Irailaren 15ean bete ziren 30 urte Nazio Batuen Erakundearen ekimenez Emakumeen Laugarren Mundu Konferentzia egin zela eta Beijingeko Adierazpena plazaratu zela. 189 gobernuk sinatu zuten, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko Ekintza Plataformarekin batera. Mugarria izan zen emakumeen eskubideen borrokan, garai hartako balorazioek erakusten dutenez. Orduko hitzak dira lehenengo aldia zela emakumeen parte hartze politikorako eskubidea mundu mailako agenda politiko eta instituzional globalean jasotzen zela, konpromisoak bereganatuz eta plan integral bat eginez berdintasunaren bidean lor zitekeen guztia erakusten zuela Ekintza Planak, edota berdintasuna lortzeko oztopo eta eragozpenak izendatzen eta seinalatzen zirela behingoz. Mainstreaming kontzeptua sortu zen, gurean zeharlerrokotasuna bezala ezagutzen duguna. Eta ondoren etorri ziren berdintasun legeak, estrategiak, planak, neurriak. Hala izanik ere, irailean guztiz oharkabean pasatu zen urtemuga, ez du inork gogora ekarri eta are gutxiago aldarrikatu. Ez instituzioetan, ezta mugimendu feministan ere. Eta zer pentsatua eman dit, halako datak aitzakia edo helduleku onak izaten direlako eztabaidatik kanpo dauden gaiak agendara berriro ekartzeko.
Agian hala behar du, ez dagoelako ezer aldarrikatzeko Adierazpenarekin irekitako bideak eman dituenak ikusita (zaila da egiten diren berdintasun plan gehienak baino iruzur handiagorik aurkitzea). Edo horrela egin da, ez delako momentua emakumeen parte hartzearen auzia berriro agendara ekartzeko bestelako borrokei lekua kenduz. Eta beste aukera bat da beharrik ez egotea, emakumeok normaltasunez parte hartzen dugulako espazio politikoan. Ez nau horietako arrazoi bakar batek ere asetzen, ordea. Urrutira joan gabe, irailaren 18an egin zen Eusko Legebiltzarrean kurtso politikoari hasiera formala ematen dion osoko bilkura berezia. Bilkura horretan ez da ezer erabakitzen, baina garrantzi berezia du kurtso berrirako asmoak aurkezten dituelako lehendakariak hasieran, eta talde parlamentarioek ondoren. Bilkura berezietan ohikoa denez, bozeramaileak dira hitza hartzen dutenak, agenda politikoaren ardatzak izango direnak finkatzeko. Horrela egin zenez, emakume bakarrak hitz egin zuen bilkuran, bozeramaile bakarra delako emakumea: Voxekoa. Entzun genuen beste emakumea legebiltzarreko mahaiburua izan zen, hitza ematen eta kentzen zuelako. Egia da ez dela zuzena, ezta bidezkoa ere, legebiltzarrean emakumeek duten parte hartzea bilkura bakar baten arabera neurtzea eta baloratzea, baina ezin adierazgarriagoa da emakumeen ahotsik ez entzutea liderrek hitz egiten dutenean.
Berdintasunak egiturazko aldaketak (eta gehiago) eskatzen ditu, eta borroka horiek martxan daude. Baina irabaziko baditugu, gauzak urratsez urrats aldatzen ditugulako irabaziko ditugu, eta horretarako behar-beharrezkoa da eremu guztietan eta bidezko baldintzetan aritzea, espazio politiko eta instituzionalean ‘berdintasunean’ parte hartzea
Berri eta sorpresa gutxi, hala da. Badakit presentziaren eta parte hartzearen arteko aldearen eztabaida Beijingeko akordioa bezain zaharra dela feminismoan. Aspaldi ikasi genuela berdintasuna eta parekidetasuna ez direla gauza bera, jarraitzen dugula baldintza okerragoetan parte hartzen sexuaren araberako lanaren banaketak denbora, indarra eta baliabideak lapurtzen dizkigulako. Eta ezagutzen dut zein nekeza eta gatazkatsua den okupatua dagoen espazio politikoan sartzea eta beteak dauden ardura politikoetara iristea. Iritsi bezain laster botere harremanek hor jarraitzen dutela ikustea, eta denborarekin konturatzea, erabakiak hartzeko ahalmena txikiagoa izateaz gain, erabakien parte izatearen kostua bikoitza dela. Gainera zer, eta emakumeon errealitatea iraultzeko benetako aukerarik eskaintzen ez diguten egituretan aritzeko. Parlamentuan ikusitakoak ez nau ezustean harrapatu, eta ez naiz harritzen mugimendu feministak Beijingen orain 30 urte egin zen adierazpena eta ireki zen bidea ez aldarrikatzea. Hiru hamarkadatan gauzak asko aldatu direla bistakoa izan arren, bere horretan jarraitzen duten egiturak eta gauzak errotik aldatzeko lehen bezain antzuak ageri dira instituzioak. Eta egia esango badut, ez zait askorik ardura adierazpenaren arrastorik ez aurkitzea medioetan, arduradun instituzionalen hitzetan edota gune feministetan. Berdintasunaren aldeko borrokaren arrastoa ez atzematea da egonezina sorrarazten didana.
Emakumeok gizonen aukera berak izateko zaintza lanak berrantolatu behar dira, baliabide materialak bermatu behar dira eta gure gorputzen zein bizitzen jabe izan behar dugu. Askeak izan behar dugu nahi ditugun hautuak egiteko, ezarritako bidetik ateratzeko, disidenteak izateko, erabakiak hartzeko eta baita horiek aldatzeko ere. Berdintasunak egiturazko aldaketa horiek (eta gehiago) eskatzen ditu, eta borroka horiek martxan daude. Baina irabaziko baditugu, gauzak urratsez urrats aldatzen ditugulako irabaziko ditugu, eta, nire ustez, horretarako behar-beharrezkoa da eremu guztietan eta bidezko baldintzetan aritzea, espazio politiko eta instituzionalean berdintasunean parte hartzea. Eta ez dago horrelakorik 30 urte igaro eta gero. Baina, hala izanda ere, ez zait iruditzen irailaren 18ko osoko bilkura porrotaren argazkia denik, agortua dagoen bide batena baizik. Beijingek eman du eman zitekeena, feminista askok bide hori arakatzeko eta baliatzeko hartutako erabakiari esker, gainera. Eta horrek ez du mugimendu feminista ez instituzionalizatu ezta indargabetu ere Euskal Herrian. Feminismoan egindako hautuei esker hori ere. Horretan zalantzarik ez. Nire zalantza da bizi-bizia dagoen agenda feministan parekidetasunean oinarritutako berdintasunaren aldeko borroka biziberritzeak lekua duen edo ez. Beharrezkoa den eta merezi duen edo ez. Ez dut Beijing gogora ekartzearen falta sumatu, horrela da. Baina onartuko dut emakumeon parte hartze politikoari dagokionez, Euskal Herrian urrats berriak egiten ditugula eta mugarri berriak lortzen ditugula ospatu nahi dudala.