Aldaketa, gero eta beharrezkoagoa

Martin Garitano.
2011ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Duela hiru hilabete pasatxotik hona, Bilduko hautagaiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernuaren ardura hartu genuenetik, informazio ugari ikusi dugu gure kudeaketari buruz eta batzuen ustez «estrategikoak» diren proiektu batzuen etorkizunari buruz. Behin eta berriro proiektu horiekin bat ez gatozela adierazi dugu, ez kapritxoz, baizik eta ulertzen dugulako gipuzkoar guztion interesak defendatzeak erantzukizunez jokatzea eskatzen digula.

Hauteskunde kanpainan esan genuen, eta orain berriro esateko garaia iritsi da: ez dugu bultzatuko Gipuzkoaren ekonomia muga-mugan utzi duen eta etorkizunean gure Lurraldearen ongizatea baldintzatuko lukeen proiekturik; gure ustez, gainera, ez baitira beharrezkoak. Eta horrela esan behar da, argi eta garbi eta sendotasunez. Uste dugulako Gipuzkoaren etorkizuna hipotekatzeko moduko inbertsioa eskatzen duten politikak ez direla egokienak krisi honi irtenbide azkar bat emateko. Eta uste dugulako enplegu duin eta kalitatezkoa sortzeko laguntza eman behar zaiela Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei, autoenpleguari, ekintzailetasunari eta elkarlanari, baina ez beharrak aztertu gabe diseinatutako proiektuei; azpiegitura batzuk gehiegizko irabaziak ekartzen dizkiete gutxi batzuei, baina, aldi berean, kroniko bihurtzen dituzte oso kalitate eskaseko enplegua, sektorerik kaltetuenen esplotazioa, eta, ondorioz, dirukutxa publikoen zorpetze jasanezina.

Pasaiako kanpoko portuaren kasua horren adibide egokia da. Proiektu hori ez da beharrezkoa portuaren ikuspegitik, bideraezina da ekonomia ikuspuntutik, ez da errentagarria zentzuzko edozein ikuspuntutik, badiaren inguruko herritarren ongizatean eragin larria du eta errefusatua izan da ingurumenaren ikuspuntutik; ulertzeko modu bakarra dago, hau da, interes pribatuen defentsa —batez ere, energia sektorearena—, eta, noski, hori ez dator bat guztien ongizatearekin. Horrela ulertu dute eskualdeko udalek eta horrela baieztatu dute mota guztietako talde ekologistek, proiektua aztertu duten aditu independenteek eta baita Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioak ere.

Batzar Nagusietako oposiziotik proiektu horren beharra behin eta berriro adierazten jarraitzen dutenek ezagutzen dute lehen esandako guztia eta badia biziberritzea eta horren arabera barruko portua berrantolatzea bermatzeko kanpoko proiektua ez dela beharrezkoa berresten duten datu guztiak dituzte. Hala ere, liluraturik jarraitzen dute gutxi batzuen mesederako funts publikoen xahuketan oinarritutako kudeaketa ereduarekin. Hori ez da gure estiloa, eta ezta izango ere.

Gure eredua desberdina da, eta interes orokorraren defentsan oinarritzen da, herritarren erabakiak errespetatzen, funts publikoak gardentasunez eta austeritatez erabiltzen, eta, batez ere, egungo finantza egoera ikusita, inbertsioen xedea definitzeko orduan errealistak izaten. Sartzen den diruaren eta ordaindu daitekeenaren arabera gastatu behar da, gure ekonomia itoarazteko arriskuan jarri duen milioi askoko zorpetze baten tentazioan erori gabe. Ezin da arduragabekerietan sartu.

Aldunditik, Gipuzkoako ekonomiaren egoera zailaren berri eman genuen. Erantzukizun hutsagatik egin genuen, gipuzkoar guztiok jakitun izan gaitezen aurrekontua estutu behar izan dugula derrigorrez. Gaur egungo errealitateak ahalegin handia eskatzen digu sektorerik kaltetuenei gizarte prestazioak bermatzeko, gure zaharren ongizatea bermatzeko eta oso errealitate zail batetik abiatuta aberastasuna sortzeko. Erabateko porrota izan duen kudeatzeko eredu baten ondorioa da hau. Interes orokorrari bizkarra emanez, interes partidarioei lotutako kudeaketa izan da, gutxi batzuen aberastasuna lortzeko asmoarekin egindakoa.

Erantzukizun partekatuaren garaia da; krisiari lasaitasunez eta arrazoizkoak ez diren eraikuntzak alde batera utziz aurre egiteko garaia.

Azken finean, zentzugabeko proiektu gutxiago eta gizarte gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.