaibarriaga Etxebarrieta eta Alba Fatuarte Gonzalez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.