Euskal Herriko Bilgune Feminista eta bere inguruko eragileak erreakzioa eskuinetik zein ezkerretik datorrelako ideia zabaltzen ari dira azken hilabeteetan. Nahiz eta eskuin zein ezker mugimendu erreakzionarioak bereizten dituzten, guztiak oldarraldi erreakzionarioaren parte direla ulertzen dute. Mugimendu Sozialistari ere erreferentzia egin izan digute behin baino gehiagotan, batzuetan zeharka eta besteetan zuzenean. Zeharka, Euskal Herriko marxismo antifeminista mugimendu erreakzionarioa dela adierazi dutenean, besteak beste; zuzenean, hitzaldi publikoetan mugimendu erreakzionario gisa izendatu gaituztenean. Adibidez, orain dela pare bat aste Aner Peritzek eta Mijo Lizarzaburuk Euskal Herriko Unibertsitatean (Leioan) Ikamak antolatutako hitzaldian egin zuten bezala. Bertan herri mugimenduko antolakunde ezberdinen inguruko akusazioak egin zituzten, tartean Mugimendu Sozialistaren eta baita Jardunen aurkakoak ere. Erreakzioaren zakuan sartu gintuzten, Voxekin batera. Matxismoaren eta erreakzioaren aurkako borroka lehentasun politiko bezala daukagun heinean, ikuspegi horren kritika arrazoitu bat egin nahi dugu artikulu honetan.
Hasi baino lehen, aste hauetan Leioako irakasle transfoboaren aurkako gertaerei erreparatzea nahikoa litzateke goiko akusazioa baliorik gabe uzteko. Izan ere, azken asteetan Leioako irakasle batek jarrera pertsonal eta politiko diskriminatzaileak eduki ditu bai pertsona transen eta baita antolakunde politikoen aurka ere. Irakasle horrek behin eta berriro propaganda politikoari eraso egin eta ikasleak kikildu nahi izan ditu, batez ere pertsona transen aurkako jarrera erasokorra erakutsiz. Bada, Ikasle Abertzaleak-eko kideok egoera horri aurre egiteko asanbladak eta mobilizazioak indartzen egon gara, horrelako jarrerak borrokatzeko borondate argia dugulako. Badirudi Aner Peritzek eta Mijo Lizarzaburuk ez dituztela balioan jartzen horrelako ekimenak, eta nahiago dutela modu arduragabean gu erreakzioaren bandoan kokatzea.
Hori alde batera utzita, hitzaldian aipatutako ideiei erreparatuko diegu. Bertan adierazi zuten kontuz ibili behar garela antifaxismoa fronte zabal bat dela esaten dugunean. Zergatik? Hizlarien ustez faxismoa estuki lotuta dagoelako gizon zuri, burges eta heteroekin eta, ondorioz, edozer ezin daiteke sartu antifaxismoaren zakuan. Beraien ustez, antifaxismo bezala agertzen diren borroka edo mugimendu batzuk ez dira antifaxismoa, gizonkeria baizik. Gainera, azken urteetan Mugimendu Sozialista «matxiruloz» bete dela esaten dute eta, horrenbestez, Mugimendu Sozialista eragile erreakzionarioa dela. Hori gezurtatzeko nahikoa litzateke esatea gure mugimenduaren gehiengoa emakumeok osatzen dugula, baina horrek hizlarientzat badirudi ez daukala garrantzirik.
Guk ez dugu onartuko horrelako akusazio faltsurik. Zapalkuntzen aurkako borroka ardura handiz hartzen dugu eta horren adierazle da gure jardun politikoa. Milaka gazte komunista egunerokoan antolatzen gara matxismoari, arrazakeriari, faxismoari, LGTB kolektiboaren aurkako erasoei eta abarri aurre egiteko. Are gehiago, Mugimendu Sozialistatik, Euskal Herriko beste eragile batzuekin batera, erreakzioaren eta faxismoaren gorakadari aurre egiten ari gara, eta horregatik Espainiako indar politiko eta komunikabide ultraeskuindarren kriminalizazioa pairatzen ari gara. Beraz, ez dauka ez hanka ez buru gure inguruko intoxikazioekin jarraitzeak.
Gure ustez, seriotasun gutxi eta noraez ideologiko handia erakusten du transfeminismoak horrelako baieztapenekin. Ideia erreakzionarioen eta faxismoaren indartzeak ondorio larriak ekarriko ditu langile klasea osatzen dugun guztiontzat, eta seriotasunez hartu behar dugu klase izaera izango duen antifaxismo eraginkor baten eraketa. Faxismoaren helburua egungo estatuen erreforma autoritarioa bultzatzea baita, langile klasearen eta bere adierazpen politikoen aurka eginez.
Beste alde batetik, antifaxismoa gizonkeriara mugatzeak faxismoaren eta antifaxismoaren mugak lausotzea dakar. Are, milaka emakumek egin diogu aurre Falange espainolari, Voxi edota Vito Quilesi, eta diskurtso horrek emakumeon ekarpen politikoa ezabatzen du. Bestelako parametro ideologikoetan bada ere, EAJk faxismoa eta antifaxismoa bateratu ditu, bigarrenaren kalterako (ia hogei militante antifaxista atxilotu zituzten Gasteizen, eta Falange Espainoleko inor ere ez). Faxismoaren eta antifaxismoaren mugak lausotzen dituen diskurtsoen ordez, faxisten konplizeak seinalatzen dituztenak behar ditugu.
Bukatzeko, Euskal Herrian (ez bakarrik) bi antifaxismo modu zeharo ezberdin gorpuztu daitezkeela ikus dezakegu. Batetik, antifaxismo instituzionala: azken urteetan egon den biolentzia faxistaren gorakadari ez dizkiona ateak itxi, baina faxismoaren gorakada erabiltzen duena joko elektoralerako. Bestetik, biolentzia faxistaren gorakadari inolako laguntza instituzionalik gabe aurre egin diogun eragile ezberdinak, zeintzuk faxismoari aurre egiteagatik alderdi politikoen kriminalizazioa jasotzen ari garen. Espero zitekeen kriminalizazio hori Isabel DĂaz Ayuso bezalako pertsona faxista baten partetik, baina EH Bilduk ez du kriminalizazio kanpaina eteteko ezer egin; kontrara, GKS biolentziarantz egiten ari den «deriba intelektual eta politikoa» aipatu du (bere kontrolpetik kanpoko antifaxismoa kriminalizatuz, sozialdemokraziak historikoki egin izan duen moduan). Hala ere, hizlarientzat ezker abertzalea omen da Espainiako eskuin muturra geldituko duen erreferente nagusia, eta gakoa EH Bildu transfeministan sakontzea omen da.
Ez dira intoxikatzen ibiltzeko garaiak. Izugarrizko eginbeharra daukagu emakumeon zapalkuntzari aurre egiteko emakumeon erreferente iraultzailea eratzen, bai eta faxismoaren aurrean klase izaerako eta masazko antifaxismo eraginkorra eraikitzen. Baina horretarako eztabaida politiko arrazionala, ideologia iraultzailea eta klase ikuspegia behar ditugu.